LEHIAKETARA AURKEZTUKO DIREN NAZIOARTEKO HAMALAU FILMEK, HORIETAKO LAU ESTATU MAILAKO ESTREINALDIAK ETA BAT EUROPA MAILAKOA, 46 FILM LABURREK, EMANALDI BEREZIEK ETA IKUS-ENTZULE BERRIAK ERAKARTZEKO DOAKO PROGRAMAZIO ZABALAK ZENTRATUKO DUTE MAIATZAREN 6TIK 13RA EGINGO DEN FANT-EN PROGRAMA

Sekzio Ofizialak bost premiere jasotzen ditu: William Brent Bellen “The Boy”, Cameron Cainesen “Scare Campaign”, Jay Lenderren eta Micah Wrighten “They´re Watching” –guztiak ere FANT22an egongo diren zinegileak–, eta “Darling”, eta baita Europan lehen aldiz ikusi ahal izango den “Resurrección” ere. Lehiaketara aurkezten diren gainerako lanak hauek dira: “El Eslabón Podrido”, “Los parecidos”, “High Rise”, “Der Bunker”, “The Mind´s Eye”, “Southbound”, “Lovemilla”, “Sun Choke” eta “Green Room”.

Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren – FANTen, 22. edizioa, MAIATZAREN 6an jarriko da martxan, Estatu Batuetan “Open Grave” eta “Apolo 18” lanak zuzendu dituen Gonzalo López-Gallego madrildarraren “The Hollow Point” lanaren Europako premierearekin.

FANT LABURREAN sailak 25 lan eskainiko ditu, horietatik 11 euskal zinegileek egindakoak, eta lan horiek, ikusleen iritziz hoberena den eta 3.000 euro jasoko dituen Zinemaldiko Film Labur hoberenaren saria lortu ahal izango dute. Horrez gain, Epaimahaiak, beste bi sari emango ditu: Nazioarteko Film Labur Hoberena eta Euskal Film Labur hoberena, 3.000 eta 2.000 €-rekin, hurrenez hurren. Esan behar da FANTek Film Laburren Jaialdien Kalitatearen AIC Ziurtagiria lortu duela.

FANT Maisuak sekzioaren barruan, zinemaldiak genero horretako lan klasiko bat berreskuratuko du, David Lynchen “Tertziopelo urdina”, estreinatu zenetik 30 urte betetzen direnean. Emanaldi berezien artean azpimarragarriak dira Alberto Marini zuzendariak aurkeztuko duen “Summer Camp” eta Guillermo Julián eta Román Santiago bilbotarren lehenengo lana den “Rendezvous” filmaren premierea.

Zinemaldiko doako sarrerako aretoak, Norberto Ramosen “Amor Tóxico” eta Antonio Trashorrasen “Anabel” lanak eskainiko ditu, beste batzuen artean, Panorama Fantastikoa zikloaren barruan. Zuzendari biak Bilbora etorriko dira, euren lanak aurkezteko.

ZINEMALDIAREN EGOITZAK ETA TARIFAK: A) Golem-Alhondiga zine aretoak: Abonua: 30 €, salgai BIHARTIK, APIRILAREN 21etik, aurrera, Golem zine aretoetako txarteldegietan eta zinemaldiaren webgunean (webgunean maiatzaren 2ra arte). Sarrera: 5 €, salgai txarteldegian eta www.golem.es webgunean (Maiatzaren 9, 10 eta 11, “ZINEAREN JAIA”, Sarrera: 2,90 €. Kontsultatu beste beherapen batzuk). B) Campos Antzokia (Inaugurazio saioa: 5 € saio bakoitzeko eta 10 € hiru saioak) eta BBK aretoa (Amaiera ekitaldia: 5 €) C) Zinemaldiko 2. aretoa Golem – Alhondiga eta FNAC: sarrera librea.

