BILBOROCKEK BARROKOKO ETA ERRENAZIMENDUKO MUSIKA KONTZERTUA JASOKO DU AZAROAREN 2AN, ENSEMBLE CONVIVENCIA FRANTZIA-ALEMANIAKO LAUKOTEA EGITEN ARI DEN BIRAREN BARRUAN

Bilboko Udalak, Alemaniako Enbaxadarekin eta Bilbon dagoen Kontsuletxearekin lankidetzan, antolatu duen ekitaldiak, Aratusteetako, fartsako eta Artearen Komediako abestietan oinarritutako errepertorioa proposatuko du.

“Europako musika Urrezko Mendean” ikuskizuna arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango du, baina beharrezkoa izango da aurretik gonbidapena jasotzea BilbaoEszenan, BilbaoMusikan, Bilborocken edo Alemaniako kontsuletxean.

Bilborock aretoak Frantzia-Alemaniako Ensemble Convivencia laukotearen kontzertua jasoko du datorren azaroaren 2an –19:30ean–, “Europako musika Urrezko Mendean” ikuskizuna aurkezteko biraren barruan. Bilboko Udalak, Alemaniako Enbaxadarekin eta Bilbon dagoen Kontsuletxearekin lankidetzan, antolatu duen ekitaldiak sarrera librea izango du, baina beharrezkoa izango da aurretik –gaurtik aurrera– gonbidapena jasotzea BilbaoEszenan, BilbaoMusikan, Bilborockeko txarteldegietan edo Alemaniako kontsuletxean bertan.

Taldearen musikak Errenazimenduko eta Barrokoko polifonia ditu ardatz. Gainera, 15 urtetan, taldekideek erdi aroko musika, abesti herrikoiak, jazza eta musika garaikideko programak ere sortu dituzte. Europako, Asiako eta Ameriketako auditorio handienetan jo dute euren musika. 2001ean sortu zen Ensemble Convivencia taldea lau musikarik osatzen dute: Friederike Schulz (sopranoa eta arku-biola), Bernard Revel (altua, errenazimenduko gitarra, laute arabiarra), Stephan Olry (tenorra, perkusioa) eta Xavier Bazoge (baxua eta ganba biola).

1500. urtearen inguruan jaiotako musikariek kultur mailan Europan egon zen zabalkundea baliatu zuten, Cambraiko 1517ko Itunak lagunduta; bada, horien antzera, Ensemble Convivencia taldekoek, Alemanian abiatuta, aratusteetako abesti alaiekin osatutako bidaia musikala eskaintzen digute.

Frantziara iritsita, musikariek fartsako antzerkia eta abestiak ezagutuko dituzte. Italiara joanda, Artearen Komediako birtuosismo musikala eta antzerkikoa dute inspirazio. Musika arloko bidaia Espainian amaituko dute; Andaluziako XVI. mendeko egile onenen abesti historikoak, lau ahotsetarako eginak, aurkeztuko dizkigu taldeak.

“Europako musika Urrezko Mendean” izeneko kontzertuaren ezaugarria erritmo azkarra eta erakargarria da; ikusleek gozatu egingo dute garaiko traje koloretsuekin, maskarekin, dantzekin eta polifoniekin. Musikaren arloko bidaia honetan abestiak apurka-apurka nahastuz doaz, Europa kulturala eta eraginetara zabalik dagoen Europako zati den heinean, ahots bakar bihurtuz.

Informazio gehiago: www.convivencia-music.com