ZINEBIK, MAX KESTNER ZINEGILE DANIARRAREN “AMATEURS IN ESPACE” FILMA, GIZATERIAK ESPAZIORA BIDAIATZEKO DUEN AMETS HANDIAREN INGURUKO ISTORIOA, ESKAINIKO DU OSTEGUN HONETAN, “HILEKO DOKUMENTALAREN” PROGRAMAZIOAREN BARRUAN

Saioa Multicine 7 aretoan izango da (Jose María Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan, eta danierazko jatorrizko bertsioan eskainiko da, gaztelaniazko azpi-tituluekin. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

‘HILEKO DOKUMENTALAK’, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIk bere programazioari urte osoan zehar jarraipena emateko antolatu duen estreinaldien zikloak, Max Kestnerrek zuzendutako “Amateurs in espace” (Danimarka, 2016. 89´) filma eskainiko du OSTEGUN honetan, APIRILAREN 27an, gizateriak duen amets handienetako bati buruzko istorioa: espaziora bidaiatzea. Emanaldia Multicine 7. aretoan izango da –sarrerak 3,70 euro balioko ditu–, eta danierazko jatorrizko bertsioan eskainiko da, gaztelaniazko azpi-tituluekin.

Kristian eta Peter adiskideak eta lehen mailako ingeniariak dira, eta amets bat dute: espaziora bidaiatzeko aukera emango dien espazio-ontzia eraikitzea euren kontura. Arrakasta badute, Danimarka, Lurraren atmosferatik haraindi pertsonak bidaltzen dituen laugarren herrialdea izango da. Aeronautika zale porrokatu talde batek lagunduta, protagonista biak erronka tekniko handien kontra borrokatu beharko dira eta euren familiako betebeharrak baztertu, ametsa errealitate bihurtzeko.

Martin Kestner (1969) zinegilea Danimarkako Zine Nazio Eskolan graduatu zen. Sarritan egin du lan Danimarkako telebista publikorako, eta sariak lortu ditu nazioartean “Max by Chance” (2004) eta “The World in Denmark” (2007) film labur dokumentalekin. “Amateurs in espace” lanak hainbat sari irabazi ditu Estoniako, Finlandiako eta Herbehereetako zenbait jaialditan.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIk, jarraipena ematen dio urte osoan bere programazioari ‘HILEKO DOKUMENTALA’ deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek, zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.

“Amateurs in espace” TRAILERRA: https://www.youtube.com/watch?v=aUkIsUgn_nk