BILBON MARTXOAREN 15ETIK 19RA ANIMAKOM, URIKO ANIMAZIO ZINEMAREN NAZIOARTEKO LEHENENGO JAIALDIA

Goya saria bitan irabazi duen Pedro Rivero bilbotar zuzendariak bultzatua, DEVELOP kultur elkartearekin batera eta Bilboko Udalaren laguntzarekin.

Jaialdia Ann Marie Fleming zuzendariaren ‘Window Horses’ film luze askotan sarituaren emanaldiarekin hasiko da martxoaren 15ean (eguaztena) Campos Antzokiko Cúpula Aretoan. Edozelan ere, jaialdi gehiena Bilbao Berrikuntza Faktorian egingo da (Uribitarte pasealekua, 3).

Jaialdian urtero emango da Animakom Saria. Ohorezko saria izango da, animazioaren munduko emakumeen lana saritzeko. Aurten, Anna Solanas zuzendariari eta Núria Riba animatzaileari emango zaie.

ANIMAKOM jaialdiaren aurreneko edizioan ia 120 lan eskaini eta profesionalen eta ikasleen nazioarteko film laburrik onenak sarituko dira. Horrez gain, leku berezia egingo zaio euskal animazioari.

Programazioa osatzeko, Panorama eta Krazykoma atal paraleloak izango ditu jaialdiak, baita emanaldiak ere, ANNECYko eta ZINEBI jaialdiekin elkarlanean, eta Stop Motioneko tailer bat umeentzat.

Datorren astean kultur ekimen berria, ANIMAKOM izenekoa, jaiotzen ikusiko du Bilbok; hain zuzen ere, genero horren gaineko Bilboko lehenengo jaialdi tematikoa.

Jaialdia sortu eta bultzatu duen Pedro Rivero zine-zuzendari bilbotarrak eta Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura Zinegotziak, Elbio Aparisi Nielsen jaialdiaren koordinatzailearekin batera, gaur goizean eman ditu ezagutzera martxoaren 15etik 19ra bitartean egingo den eta programazio ugaria duen jaialdiaren zehaztasunak.

ANIMAKOM, Bilboko Animazio Zinemako Nazioarteko Jaialdiaren egoitza Bilbao Berrikuntza Faktoriako Dock espazioa izango da (Uribitarte pasealekua, 3) eta datorren eguaztenean, hilak 15, hasiko da Ann Marie Fleming zuzendariaren ‘Window Horses’ film luzearen emanaldiarekin, 20:30ean, Campos Antzokiko Cúpula Aretoan. Filma Kanadako gazte baten historia da, aita iraniarra eta ama txinatarra dituena, Iranera doana poesia-jaialdi betean parte hartzera. 2016an saririk gehien jaso dituzten animazio-filmetakoa da. Egin-eginean ere, dozena erditik gora Annecy, Gijon eta Torontokoa bezalako jaialdietan.

ANIMAKOM jaialdia Goya saria bitan irabazi duen Pedro Rivero bilbotar zuzendariak eta DEVELOP kultur elkarteak bultzatua da eta Bilboko Udalaren laguntza du, SGAE Fundazioarekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta ZINEBIrekin batera, beste kultur erakunde ofizial batzuen artean eta nazio eta nazioarte mailako erreferente izateko asmoa du.

EMAKUMEEK ANIMAZIOAN DUTEN EGINKIZUNA ALDARRIKATZEN

ANIMAKOM jaialdiaren helburuetako bat animazioaren munduko emakume errealizadoreen, irudigileen eta animatzaileen lana azpimarratzea da, edizio bakoitzean Animakom Saria emanda zinemaren profesional bati edo batzuei, egindako lanaren esker ona erakusteko.

Estreinako edizio honetan, jaialdiko sari hori I + G Stop Motion Kataluniako produkzio-etxeko Anna Solanas eta Núria Ribari emango zaie.

Anna Solanas (zuzendaria) eta Núria Riba (pertsonaien diseinatzailea eta animazioko zuzendaria) espezialistak dira panpinekin egin ohi den animazioan. Orain arte, milatik gora jaialditan hartu dute parte mundu osoan euren film laburrekin. Ehunka sari jaso ere bai; aipagarrienak, berriz, Gaudí Sari bat eta Zilarrezko Méliès bat Europako film laburrik onenari. Euren lana ikusgai jarri da Txotxongiloen Lisboako Museoan eta tailerrak eta hitzaldiak eman dituzte teknika honetan tradizio handia duten Eslovakia, Estonia, Errumania edo Errusia bezalako herrialdeetako jaialdietan.

Anna Solanas eta Núria Riba Bilbon izango dira Animakom Saria jasotzeko hilaren 17an, barikua, 20:00etan, euren lanen atzera begirako emanaldia eskainiko den ekitaldian.

IA 120 LAN, LOKALAK ETA NAZIOARTE MAILAKOAK

ANIMAKOM jaialdiaren aurreneko edizioan ia 120 lan eskainiko dira lehiaketa ataletan (Atal Ofiziala eta Ikasleen Lehiaketa) eta atal paraleloetan (Panorama eta Krazykom, film labur ero eta alternatiboetarako) bilduta, bestela Bilboko publikoarentzat eskuraezina litzatekeen animazio-zinemaren programazioa eskainiz.

Lehiaketatik kanpoko proiekzioen artean aipatzekoa da Annecyko Jaialdi ospetsuaren (Frantziako jaialdia, mundu mailako animazioaren arloko “Cannesa”) lankidetza; izan ere, bere azken edizioko lanik onenen sorta eskainiko du helduentzako eta umeentzako emankizunetan. Bilboko ZINEBI jaialdiaren lankidetza ere nabaria izan da, emakumeek egindako animazioko film laburren emanaldia eskainiko baitu. Film horiek azken lau edizoetakoen artean aukeratutakoak izango dira.

Lehiaketa ataletako (Grand Prix eta Epaimahaiaren Saria profesionalen eta ikasleen film laburrentzat) palmaresak ez eze, ANIMAKOM jaialdian honako sari hauek ere emango dira: euskal film laburrik onenari, emakumeek zuzendutako film onenari (ZINEMAKUMEAK elkarteak emana) eta gidoi onenari (Gidoilari profesionalen Euskal Herriko Elkarteak emana) emango zaizkienak eta berrikuntza-saria (Bilbao Berrikuntza Faktoriak emana).

STOP-MOTION TAILERRA UMEENTZAT

Jaialdiak animaziora ikuspegi praktikoarekin hurbiltzea proposatzen du, Stop Motion tailer bat eginda umeentzat.

Animakom Saria jaso duten Anna Solanas eta Núria Riba izango dira ikastaroa emango dutenak; 6 orduko iraupena izango du, txanda bitan banatuta (11:00-14:00 eta 16:00-19:00) eta martxoaren 18an (zapatua) izango da.

Parte-hartzaile guztien artean cut-out bolumetrikoaren teknikarekin grabatutako film labur bat egitea da tailerraren helburua. Jardunaldia amaitzean jaialdiaren amaierako galan ikusi ahal izango da film hori. Bilboko mapa pertsonala eta interaktiboa” sortzea da xedea eta, horretarako, umeen sormen-prozesuaren ibilbide osoa beteko dute, idazketatik eta pertsonaien diseinutik hasi eta pertsonaiok atrezzoarekin osatu arte, gero filmatzeko eta editatzeko. 7-12 urteko umeentzako den tailerra doakoa izango da (plaza guztiak bete arte). Izena emateko: [email protected].