Bilboko Udalak antolatzen duen Zinemaldi Fantastikoaren – FANTen 22. edizioa martxan dago jada, eta aurtengo ediziorako, nazioarteko 14 film luze jasoko dituen Sekzio Ofizial interesgarria programatu du –horietatik lau lehen aldiz ikusi ahal izango dira Estatuan eta bat Europan–. Horrez gain, lehiaketara aurkeztuko diren 25 film labur eskainiko ditu, horietatik hamaika euskal zinegileen lanak. Hitzordua MAIATZAREN 6tik 13ra izango da. Beste urte batez, Golem – Alhondiga zine aretoak izango dira zinemaldiaren egoitza nagusia.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren – FANT 22ren programazio osoa gaur goizean aurkeztu da Bilboko Udaletxean. Aurkezpen ekitaldian Nekane Alonso Kultura zinegotziak, Justo Ezenarro Kultur Programazio Zuzendariorde eta FANTeko Zuzendariak eta Eugenio Puerto FANTeko programatzaileak hartu dute parte.

Gonzalo López-Gallego zinegile madrildarra izango da zine fantastikoarekin dugun hitzordu berria inauguratzearen arduraduna, bere azken filma den “The Hollow Point” (2016) lanaren aurkezpenarekin. Beldurrezko thriller horren Europako premierea, FANT 22ren inaugurazio ekitaldiaren barruan izango da MAIATZAREN 6an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Campos Antzokian. Gonzalo López-Gallegok amestutako jauzia eman zuen Hollywoodera eta bertan Weinstein anaien esku jarri zen “Apolo 18” errodatzeko, eta ondoren “Open Grave” (Gidoirik hoberena FANT2014an) egin zuen.

Emanaldi berezi gisa, Zinemaldiak “Rendezvous” (2016), Guillermo Julián eta Román Santiago bilbotarren lehenengo film luzea eskainiko du. Protagonista Natalia de Molina da, eta antzezle taldean Iñaki Urrutia, Santi Ugalde, Lander Otaola edo Xabier Perurena daude, beste batzuen artean. Filma Golem – Alhóndiga aretoetako 1. aretoan eskainiko da MAIATZAREN 11n, arratsaldeko 20:00etan. Zientzia fikziozko film horrek, pertsonaia sare baten bitartez, gizakiak bere alde ilunenarekin duen erlazioa utzi nahi du agerian. Emanaldi berezien artean azpimarragarria da, baita ere Jaume Balaguerók ekoiztutako “Summer Camp”. Alberto Marini, filmaren zuzendaria, Bilbon egongo da datozen asteetan zine aretoetara helduko den filma aurkezten.

Aurreko edizioetan bezala, Sekzio Ofizialeko programazioa, doako sarrera izango duen eskaintza paralelo zabal eta anitzarekin osatuko da, Golem – Alhóndiga aretoetako 2. Aretoan, Panorama Fantastiko zikloaren barruko azken denboretako lanekin, bitxikeriekin, generoko lan klasikoekin eta euskaraz eskainiko diren film laburrekin –Donostia 2016rekin lankidetzan–, zinemaldia ikus-entzule berriei harik eta gehiago zabaltzeko xedez.

SEKZIO OFIZIALA
Lehiaketako Sekzio Ofizialaren barruan, Film Luze Hoberenaren, Gidoi Hoberenaren eta Zuzendari Hoberenaren FANT 2016 Sariak eskura ditzaketen hamalau filmak lehen aldiz ikusi ahal izango dira Bilbon, baina horrez gain, horietako lau Estatu osoan eta bat Europan ere lehen aldiz ikusteko aukera izango da. Argentinako generoko zinean erreferentziazko zinegilea den Gonzalo Calzadaren hirugarren film luzea den “Resurrección” (Argentina, 2016) izango da. Joan den urtarrilaren 7an Argentinan estreinatu zenetik bertako txarteldegietan jarraitzen du. MAIATZAREN 8an eskainiko da.

