HITZALDIEK, ERAKUSKETEK, TAILERREK, LIBURUEN AURKEZPENEK ETA ESPEZIALIZATUTAKO AZOKA BATEK ZENTRATUKO DUTE BILBOKO UDALAK EUSKARAZKO KOMIKIAREN INGURUAN ANTOLATU DUEN “PARRAPEAN – KOMIKI EGUNAK” JAIALDIA

Parrapean 2016 ohorezko saria Antton Olariaga Zakilixuten sortzaileak jasoko du, komiki munduan eta liburu ilustratzaile gisa izan duen ibilbide luzea aintzatetsiz.

Euskal komikian espezializatuta dagoen jaialdi honen hirugarren edizioa Begoñako eta Santutxuko hainbat lekutan egingo da hilabete honetako 19tik 29ra, zirkua eta Euskal Herriko eta Kataluniako folklorea ere jasoko dituzten jarduera ugariekin.

Bilboko Udalak, euskaraz egindako komikiari buruzko “Parrapean-Komiki Egunak” jaialdiaren hirugarren edizioa antolatu du. ASTEAZKEN honetatik LARUNBATERA, urriaren 29ra, Begoñako eta Santutxuko udaltegiek eta Karmelo plazak jarduera egitarau zabala jasoko dute –guztiak ere doakoak izango dira–, eta horien artean mahai-inguruak, tailer monografikoak, zine proiekzioak, argitaratu diren azken lanen aurkezpenak eta programazioari amaiera emateko, urriaren 29an Karmelo plaza hartuko duen euskarazko komikiaren hirugarren azoka egongo dira.

Programazioa aste honetan zabalduko da, hiru erakusketa inauguratuz. Bat, Cavall Fort eta Xabiroi aldizkariei buruzkoa –Santutxuko udaltegian–, beste bat, Irkus M Zeberio & Marlene Krausen lanen aukeraketarekin –Begoñako udaltegian– eta Begoñako liburutegian egongo den hirugarrenak, euskal komikiaren eta egunkarietako tira komikoaren barruan eta umeei, gazteei eta helduei zuzendutako literatura ilustratzaile gisa izan duen ibilbide luzea aintzatetsiz Parrapean 2016 saria jasoko duen Antton Olariaga marrazkilari eta ilustratzaile gipuzkoarraren ibilbidea erakutsiko du.

Antton Olariagak (Usurbil, 1946) lanbidean eman zituen lehenengo pausoak prentsan izan ziren. Valentziako Las Provincias egunkarian eta Ere, Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan aritu zen. Azken bi horietarako Kaleko, Hormasprayko eta Mozorrozko komikiak sortu zituen, eta horien bitartez modu kritikoan islatu zituen Diktaduraren eta Trantsizioaren gertakari soziopolitikoak. Egin egunkarian sortu zuen “Zakilixut” pertsonaia, haien ondorioa da. Horrez gain ibilbide luzea du liburu ilustratzaile gisa, edertasun plastikoa bilatzeaz gain, bere marrazkiei testua osatzeko beharrezkoak diren elementu guztiak ematen dizkion oso estilo pertsonalarekin.

Aste honetarako programazioaren barruan, Bilboko Udalak antolatzen dituen zine jaialdietako – FANT eta Zinebi– azken edizioetan parte hartu duten animaziozko film laburren emanaldia ere jasotzen da. Horrez gain, ostiralean, arratsaldeko 18:30etik aurrera, Karmelo plazak Suhar Presten “Paradoxa” zirku ikuskizuna jasoko du, eta larunbatean, goizeko lehen orduetatik aurrera, zenbait folklore ikuskizun, Gaztedi Dantzari Taldearen eskutik –bere fundazioaren 65. urteurrenean–, Zuberoako dantzen erakusketa Santutxuko plazetan, bertso-saioa Miren Amuriza, Arkaitz Estiballes eta Fredi Paiarekin eta erromeria gidatua Zangorekin izango dira.

Datorren astean, urriaren 26an eta 27an, Begoñako liburutegiak, “Danbalahara! Euskal onomatopeiekin lanean” izeneko komiki sorkuntza eta edizio tailerra jasoko du goizeko 10:00etatik 13:00etara, Irkus M Zeberio eta Marlene Kraus egileekin. Ekintza horri amaiera emateko, bisita gidatua egingo da bi egileen lan azpimarragarrienetako batzuk erakusten dituen “Wanne – Eickel Martutene” erakusketatik.

“CAVALL FORT-EN” 50 URTE
Ostiralean, urriaren 28an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Santutxuko Udaltegiak programazioaren ekitaldi nagusietakoa jasoko du, ibilbide luzeko bi aldizkariren inguruko mahai-ingurua: bat Euskal Herrikoa, “Xabiroi”, eta bestea Kataluniakoa, “Cavall Fort”. Bigarrenak 50 urte bete eta mila zenbaki baino gehiago argitaratu ditu. Topaketa horretan Merçe Canela “Cavall Fort” aldizkariaren zuzendaria eta bertako bi ilustratzailek, Cristina Losantosek eta Oriol Garcíak, hartuko dute parte. Dani Fano, Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen “Xabiroi” komikiaren koordinatzailea ere bertan egongo da.

