BILBOKO UDALAK UNAMUNOREN EGUNA OSPATUKO DU OSTEGUN HONETAN, EGILEAK FUERTEVENTURA UHARTEAN BIZI IZAN ZUEN ERBESTEARI BURUZKO “LA ISLA DEL VIENTO” FILMAREN EMANALDI BEREZIAREKIN

Manuel Menchón Malagako egilearen lehenengo film luzea datorren azaroaren 18an estreinatuko da Estatu osoko zine aretoetan, baina OSTEGUN honetan Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan ikusi ahal izango da, 19:00etatik aurrera.

Horrez gain, Unamuno plazak, Bilboko Udalak egilea omentzeko urtero egiten dituen lore eskaintza eta adierazpen instituzionala jasoko ditu ostiralean, eguerdiko 12:00etan.

Datorren ostegunean 152 urte beteko dira Miguel de Unamuno Bilbon jaio zenetik, 1864ko irailaren 29an. Bilboko Udalak egilearen egun instituzionala ospatuko du “La isla del viento” (2015) filmaren emanaldi bereziarekin. Manuel Menchón Malagako zinegilearen lehenengo lan horrek, egileak Fuerteventura uhartean bizi izan zuen erbestea kontatzen du. Datorren azaroaren 18an estreinatuko da Estatu osoko zine aretoetan.

Hurrengo egunean, OSTIRALEAN, eguerdiko 12:00etan, Unamuno Plazak, Bilboko Udalak egilea omentzeko urtero ospatzen dituen ohiko lore eskaintza eta adierazpen instituzionala jasoko ditu.

“La isla del viento” lana, Miguel de Unamunoren erretratua da, uharte horretan bizi izan zuen erbestealdikoa. 105 minututan, Bilboko idazlearengan eraldaketa sakona eragin zuen esperientziaren xehetasunak aztertzen ditu. José Luis Gómezek antzezten du Unamuno, eta gainerako antzezleen artean Victor Clavijo eta Ruth Armas daude.

Emanaldi berezi hori OSTEGUNEAN, arratsaldeko 19:00etan izango da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte. Ezinbestekoa izango da liburutegian bertan gonbidapena jasotzea. Ekitaldian filmaren zuzendaria egongo da, filma aurkeztuz eta ondorengo solasaldian parte hartuz.

Paper-txori bat izango da “La isla del viento” lanaren, Manuel Menchón (Malaga, 1977) zinegilearen fikziozko lehenengo film luzearen, hari gidaria. Miguel de Unamunoren izena institutuko oroitzapenetara lotuta dago, garai hartan egile bilbotarraren eleberrietako batzuk irakurtzea agintzen zutelako.

Denbora igarota, Manuel Menchónek Unamunoren bizitzako oso gertakari garrantzitsua ezagutu zuen: 1936ko urriaren 12an Salamancako Unibertsitateko Paraninfoan ospatutako ekitaldia. Pentsalaria gamelu baten gainean eserita zegoen argazki bat ere aurkitu zuen, eta beste batean egilea irribarrez agertzen zen, eskuak soka batekin, Rodrigo Soriano diputatuari, erbestean bere kide izandakoari, lotuta.

Primo de Rivera diktadoreak erbestera bidali ondoren, Unamunok lau hilabete igaro zituen Fuerteventuran –1924ko martxoaren 10etik uztailaren 9ra–. Uhartean izandako bizipenak eta hamabi urte geroago gertatutakoa elkartzen dira filmean, Calaren pertsonaiaren bitartez. Cala, Puerto Cabraseko neskato behartsu eta azkarra, Salamancan hezkuntza jasoko duen neska gaztea izango da.

FITXA TEKNIKOA

Jatorrizko izenburua: “La isla del viento” (Espainia / Argentina, FIC, 2015)
Iraupena: 105 min.
Zuzendaria: Manuel Menchón
Gidoia: Manuel Menchón, Dionisio Pérez, José Javier Rodríguez Melcón
Argazkia: Alberto D. Centeno
Antzezle taldea: José Luis Gómez, Victor Clavijo, Ruth Armas
Ekoizlea: 6M Films, MGC Producciones Cinematográficas y Audiovisuales, Mediagrama eta Motoneta Cine
Banatzailea: Begin Again Films