Lehiaketa barruko sekzioan estatu mailako lau premiere ere jasoko dira: William Brent Bell zuzendariaren “The Boy” (EEBB, 2016) (MAIATZAK 7); Colin eta Cameron Cairnesen “Scare Campaign” (Australia, 2016) (MAIATZAK 8), “100 Bloddy Acres” lehenengo lanarekin Sitgeseko zinemaldian saria lortu zuten zinegile australiarren bigarren lana. Mickey Keating idazle eta zuzendari gazte emankorraren, “Darling” (EEBB, 2015) (MAIATZAK 8) lana ere Estatuko estreinaldia izango da, eta baita Micah Wright eta Jay Lender zuzendarien “They´re Watching” (EEBB, 2016). Zinemaldiko ikus-entzuleek MAIATZAREN 10ean ikusi ahal izango dute.

Sekzio Ofiziala lan hauek osatuko dute: Valentín J. Dimenten “El eslabón podrido” (Argentina 2015), Isaac Ezbanen “Los parecidos” (Mexiko, 2015), Ben Wheatlyren “High Rise” (UK, 2015), Joe Begosen “The Mind´s Eye” (EEBB, 2015), Nikias Chyssosen “Der Bunker” (Alemania, 2015), Roxanne Benjaminen, David Brucknerren, Patrick Horvathen eta Radio Silenceren “Southbound” (EEBB, 2015), Teemu Nikkiren “Lovemilla” (Finlandia, 2015), Ben Crescimanen “Sun Choke” (EEBB, 2015), eta Jeremy Saunierren “Green Room” (EEBB, 2015), parte hartu duen jaialdietako ikus-entzuleak konkistatu dituen filma.

Emanaldi guztiak jatorrizko bertsioan eskainiko dira, gaztelaniazko azpi-tituluekin, eta “El eslabón podrido”, “Darling”, “Der Bunker” eta “Sun Choke” lanek euskarazko azpi-tituluak ere eramango dituzte. Iazko edizioan bezala, eta gero eta ikus-entzule gehiago biltzen denez, ohiko emanaldien ordutegiei –17:45ean, 20:00 etan eta 22:15ean– beste zine saio bat gehitu zaie, Sekzio Ofizialeko filmak eskainiz, arratsaldeko 16:15ean, asteburuan.

FILM LABURRAREN ALDEKO APUSTUA
Azken edizioetan gertatu den bezala, film laburrek oso leku garrantzitsua izango dute FANT 22n: Panorama Fantastikoa sekzioaren barruan; mugikorrez grabatutako Fantastic Phone Movistar+ film labur sekzioaren barruan eta, zelan ez, Sekzio Ofizialaren barruan, bakoitzak 3.000 euro banatuko dituen bi sarirekin, zinemaldiko epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak diren bi film laburrei zuzenduta. Zinegile berrien lana bultzatu nahi duten –hori da Zinemaldiaren xede nagusietakoa– film laburren alorreko bi sari horiei, Euskal Film Labur Hoberenari ematen zaion 2.000 euroko saria gehitu behar zaie.

Horrela, FANTek –eta baita Zinebik ere– Film Laburren Jaialdien Kalitatearen 2016ko AIC Ziurtagiria lortu du. Akreditazio horrek zinemaldiaren esfortzua eta ondo egindako lana baieztatzen ditu, filmen tratamenduari, emanaldien baldintzei eta prozesu guztietan erakutsi duen kalitateari dagokienez.

Sekzio Ofizialari dagokionez, FANTen edizio honek, mundu osotik etorritako 850 film labur baino gehiago jaso ditu, eta antolatzaileek 25 hoberenak aukeratu dituzte –animazio eta fikzio arloetan–. Lan horiek FANT LABURREAN saioan eskainiko dira. Aurten ere bi saio izango ditu, MAIATZAREN 6an eta 7an, eta lehenengo saioa euskal film laburrei eskainita egongo da erabat.

