BILBOKO UDALAK BLAS DE OTEROREN EGUNA OSPATUKO DU ASTEAZKENEAN, POETA BILBOTARRAREN LANEAN OINARRITUTAKO BERE AZKEN LANA AURKEZTUKO DUEN LUCÍA SÓCAM KANTAUTOREAREN KONTZERTUAREKIN

Kontzertua arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango du, aretoko leku guztiak bete arte. Streaming-ez eskainiko da, www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Bilboko Udalak Blas de Otero poeta bilbotarraren jaiotzaren 101. urteurrena ospatuko du ostiralean, martxoaren 15ean, egilearen lanean oinarritutako “Otero” diskoa aurkeztuko duen Lucía Sócam Sevillako kantautorearen kontzertuarekin. Ordubete inguruko iraupena izango duen errezitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango du, aretoko leku guztiak bete arte.

Blas de Otero (1916-1979) 50eko hamarkadako gizarte poesiak izan zuen ahotsik azpimarragarrienetakoa eta gaztelaniaz idatzitako literatura garaikidearen egilerik garrantzitsuenetakoa da. 2016an, kulturarekin erlazionatutako hainbat jarduerarekin eta poetaren bizitzan eta lanean adituak diren pertsona asko, Pere Gimferrer, Antonio Colinas edo Antonio Martínez Sarrión, besteak beste Bilbon elkartuz, poetaren jaiotzaren mendeurrena ospatu ondoren, aurten Blas de Oteroren Egunaren ospakizunak soslai intimistagoa izango du, Lucía Sócam kantautore gaztearen ahotsean.

Blas de Oteroren lan osoak aztertzen hilabeteak eman eta gero, Lucía Sócamek, bere iritziz gaur egungo egoerarekin lotura ezartzeko garrantzitsuenak edo ederrenak diren poemen aukeraketa eskaintzen du lan berri horretan. Artistak musikatu dituen poemen artean, konpromiso gehien erakusten duten poetaren bertsoetako batzuk daude, “A la inmensa mayoría” edo “Digo vivir”, besteak beste. Horrez gain, ikus-entzuleek, Blas de Oterok duela denbora gutxi hil den Marcos Anari eskaini zion poema edo “Canción para arrullar a la niña Julia Goytisolo” entzun ahal izango dituzte, beste askoren artean.

Lucía Sócam kantautoreak 27ko belaunaldiko poetei omenaldia eskaintzera bideratu du bere musika ibilbidearen parte handia, eta azken urteetan 27ko emakume idazleen obra ezagutarazten ahalegindu da. 2012an Rafael Albertiri eskainitako berrogeita hamar omenaldi ingurutan hartu zuen parte, zenbait poetarekin eta kultur elkarterekin batera.

2013an, Kubatik egindako biraren ondoren, Aitana Alberti León, Rafaelen eta María Teresaren alaba, ezagutu zuen, eta adiskidetasun horretatik, Espainiako hamabi hiritara heldu zen María Teresa León omentzeko bira sortu zen. Orduan konposatu zuen Lucía Sócamek María Teresa Leónen omenezko “Regreso silencioso” abestia, eta musika jarri zion Aitanaren “Anna Frank” poemari.

EGUN INSTITUZIONALA
Bilboko Udalak eta poetaren legatua kudeatzen duen Blas de Otero Fundazioak elkarlan estua daramate aurrera, egilearen lana zaintzeko eta ezagutarazteko. Horrela, martxoaren 15 bakoitzean poetaren jaiotza ospatzen duen egun instituzionalaz gain, 2008an Blas de Otero – Bilboko Hiria Poesia Saria jarri zen martxan. Sari horren helburua literatur sorkuntza sustatzea eta Bizkaiko hiriburuko biztanleei, hiriak emandako egile garrantzitsuenetako baten irudia hurbiltzea da.