BILBOKO UDALAK, FAMILIAN MAGIA IKASTEKO IKASTARORAKO IZEN EMATEA ZABALDU DU, “SOLOKOETXE MAGIKOA” PROGRAMAREN BIGARREN EDIZIOAREN BARRUAN

“Solokoetxe Magikoa” ekimena azaroaren 9, 16 eta 23an izango da. Azaroaren 30ean amaituko da, Solokoetxeko Institutuan eskainiko den eta Asier Kidam-en partaidetza izango duen magia ikuskizun handiarekin, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte.

 

Bilboko Udaleko Kultura Sailak, Solokoetxeko Nagusiak Elkartearekin batera, familian magia hasteko ikastaroa antolatu du, 8 eta 14 urte arteko umeei eta eurekin joan nahi duten helduei zuzenduta. Bigarren urtez jarraian deituko da jarduera hori “Solokoetxe Magikoa” programaren barruan. Prestakuntza ikastaroa Asier Kidam mago gasteiztar gazteak gidatuko du. Sarrerako azterketa gainditu ondoren, Sociedad Española de Ilusionismo izenekoan sartu zen 17 urterekin, eta mago profesionala da 19 urte zituenetik.
Asier Kidam, etengabe truku berriak sortzen eta klasikoen bertsioak egiten edo istorioak idazten ari den magiaren profesionala da, bere magia umore ukituarekin janzteko. Magia eta dotoretasuna uztartzen ditu, ironia fin eta samurtasun nahasketa den bere ukitu pertsonalarekin.
Jarduera bata bestearen osteko hiru ostiraletan izango da, azaroaren 9, 16 eta 23an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Solokoetxeko Institutuko liburutegian. Aurretik izena eman eta matrikula gisa 2 euro ordaindu beharko dira. Izena emateko epea zabalik dago jadanik, eta Solokoetxeko Kultur Elkartearen instalazioetan egin daiteke, bertara joanda (astelehenetik ostegunera, 17:00etatik 20:30era), edo herritarren arretarako telefono zenbakiaren bitartez: 010 / 944010010, azaroaren 7a baino lehen.

Tailerrean magia jokoak egiteko sekretuak azalduko dira. Horrela, lehenengo jokoa egingo da, gero azaldu, bikoteka edo banaka entseguak egin eta, amaitzeko, gura dutenek, gainerakoen aurrean aurkeztu ahal izango dute, euren berbaldia, bromak edo xehetasunak gehituz. Ikastaroan magia baliabide errazak erabiliko dira, goma elastikoak, klipak, papera eta kartak, besteak beste.

Programa azaroaren 30ean itxiko da, Solokoetxeko Institutuan egingo den magia ikuskizun handiarekin, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte, eta Asier Kidam izango da galaren protagonista nagusia. “Aroa eta Mirariak – Aro y Milagros” familia osoari eskainitako ikuskizun elebiduna da, Asier Kidamek bere azken sorkuntza lanak erakutsiko dituen benetako esperientzia magikoa. Umoreari eta ondo zaindutako soinu bandari esker, ikus-entzuleek mirari txikiez gozatu ahal izango dute. Mota guztietako gaitasunak dituen uztaia, ardi jostalariak… eta baita magia egiten duen pelutxea ere.

AGENDA
Familia osoari zuzendutako magia hastapeneko ikastaroa
(Adina: 8 urtetik 14ra eta eurekin doazen helduak)
Egunak: Azaroak 9, 16 eta 23.
Ordua: 18:00etan
Lekua: Solokoetxeko Institutuko liburutegia
Ikastaroan izena emateko: 2 euro
Ikastaroan izena emateko azken eguna: azaroak 7

ASIER KIDAM: “AROA ETA MIRARIAK – ARO Y MILAGROS”
MAGIA IKUSKIZUNA /
Eguna: Azaroak 30
Ordua: 18:00etan
Lekua: Solokoetxeko Institutua
Sarrera librea