“Parrapean – Komiki Egunak” jaialdiaren aurtengo edizioari larunbatean, urriaren 29an, emango zaio amaiera, goizeko 10:00etan Karmelo plazan ateak zabalduko dituen, euskarazko hirugarren komiki azokarekin. Ohiko etxatoez gain, umeentzako eta gazteentzako tailerrak, ipuin kontalariak eta argitaratu berri diren lan batzuen aurkezpenak izango dira. Azken horien artean Harkaitz Canoren testuak eta Iñaki Holgadoren marrazkiak dituen “Museo Bilduma” komikia edo komiki historikoan espezializatuta dagoen eta Bilbon jendearen aurrean bere lana aurkeztuko duen Patrice Ordas marrazkilari frantsesaren “S.O.S. Lituania” azpimarra daitezke.

Eguerdiko 12:00etan, euskaraz egindako komikiaren Parrapean 2016 lehiaketaren sariak banatuko dira Azokan, eta Antton Olariaga marrazkilariari ohorezko saria emango zaio. Antton Olariaga Asisko Urmenetarekin arituko da solasean jendearen aurrean. Jardunaldi osoa musikak eta folkloreak animatuko dute, eta gaztainak banatuko dira; izan ere, Kataluniako tradizio herrikoian, Domu Santu bezperan gaztaina erreak banatzen dituen gaztaina-saltzailearen irudia dago. Amaierako azken ekitaldia arratsaldeko 20:00etan izango da La Nube kafe-antzokian, Kataluniako eta Euskal Herriko marrazkilarien arteko norgehiagoka.

AGENDA

URRIAK 19
19:30 Begoñako udaltegia.
FANT jaialdiak aukeratutako animaziozko film laburren emanaldia
Sarrera librea

URRIAK 20
19:30 Begoñako udaltegia.
ZINEBI 57k aukeratutako animaziozko film laburren emanaldia
Sarrera librea

URRIAK 21
18:30 Karmelo plaza
Zirkua: “Paradoxa” Suhar Prest.
20:00 Santutxu
“Gaztedi kantari”. Gaztedi Dantzari Taldea.

URRIAK 22
9:00 Santutxu
Diana auzoko musikariekin. Gaztedi Dantzari Taldea
11:00 Santutxu
Zuberoako dantzak barrikadekin Santutxuko plazetatik.
18:00 Bertso-saioa: Miren Amuriza, Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia. Karmelo plaza
19:30 Karmelo plaza
Erromeria gidatua. Zango taldea

URRIAK 26 ETA 27
10:00 – 13:30 Begoñako liburutegia
Komiki sorkuntza eta edizio tailerra: “Danbalahara! Euskal onomatopeiekin lanean”. Irkus M Zeberio & Marlene Kraus.

URRIAK 27
13:30 Begoñako udaltegia
Bisita gidatua Irkus M Zeberio & Marlene Krausekin “Wanne-Eickel Maturtene” erakusketatik.

URRIAK 28
19:00 Santutxuko udaltegia.
Mahai-ingurua: “Caval Fort eta Xabiroi: bi argitalpenen ibilbidea”. Merçe Canela (Cavall Fort aldizkariaren zuzendaria), Cristina Losantos (ilustratzailea), Oriol García (ilustratzailea) eta Dani Fano (Xabiroi aldizkariaren koordinatzailea). Aurkezlea: Igor Leturia.
* Amaitzean, bisita gidatua Udaltegian dagoen erakusketatik.

URRIAK 29
10:00 Santutxuko udaltegia
Helduentzako tailer irekia: “Irakurle txikientzako komikiak egitea: gidoia, zirriborroak, tinta eta kolorea”. Cristina Losantos

Karmelo plaza.
10:00 Komiki azokako etxolen irekiera
11:00 – 14:00 Komiki tailerrak umeentzat eta gazteentzat. Amaia Ballesteros.
12:00 Parrapean 2016 sari banaketa eta Antton Olariagaren eta Asisko Urmenetaren arteko solasaldia.
12:30 “Museo Bilduma” komikiaren aurkezpena. Harkaitz Cano eta Iñaki Holgado. Aurkezlea: Dani Fano.
16:00 – 19:00 Komiki tailerrak umeentzat eta gazteentzat. Amaia Ballesteros.
17:30 Gregorio Muro “Harriet” eta Daniel Redondoren “Ion eta Mirka” komikiaren aurkezpena.
18:00 Gregorio Muro “Harriet” eta Patrice Ordasen “S.O.S. Lituania” komikiaren aurkezpena. Aurkezlea Ion Iñaki.
18:30 Gaztainak Bilboko Casalarekin: musika eta gaztaina banaketa.
19:00 Ipuin kontalaria: “Toma Castaña!” LaRitual

20:00 Amaierako ekitaldia La Nube kafe-antzokian: Zirriborroka: Kataluniako eta Euskal Herriko marrazkilarien arteko norgehiagoka (Oriol García, Sussana Martín, Axpi eta Josevisky). Aurkezlea eta Dj: Amaia Pérez de Arriluzea.

+ info: www.kulturabarrutik.eus