BILBOKO UDALAK “BLAS DE OTERO – BILBOKO HIRIA” NAZIOARTEKO POESIA SARIAREN ZORTZIGARREN EDIZIOA DEITU DU

Literatur sariketak 5.500 euroko bi sari banatuko ditu, epaimahaiaren iritziz hoberenak diren bi poema-bildumen artean, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan.

Jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar diren eta beste ezein sariketan saririk jaso ez duten lanak jasotzeko epea irekita egongo da datorren EKAINAREN 1era arte, eta epaimahaiaren erabakia urrian jakinaraziko da.

OINARRIAK OSORIK: www.bilbao.net/blasdeoterolehiaketa

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Blas de Otero Fundazioak, “Blas de Otero-Bilboko Hiria” Nazioarteko Poesia Sariaren zortzigarren edizioa deitu dute, edozein nazionalitate duten eta edozein lekutan bizi diren egile guztiei zuzendua. Lehiaketak 5.500 euroko bi sari banatuko dizkie, irabazle diren bi lanei, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan.

Lehiaketan aurkezten diren lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dira, eta beste ezein sariketan saririk edo akzesitik jaso gabeak. Halaber, ez dira jatorrizko lan gisa onartuko, aurkezten den modalitateko hizkuntzara beste hizkuntza batetik itzulitako lanak. Lanek 700 bertso izango dituzte gutxienez, eta 1.000 gehienez, eta gaia, errima eta neurria libreak izango dira.

Lehiaketaren oinarrietan ezartzen da lanak paperez aurkeztu, edo Bilboko Udaleko web gunearen bitartez bidali ahal izango direla, ekainaren 1a baino lehen. Paperez aurkeztuz gero, lanaren lau kopia bidali beharko dira Abando-Barrainkuako Udaltegira, Blas de Otero Fundazioaren izenean. Udaleko web gunearen bitartez aurkezten diren lanei dagokienez, egileak bere datuekin bete beharko du formularioa, eta poema-bilduma PDF formatuan bidali beharko du. Epaimahaiaren erabakia urrian jakinaraziko da.

Blas de Otero-Bilboko Hiria Saria, 2008an sortu zuen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Bilboko poetaren legatua kudeatzen duen Blas de Otero Fundazioarekin elkarlanean. Lehiaketaren helburua literatur sorkuntza sustatzea eta Bizkaiko hiriburuko hiritarren artean, hiriak eman duen idazle handienetako baten irudia ezagutaraztea da.