UDALAK “DANTZA PLAZETAN” PROGRAMAREN BESTE EDIZIO BAT IREKIKO DU LARUNBAT HONETAN, BILBOKO HAINBAT BARRUTITAN ESKAINIKO DIREN BERROGEITA HAMAR ERROMERIA, DANTZA ERAKUSTALDI ETA KALEJIRA INGURUREKIN

Larunbatean, arratsaldeko 20:00etan, dagoeneko tradizionala den erromeria egingo da Alde Zaharreko Santiago Plazan.

 

Bilboko Udalak, hiriko plazatan eskainiko diren erromeria tradizionalen, dantza erakustaldien eta kalejiren bitartez euskal folklore herrikoia bultzatzeko xedea duen ‘Dantza Plazetan’ programaren hamazazpigarren denboraldia jarriko du martxan asteburu honetan, dantzariek, ikus-entzuleak jaiarekin bat egitera gonbidatzen dituzten dantza tradizionalen alderdi parte-hartzailea berreskuratuz.

Urte osoan zehar Deustuko, Ibaiondoko, Begoñako eta Basurtu-Zorrotzako barrutietan banatuko diren 49 ekitaldiak antolatzeko, Bilboko Udaleko Kultura Sailak hiriko zortzi dantza talderen laguntza izango du, –Salbatzaile Dantza Taldea, Bihotz Alai Folklore Dantza Taldea, Gaztedi Dantzari Taldea, Ibai-Arte, Ondalan Erraldoien Konpartsa, Mikeldi, Goiko Alde eta Beti Jai Alai–, eta baita Deustuko Folklore Taldeak izenekoaren, 1. barrutiko taldeen koordinatzailearen, eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren lankidetza ere.

Egitaraua LARUNBAT honetan, urtarrilaren 26an, hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Salbatzaile Dantza Taldearen eskutik, hilero, azken zapatuan, Zazpi Kaleetako Santiagoko plazatxoan, ospatzen den erromeria tradizionalarekin. Otsailean dagoeneko, bi erromeria daude programatuta, 23an, Deustuko San Pedro plazan eta Santiagoko plazatxoan; horrez gain, Bihotz Alai Folklore Dantza Taldeak erakustaldia eskainiko du San Felizisimon, eta Ondalan taldeak kalejira bat egingo du, erraldoiekin Deustun, biak ere otsailaren 24an.

Aurten ere Larrain Dantzaz gozatu ahal izango da Areatzan, ekainaren 8an, larunbatean, egingo den bederatzigarren edizioarekin. Ohikoa denez, uztaileko larunbat arratsalde guztietan, dantza erakustaldiak itzuliko dira Arriaga Plazara, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik, gure hiria bisitatzen duten pertsonei gure folklorea ezagutzeko aukera eskaintzeko. Arriagako plaza erromeria herrikoiaren agertokia izango da beste urte batez, ekainaren 1ean, larunbatean, arratsaldeko 19:00etan, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik.

Horrez gain, Dantza Plazetan egitarauak umeentzako lekua gordez jarraituko du, txikien (eta helduen) taldeen kalejirarekin. Horrela, Santutxukoaz gain, martxoaren 23an eta ekainaren 16an, dagoeneko tradizionala den umeen dantza erakustaldia egingo da Basurtuko Geltokiko plazan.

Erromerien, erakustaldien eta kalejiren egutegi osoa barrutietako kultur jarduerei buruzko Bilboko Udaleko webgunean, www.kulturabarrutik.eus, edo herritarren informaziorako 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.

URTARRILA – OTSAILA AGENDA
URTARRILAK 26
20.00 Salbatzaile Dantza Taldea
Erromeria. Santiago plaza

OTSAILAK 23
20:00 Salbatzaile Dantza Taldea
Erromeria. Santiago plaza

20:30 Deustuko folklore taldea
Erromeria. San Pedro plaza (Deustu)

OTSAILAK 24
11:30 Ondalan
Erraldoien kalejira (Deustu)
12:00 Bihotz Alai
Dantza erakustaldia. San Felizisimo