BILBOKO UDALAK ASTEARTEAN OSPATUKO DU ANTZERKIAREN MUNDU EGUNA BILBOROCKEN, LA 9ª CÍA TALDEAREN “ELLA NO ES LYZ TAYLOR” ANTZEZLANAREN AZKEN BERTSIOAREN ESTREINALDIAREKIN ETA ADIERAZPENAREN IRAKURKETAREKIN SEKTOREKO ERAGILEEN ESKUTIK

“Ella no es Lyz Taylor” pieza labur gisa diseinatu zen, eta orain formatu luzeagoan estreinatuko da, Antzerkiaren Mundu Egunaren ospakizunarekin bat etorriz. Ekitaldia arratsaldeko 20:00etan hasiko da Bilborocken, eta artistak eta eszena sektoreko ordezkariak elkartuko dira bertan.

Sarrera librea izango da, emanaldiaren egun berean Bilborockeko txarteldegian jaso beharko den gonbidapenarekin.

 

Bilboko Udalak asteartean, martxoaren 27an, ospatuko du Antzerkiaren Mundu Eguna Bilborocken, adierazpenaren irakurketarekin eta La 9ª Cía taldearen “Ella no es Lyz Taylor” antzezlanaren azken bertsioaren erabateko estreinaldiarekin. Bilboko Zirkuitua programaren lehen hiruhilekoko programazioari amaiera ematen dion emanaldia 20:00etan hasiko da, eta sartzeko, emanaldiaren egun berean jaso beharko den gonbidapena beharko da.

Horrela, mundu osoko antzokietan egiten den bezala, ikuskizuna hasi aurretik, Europarako eta Erresuma Baturako aurten Simon McBurney antzezle, idazle eta eszena zuzendari ingelesak sinatzen duen nazioarteko adierazpena irakurriko da. Ondoren, ikus-entzuleek “Ella no es Lyz Taylor” antzezlanaren estreinaldia ikusi ahal izango dute. Antzezlana pieza labur gisa diseinatu zen, eta orain formatu luzeagoan estreinatuko da, Ana Blanco eta Eguzki Zubia protagonista direla, Txema Trujilloren zuzendaritzapean.

Antzezlanak Estatu Batuetara eramango ditu ikus-entzuleak, 1965. urtera, luxuzko egoitza batean egingo den Vip festa batera. Ezagun eta Hollywoodeko izar asko gonbidatuen artean. Andy Warholek margotutako Elisabeth Taylorren artelan bat dago, egileak artistari oparituko diona. Erretratuan agertzen den artista beste gela batean dago zain oparitutakoa. Bere dibertsioa amaitzen denean etorriko da jasotzera. Baina lana eraman aurretik, bertaratutako batek lasai, berak bakarrik, diskrezioz, ikusi, behatu, nahi du. Marcel Duchamp da, festara joan den arte garaikideko mitoa.

Bilboko Udalak bat egiten du, horrela, sektoreko eragile nagusiekin batera, 1961ean Antzerkiaren Nazioarteko Institutuak (ANI-IIT) sortu zuen Antzerkiaren Mundu Egunaren ospakizunarekin. Martxoaren 27an egiten da urtero, eta arte eszenikoekin erlazionatutako hainbat ekitaldi antolatzen dira. Elementu garrantzitsuenetakoa mezu ofizialaren irakurketa izaten da. Gehienetan, mezu hori, ANI-IITk gonbidatutako pertsona garrantzitsuren batek idatzitakoa izan ohi da. Adierazpena 20 hizkuntza baino gehiagotara itzultzen da, eta milaka eta milaka ikus-entzuleren aurrean irakurtzen da, mundu osoko antzokietan eskaintzen diren antzezlanen aurretik.