BILBOKO UDALAK, BLAS DE OTERO POESIA LEHIAKETAKO IX. EDIZIOAN SARITUTAKO POESIA LANAK BILTZEN DITUZTEN BI LIBURUKI ARGITARATU DITU

Beatriz Chiviteren “Biennale” (Erein argitaletxea), euskarazko modalitateko Blas de Otero 2016 Saria, eta René Fuentesen “Guitarra del mesón” (Devenir argitaletxea) gaztelaniazko modalitateko saritua dira.

Bilboko Udalak, Erein eta Devenir argitaletxeekin batera, Blas de Otero Bilboko Hiria Poesia Lehiaketaren 2016ko edizioan sarituak izan ziren poesia lanak argitaratu ditu. Beatriz Chivite idazle nafarraren “Biennale” (Erein argitaletxea) eta René Fuentes egile kubatarraren “Guitarra del mesón” (Devenir argitaletxea) dira. Bi liburukiak salgai daude dagoeneko liburu dendetan, eta maileguan har daitezke Bilboko Udal Liburutegi Sarean.

Euskarazko saria lortu zuen Beatriz Chiviteren (Iruñea, 1991), “Biennale” poesia liburuari dagokionez, epaimahaiak ekialdeko poesiaren kutsua duela azpimarratu zuen. Joera bisualean oinarrituta haikuaren filosofiak bideratu zuela bakartasunaren inguruan moldaturiko testua. Poema xumeak eta flash modukoak dira egilearen eskuak erabiltzen dituenak, eguneroko bizitza arrunta Veneziako arte, kultura eta lanarekin lotuz.

Izan ere, Beatriz Chivitek, batxilergoa Mundu Batuko Ikastetxeetan, Italian, ikasteko beka lortu zuen 16 urte zituela. Amaitzean, boluntario aritu zen Nepaleko egoitza batean, eta Ekialdeko Artea eta Filologia Txinatarra ikasi zituen Londonen. 2011n Beijingera joan zen eta urtebetez ikasi zuen bertan. Esperientzia horrek inspiratu zuen bere lehenengo poesia liburua, 2012an Iruñeko Udalak antolatutako Literatur Saria irabaztera eraman zuen “Pekineko Kea”. 2014an Ernestina Champourcín XXV. Poesia Lehiaketa irabazi zuen, euskaraz idatzitako “Metro” poesia liburuarekin, eta lan berari esker Lauaxeta Saria ere jaso zuen. Txinako Literatura eta Zine Masterra amaitu berri du Hong Kongeko Unibertsitatean.

Gaztelaniazko sari nagusia lortu zuen eta Uruguain bizi den René Fuentes egile kubatarraren “Guitarra del mesón” poesia liburuari dagokionez, epaimahaiak azpimarratu zuenez, poetak Latinoamerikako hainbat herrialdetatik egiten duen bizi-ibilbidea deskribatzen du; autobiografia politikoa eta poetikoa osatzen duten zenbait paisaia eta ahots, hizkuntz jakituria handiz eta erritmo sen nabarmenez idatzitakoa.

René Fuentes (Bayamo, Kuba, 1969) poeta, eleberrigile eta dramaturgoa. Bere jaioterrian hainbat aintzatespen jaso zituen, besteak beste bi Abril sari, “Los gallinazos” (poesia) eta “La bufanda” (antzerkia) lanei esker. 1996tik bere bizilekua den Uruguain ere beste hainbat aintzatespen jaso ditu, eta eleberriak eta poesia argitaratu ditu. 2013an Onetti Poesia Saria irabazi zuen Uruguain, “Caballo que ladra” lanari esker. Lan horrekin berarekin Urteko Literatur Saria irabazi berri du, Hezkuntza eta Kultura Ministerioak ematen duen Uruguaiko Letren sari nagusia. 2014an Aipamen bat jaso zuen MERCOSURreko idazleentzat bultzatutako Nazioarteko Marosa di Giorgio Poesia Lehiaketan, “El húmedo suelo del olvido” lanarengatik, eta Aipamena jaso zuen Nazioarteko Jovellanos Poesia Lehiaketaren I. edizioan.

Blas de Otero Poesia Lehiaketa urtero deitzen da Bilboko Udaleko Kultura Sailetik, eta bere helburua literatura jarduera eta talentu berrien agerpena sustatzea da, Bilboko poetaren memoria eta lana bizirik iraunarazteaz gain.