“DE MAR A MAR – PIRINEOS DE CIRCO” MUGAZ GAINDIKO LANKIDETZA PROGRAMAK BI MILIOI EURO INGURU BIDERATU DITU HIRU URTETAN ARTISTEN PRESTAKUNTZA ETA ZIRKUKO IKUSKIZUNEN SORKUNTZA ETA HEDAPENA SUSTATZERA

Ekimen horren bazkide gisa, Bilboko Udalak prestakuntza arloko laguntza eta birak egiteko aukerak eskaini dizkie berako konpainiei, eta zirku garaikidearen programazioa indartu du Zirkualden – Errekaldeko Zirku Jaialdian eta Bilboko Kalealdian.

 

Hiru urte igaro dira jada “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” ekimena martxan jarri zenetik. Bilboko Udala hasieratik da zirkuko arteetarako mugaz gaindiko lankidetzarako ekimen horren kide. Urteurren horrekin bat etorrita, zirkuko artistei laguntzeko proiektu europarrak Kataluniako, Aragoiko, Euskadiko, Okzitania-Pirinio-Mediterranioko eta Akitania Berriko sektore publikoko eta pribatuko 14 bazkide bildu zituen, zirku garaikideko artista profesionalak prestatzeko eta ikuskizunak sortzeko eta zabaltzeko mugaz gaindiko lankidetzaren hilabete horien balantzea egiteko.

Bilboko Udaleko Kultura Saileko arduradunen partaidetza izan zuen bilera joan den astean egin zen, Frantziako Tolosan egiten den L’Européenne de Cirques Zirku Jaialdiaren 5. edizioaren barruan. Izan ere, ekimen horren bazkide den heinean, Bilboko Udalak prestakuntza arloko laguntza eta birak egiteko aukerak eskaini dizkie bertako konpainiei, eta zirku garaikidearen programazioa nabarmen indartu du Zirkualden – Errekaldeko Zirku Jaialdian eta Bilboko Kalealdian.

Zifrei dagokienez, epealdi horretan, 33 proiektuk laguntza ekonomikoa jaso dute ikuskizunak sortu ahal izateko, eta 200.000 euro inguru bideratu dira sortzen ari ziren artistek dagoeneko finkatuta dauden konpainien babesa jaso zezaten. Horrela, Okzitania, Aragoi eta Euskadi izan dira babes horien onura gehien jaso duten lurraldeak. Halaber, 27 ikuskizun programatu dira mugaz gaindiko espazioan 2016-2019 epealdian, 190 emanaldi baino gehiagorekin.

“De Mar a Mar – Pirineos de Circo”, 1.990.390 euroko aurrekontua duen mugaz gaindiko lankidetzarako proiektua da, %65 Europar Batasunak finantzatua, Lurralde Garapenerako Funts Europarrak (FEDER), hain zuzen ere, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bitartez.

Bazkideen artean zenbait eskola daude, Escola de Circ Rogelio Rivel edo Le Lido, Frantziako Tolosako Jean Jaurés bezalako unibertsitateak, entsegu eta sorkuntza lekuak eta lantegiak, La Grainerie, Central del Circ edo Hameka, eta baita hedapenerako guneak eta eremu publikoko erakundeak ere, urtero Bilboko Kalealdia kaleko arteen nazioarteko jaialdia eta Zirkualde zirku jaialdia antolatzen duen Bilboko Udala, besteak beste.