BILBOKO UDALAK ARTISTEN ONDOAN ARITZEKO PROGRAMA INTENTSIBOAN HARTUKO DU PARTE, BAD – BILBOKO ANTZERKI ETA DANTZA GARAIKIDEAREN JAIALDIAREN BITARTEZ

Izena emateko epea uztailaren 5era arte egongo da zabalik. Oinarri osoak helbide honetan kontsulta daitezke: http://www.azala.es/es/lantegiak-lab-seminarios/pagina_1/2018/04/25/p.i.c.a..html

 

Bilboko Udalak, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren -BADen, bitartez, zuzeneko arteetan lan egiten duten eta ikasketa komunitate baten parte izateko interesa duten sortzaileen ondoan aritzeko programa intentsibo batean hartuko du parte. Ikasketa komunitate horretan prestakuntza fasea, sorkuntzako egoitza fasea eta, amaitzeko, jende aurreko erakusketa fasea jasoko dira.

Deialdia uztailaren 5era arte egongo da zabalik, eta hainbat alorrekin erlazionatutako sorkuntza artistiko prozesua aurrera eramateko interesa duten artistei, sortzaileei eta ikerlariei egongo da zuzenduta batez ere. Alor horiek idazketa koreografikoa, eszena, performancea, akzioa, konposizioa, irudia, soinua, ikus-kultura eta beste lengoaia artistiko batzuk izan daitezke.

P.I.C.A – Sorkuntza Artistiko prozesuetarako Irudimen Kolektibo Programa, ikerketarekin lotuago dauden artista taldeen eta pertsonen ondoan aritzeko programa intentsiboa da. Jardunbide artistikoan oinarrituta dagoen ikasketa programaren helburua ikasketa komunitatea sustatzea da. Horrez gain, ezagutza trukatzeko eta konpartitzeko esperimentazio gunea ere bada.

AZALAk eta Moare Danzak, BAD (Bilbo) eta DNA (Iruñea) jaialdiekin lankidetzan koordinatutako proiektua hiru fasetan egituratzen da: ikasketa, hilero AZALAn egingo diren topaketekin; egoitza artistiko epealdia, BAD eta DNA jaialdietan parte hartuz; eta, amaitzeko, lanaren argitalpena.

P.I.C.A taldea Idoia Zabaleta koreografoak, Luciana Chieregati koreografo eta performerrak, Ixiar Rozas idazle, dramaturgo eta ikerlariak, Maia Villot eta Ghislaine Verano koreografo eta kultur bitartekariek osatutako p.i.g kolektiboak eta Isabel de Naverán egungo dantza prozesuen eta koreografia garaikidearen aztertzaileak osatzen dute. Deialdian parte hartzen duten pertsonek bidaia eta ostatu gastuetarako laguntza ekonomikoa, prestakuntza eta ondoan aritze artistikoa jasoko dituzte, eta estatu mailan erreferentziazkoak diren bi jaialditan aritzeko aukera izango dute, BADen eta DNAn, hain zuzen ere.

Programak Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren lankidetza ere badu. Plazak mugatuak dira, eta aukeraketa egingo da, parte hartzeko interesa duen pertsona kopuruaren eta aurrera eraman beharreko proiektuen arabera. Izen ematea [email protected] helbide elektronikoaren bitartez egin daiteke, eta P.I.C.A.-ri buruzko informazioa eta oinarri guztiak hemen aurki daitezke: http://www.azala.es/es/lantegiak-lab-seminarios/pagina_1/2018/04/25/p.i.c.a..html