BILBOROCKEK, EMAKUMEEK HIP HOP-EAN DUTEN LEKUA, LANA ETA IKUSGAITASUNA BULTZATZERA ZUZENDUTAKO BAZTER FEST TOPAKETAREN BOSGARREN EDIZIOA JASOKO DU LARUNBAT HONETAN

Eskina Femenina kolektiboarekin lankidetzan, 18:30ean hasiko da Bilborocken, eta Ziztadaren, Eskarniaren, JazzWomanen eta Shadia Mansourren, “Hip Hop arabiarraren Lehenengo Damaren”, lau kontzertu jasoko ditu. Jarduerak sarrera librea izango du, leku guztiak bete arte.

Bilboko Udalak eta Eskina Femenina kolektiboak, emakumeen Hip Hop-ari buruzko Bazter Fest programaren bosgarren edizioa antolatu dute larunbat honetarako, azaroaren 2rako. Bilborockeko ohiko agertokia berreskuratuko du, eta arratsaldeko 18:30etik aurrera lau kontzertu egingo dira bertan. Kontzertu horietan euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, valentzieraz eta arabieraz rapeatuko da, Ziztada bilbotarrarekin, Eskarniarekin (Malaga), JazzWomanekin (Valentzia) eta familia palestinarra duen eta “Hip Hop arabiarraren Lehenengo Dama” izenez ezagutzen den Shadia Mansour Londreseko artistarekin. Jarduerak sarrera librea izango du, leku guztiak bete arte.

Bazter Fest 2015ean sortu zen, Ibaiondoko barrutian dauden kultur eta gizarte arloko ekimenak ezagutarazteko eta bultzatzeko eta emakumeek hip hopean duten lekua, lana eta ikusgaitasuna sustatzeko xede bikoitzarekin. Izan ere, musika estilo hori osatzen duten artistek, gizonak gehiengoa diren munduan euren jarduera ikusgai bilakatzeko beharra konpartitzen dute.

Kontzertuak 19:00etan hasiko dira, Rlantzekin batera 2017an reggae-dub musika bikotea sortu zuen Ziztadarekin. “Egun Hotzak” diskoa argitaratu dute, eta denbora gutxi barru kaleratuko da euren bigarren lana. Azken bigarren lan horretako abesti batzuk grabatuta daude jadanik, eta musika topaketa honetan aurkeztuko dituzte. 20:15etik aurrera, Bilbora lehen aldiz datorren Eskarnia Malagako artistaren txanda izango da. Eskarnia nerabe zela hasi zen letrak idazten, eta Andaluziako Hip Hop underground giroan mugitzen da. Arte Dramatikoa ikasi ondoren, poesia eta antzezpena fusionatzen hasi zen, testuak rap generora bertsionatuz. 2014an Daniel Hidalgo saxofoi jotzailea eta Dj PPL bere ondora ekarri zituen, Gloria Fuertesen poesian inspiratutako musikala sortzeko. Azken lan horretatik, indarra eta originaltasuna erakusten dituen “Sola en la sala” albuma sortu da.

22:00etatik aurrera JazzWoman valentziarraren txanda izango da. Saxofoi jotzaile eta txarangako musikari gisa kontserbatorioan ikasi ondoren, JazzWomanek hip hop-ean aurkitu zuen bidegabekerien eta matxismoaren kontra borrokatzeko modua. Bere bakarkako lehenengo diskoa “Bagheera” da. Gaur egun bakarkako show berriarekin ikus daiteke agertokietan, eta baita Periferia Norte bere kolektiboan edo Valentziako Zoo taldearekin batera ere.

Bazter Festen edizio honi amaiera emateko, Londresetik datorren Shadia Mansour artista arituko da, emakumeen Hip Hop-aren erreferentea, Bilbon lehen aldiz arituko dena. Oso gaztetan hasi zuen musika ibilbidea, eskolarekin eta unibertsitatearekin uztartuz, eta Londresko neska artista gazte errebindikatzaileenetako bat bilakatu zen. Shadiak, borrokaren ahotsa globalizatzeko funtsezko tresna gisa ulertzen du Hip Hop arabiarra. Oso ezaguna da “Public Enemy” talde legendarioko DJ Johhny Juicerekin eta “Alkufeyyeh arabeyyeh” lanean Sandhill ekoizle irakiarrarekin egindako lanarengatik. Beste artista batzuekin ere aritu da, Ana Tijoux rapero txiletarrarekin, “Somos sur” lanean, eta The Narcicyst-ekin, duela denbora gutxi “Fast and Furious 7” filmean agertu zen “Hamdullilah”-en.

Eskina Femenina kolektibo bilbotarra, Hip Hop kulturaren barruan emakumeei laguntzeko eta ikusgai bilakatzeko bokazioarekin sortu da. Horretarako, idazketa eta bat-batekotasun tailerrak ematen dituzte, eta agertokietara igotzea erabakitzen duten emakumeekin ekitaldiak antolatzen dituzte, musikaren barruan merezi duten espazioa emanez.

Informazio gehiago: www.kulturabarrutik.eus

“BAZTER FEST #5” AGENDA

LARUNBATA, AZAROAK 2.

18:30ean. Ateen irekiera

KONTZERTUAK
19:00etan Ziztada
20:15ean Eskarnia
22:00etan JazzWoman
23:30ean Shadia Mansour

Lekua: BILBOROCK. Sarrera librea leku guztiak bete arte