Euskal zinegileek lehiaketara aurkeztuko dituzten 11 lanak –edo euskal ekoizpena dutenak– jatorrizko bertsioan ikusi ahal izango dira, euskarazko edo/eta gaztelaniazko azpi-tituluekin, Campos Antzokian, inaugurazio ekitaldiaren eta filmaren ondoren. Ikusi ahal izango diren film laburrak hauek dira:

“De-mente”, Lorenzo Ayuso
“Artificial”, David Sañudo
“La habitación”, Diego Kataryniuk
“Duellum”, Tucker Dávila Wood
“I Said I Never Talk about Politics”, Aitor Oñederra
“Lost Village”, George Todria
“False Flag”, Asier Urbieta.
“The Devil on your Back”, Haritz Zubillaga.
“Fishura”, Yago Mateo
“Naara”, Paul Urkijo
“Cenizo”, Jon Mikel Caballero

Gainerako film labur gehienak, Erresuma Batutik, Frantziatik eta Estatuko gainerako lekuetako lanak, EEBB-etatik etorritako hiru film labur eta Brasildik eta Australiatik bidalitako lan bana dira. Nazioarteko film laburrak maiatzaren 7an eskainiko dira, arratsaldeko 19:30eko saioan, Golem-Alhondigako 1. Aretoan.

Sekzio Ofizialeko Film Luze Hoberena, Nazioarteko Film Labur Hoberena eta Euskal Film Labur Hoberena aukeratzeko erabakia bere eskuetan izango duten adituen epaimahaia Fiona O’Shaughnessy antzezleak, Laurence R. Harvey antzezleak eta José María Clemente kazetari eta Movistar+-eko programa zuzendariak osatuko dute.

Ohikoa denez, sarien banaketa amaiera ekitaldiaren barruan izango da. Aurten ere Kale Nagusiko BBK Aretoan izango da, MAIATZAREN 13an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Ekitaldi horretan, “Graffiti”, Lluis Quilez zuzendariaren azken lana eskainiko da. Horrez gain, sariak banatzeko ekitaldia amaitzean, fantasiazko generoan gero eta indar gehiago duen pertsona edo taldea saritzen duen FANTROBIA Saria jasoko duen Can Evrenol zinegile turkiarraren “Baskin” filma eskainiko da.

Datozen asteetan Estatuko zine aretoetara helduko den “BASKIN” filma Sitgeseko zinemaldiaren azken edizioak erakutsi zuen harribitxietako bat izan zen. Aurretik harrera beroa jaso zuen, baita ere, Torontoko zinemaldiko Midnight Madness sekzioan eta Austingo (Texas) Fantastic Fest izenekoan. Azken jaialdi horretan zinegile hasi berri hoberenaren saria jaso zuen zuzendariak. Filmak sufrimenduz eta eromenez betetako munduan murgiltzen du ikus-entzulea.

SARI BERRIAK
Panorama Fantastikoak, doako sarrerako aretoko programazioa (egoitza nagusian: Golem – Alhondiga zine aretoetan) osatuko duen sekzioetako batek, arrazoi bat edo beste dela eta, Sekzio Ofizialerako aukeratu ez diren baina ikus-entzuleen aurrean eskaintzea merezi duten filmak jasotzen ditu.

Berrikuntza gisa, zinemaldiaren edizio honetan, dirurik emango ez duten ohorezko bi sari berri banatuko zaizkie Panorama Fantastikoa sekzioko generoko Film Luze Hoberenari eta Film Labur hoberenari. Sekzio horren barruan, Norberto Ramosen “Amor Tóxico”, Antonio Trashorrasen “Anabel”, Yolanda Torresen “The forsaken” edo Adrián Lópezen “Estirpe” lanak eskainiko dira, besteak beste.

