BILBOKO UDALAK “BLAS DE OTERO – BILBOKO HIRIA” NAZIOARTEKO POESIA SARIAREN HAMARGARREN EDIZIOA DEITU DU

Literatur lehiaketak, 5.500 euroko bi sari emango ditu, epaimahaiaren iritziz hoberenak diren bi poema lanetarako, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan.

Jatorrizkoak eta argitaratu gabeak eta beste lehiaketa batzuetan saritu bakoak izan beharko diren lanak jasotzeko epea maiatzaren 30era arte egongo da zabalik.

Bilboko Udalak eta Blas de Otero Fundazioak “Blas de Otero-Bilboko Hiria” Nazioarteko Poesia Sariaren hamargarren edizioa deitu dute. Edozein nazionalitate duten eta edozein lekutan bizi diren egileei zabalik dagoen lehiaketa da. Lehiaketak 5.500 euroko bi sari emango ditu, irabazle izango diren bi poema lanetarako, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan.

Lehiaketara aurkezten diren lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dira, eta ez dira onartuko beste lehiaketaren batean sariak lortu dituztenak edo accesiten bat jaso dutenak. Horrez gain, ez dira jatorrizko gisa onartuko aurkezten den modalitatekoa ez den beste hizkuntza batetik itzulitako lanak.

Lanek gutxienez 700 bertso-lerro eta gehienez 1.000 eduki ahal izango dituzte, eta gaia, errima eta neurria libreak izango dira. Lehiaketaren oinarriek ezartzen dutenez, lanak formatu digitalean baino ezin izango dira bidali, Bilboko Udalaren webgunearen bitartez (www.bilbao.eus/premioblasdeotero) maiatzaren 30a baino lehen.

Blas de Otero-Bilboko Hiria saria 2008an jarri zuen martxan Bilboko Udaleko Kultura Sailak, literatura sorkuntza sustatzea eta hiriak emandako egile garrantzitsuenetako baten irudia Bizkaiko hiriburuko biztanleei hurbiltzeko helburuarekin.

Aurreko edizioan, gaztelaniazko modalitateko irabazlea René Fuentes idazle kubatarra izan zen, “Guitarra del mesón” poema liburuarekin, eta Beatriz Chivite idazle nafar gazteak lortu zuen euskarazko sari nagusia, “Biennale” lanari esker. 469 poema liburu aurkeztu ziren –horietatik 8 euskaraz–, asko Europatik eta Latino Amerikatik bidalitakoak. Horrek argi eta garbi erakusten du erabat finkatuta dagoen sariketaren nazioarteko izaera.