BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAK – FANTEK, ZENBAIT EUSKAL FILM LABUR AURKEZTUKO DITU OSTIRALEAN BARTZELONAKO XXVII MARATÓ DE CINEMA FANTÀSTIC I DE TERROR IZENEKOAN

FANT-en azken edizioan parte hartu duten zinegile bilbotarren lau film laburren aukeraketa eskainiko da.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak Bartzelonako jaialdian izango duen presentzia, 2012tik, Bilboko eta Bartzelonako alkateek kultur arloko lankidetzarako sinatutako hitzarmenaren fruitua da.  

Joan den maiatzean bere 21. edizioa ospatu zuen Bilboko Zinemaldi Fantastikoa – FANT hirugarren urtez jarraian egongo da Bartzelonako Sants-Montjuic barrutian ospatzen den XXVII Marató de Cinema Fantàstic I de Terror izenekoan.

FANTen presentzia Bartzelonan, 2012ko martxoan Bilboko eta Bartzelonako alkateek sinatu zuten hitzarmenari esker bi hirien artean aurrera eramaten ari den kultur elkarlanaren ondorioa da.

XXVII Marató de Cinema Fantàstic I de Terror zinemaldia astelehenetik, azaroaren 9tik, ari da ospatzen, eta datorren larunbatean amaituko da. FANTen presentzia ostiral honetan, azaroaren 13an, izango da, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Centre Civic de Cotxeres de Santseko ekitaldi aretoan (Bartzelona). Bertan, Marató zinemaldiaren Finalisten ohiko Ekitaldiaren aurretik, zenbait film labur eskainiko dira, Kataluniako zinemaldiko antolatzaileek, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren – FANTen azken edizioan, “FANT laburrean” sekzioaren barruan, proiektatutako lanen artean aukeratutakoak”. Lan hauek izango dira:

Tempo Inverso.  Mikel Muro eta Gregorio Muro. (14 min.)
Magia. Iker Arce. (4 min.)
A Través del Espejo. Ivan Mena Tinoco.  (15min.)
Anómalo. Aitor Gutiérrez (15 min.)

Bilboko Zinemaldi Fantastikoa – FANT gero eta erreferente garrantzitsuagoa da genero horretako nazioarteko zinemaldietan, Bartzelonan izango duen presentziak eta maiatzean ospatu zen azken edizioan zinemaldiak 59 herrialdetatik etorritako 855 film –2014an baino 279 gehiago– jaso izanak erakusten duten bezala.