Sari horiek banatuko dituen epaimahaia, Norma Vila (Bilbo, 1983) argazki zuzendari eta Demeter Films ekoiztetxeko bazkide sortzaileak, Miguel A. Refoyo (Salamanca, 1975) kritikari eta gidoilariak eta Howard Gorman itzultzaile eta zine kazetari ingelesak, Scream: The horror magazine aldizkariaren editore bazkideak, osatuko dute. Hiru horiek izango dira, baita ere, Movistar+-en babesa duen telefono mugikorrez grabatutako film laburren lehiaketako lan hoberenak aukeratuko dituztenak

Halaber, sarrera librea izango duten emanaldien barruan, maiatzaren 7tik 12ra bitartean, La Aventura Audiovisual banaketa etxearen eskutik Estatuko aretoetara heldu diren lan garrantzitsuenetako batzuk biltzen dituen zikloa programatu da. 2013tik, poz bat baino gehiago eman die fantasiazko eta beldurrezko zinearen zaleei, oso lan garrantzitsuak gure pantailetan estreinatzen ausartuz. Leku horretan bertan Hammer Films ekoiztetxearen lau izenburu klasiko eskainiko dira, “El perro de Baskervilles”, “Las novias de Drácula”, “El beso del vampiro” eta “La maldad de Frankenstein”.

2. aretoko programazioa, Panorama Laburrean zikloan lehiaketara aurkezten diren film laburren aukeraketarekin eta euskaraz egindako zenbait film laburren emanaldiarekin osatuko da, Donostia 2016rekin lankidetzan. Bertan, Donostiako Beldurraren Asteari buruzko dokumentala ere emango da.

Izan ere, FANT22ko sekzio paraleloak zinemaldiko alderdi garrantzitsuak izango dira, berriro ere, generoaren jarraitzaileentzat zein zine zaleentzat orokorrean, oso interesgarriak izango diren mota guztietako proposamenekin. Horrela, FANT MAISUAK sekzioak, generoko lan klasiko bat berreskuratuko du, David Lynchen “Tertziopelo urdina”, estreinatu zenetik 30 urte betetzen direnean. Beste alde batetik, DOKUFANTek, Mark Hartleyk 2014an zuzendutako “Electric Boogaloo: La loca historia de Cannon Films” dokumentala eskainiko du

Zinemaldia era ofizialean martxan jarri aurretik, PRE-FANTek generoko zine frantsesari buruzko zikloa eskainiko du apirilaren 27tik maiatzaren 1era, Bilboko Institutu Frantsesarekin lankidetzan, eta baita Sitges Tour a Contracorriente esperientzia, Kataluniako zinemaldiaren azken edizioan parte hartu zuten lau filmen aukeraketarekin. Programazioa apirilaren 27an zabalduko da, Jordi Ojeda errobotika adituak Bidebarrieta Kulturgunean eskainiko duen hitzaldiarekin. “Robots, un viaje de la ficción a la realidad” hitzaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da. PRE-FANTeko programazio osoak sarrera librea izango du, leku guztiak bete arte.

FANTESKOLA
Beste urte batez, zinemaldiak erabat euskaraz izango den programazio berezia diseinatu du, umeengan pentsatuz. Goizeko lau saio izango dira Golem – Alhondiga Bilbaoko auditorio nagusian (400 eserleku). Saio horietan animaziozko bi film eskainiko dira: “Gazte harrigarria, T.S Spivet” (fikzioa) eta “Astérix: Erromatar hauek zoratuta daude” (marrazki bizidunak).

Golem-Alhóndiga zine aretoetako 1. aretoan ordaindu beharreko saio guztietara, Campos Antzokiko inaugurazio ekitaldira eta BBK Aretoko amaierakora sartzeko aukera ematen duen zinemaldi osorako abonua –beti ere aurretik txarteldegitik igaro ondoren– BIHAR, APIRILAREN 21ean, jarriko da salgai, 30 euroren truke, Golem – Alhóndiga aretoetako txarteldegietan eta zinemaldiko webgunearen bitartez (webgunean maiatzaren 2ra arte).

Saio bakarrerako sarrerek 5 euro balioko dute, Zinearen Jaia ospatuko den maiatzaren 9an, 10ean eta 11n izan ezik, egun horietan prezioa 2,90 eurokoa izango baita. Horrez gain, inaugurazio eguneko hiru saioetarako pase berezia egongo da, 10 eurokoa. Golem-Alhóndiga zine aretoetako 2. aretoan eta FNACen programatutako zine saio guztietara dohainik sartu ahal izango da, leku guztiak bete arte.