BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAK – FANTEK, DATORREN MAIATZAREN 5EAN INAUGURATUKO DU BERE 23. EDIZIOA, EDUARDO CASANOVA ANTZEZLE ETA ZUZENDARIAREN LEHENENGO FILM LUZEA DEN “PIELES” LANAREN AURKEZPENAREKIN

Filma, arratsaldeko 20:00etatik aurrera Campos Antzokian egingo den zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian ikusi ahal izango da.

Bilboko Udalak antolatu duen Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANTek, datorren maiatzaren 5ean inauguratuko du bere 23. edizioa, ‘Aída’ telesaioan izan duen partaidetza dela eta ezaguna den Eduardo Casanova antzezle eta zuzendariaren lehenengo film luzea den “Pieles” lanarekin. Emanaldia, arratsaldeko 20:00etan hasita Campos Antzokian egingo den zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian ikusi ahal izango da. Ekitaldi horretan zinegile madrildarra eta filmaren taldeko zenbait kide egongo dira.

“Pieles” lana, fisikoki desberdina den jendearen istorioa da. Desberdintasun horren ondorioz ezkutatu, baztertuta geratu edo beraien artean elkartu behar izan dute. Inork ez du nola jaio aukeratzen. Itxura fisikoak baldintzatu egiten gaitu gizartearen aurrean, guk aukeratu edo ez. Ideia hori landu zuen dagoeneko Casanovak “Eat My Shit” film labur txalotuan. Bertatik, Ana Polvorosak egin zuen pertsonaia berreskuratzen da, ahoaren lekuan uzkia duen neska gaztea.

Polvorosaren pertsonaiaren berezitasun fisikoa, filman ikus daitezkeen eszentrizitateen eta ohikotasunetik kanpoko egoeren adibidea da. Lanak desberdintasuna goraipatu nahi du, eta itxura fisikoak gizartean bizi dugun bizitzan duen eraginari buruzko gogoeta izatea ere bilatzen du.

Ana Polvorosarekin batera, antzezle taldean Carmen Machi, Jon Kortajarena bilbotarra, Candela Peña, Secun de la Rosa, Joaquín Climent, Itziar Castro edo Bilboko zinemaldia birritan bisitatu duen Macarena Gómez daude. Azken horrek, fantasiazko eta beldurrezko generoan garrantzia hartzen ari diren figurei ematen zaien Fantrobia Saria jaso zuen 2007an. “Pieles” lana, Nadie es perfecto enpresarekin batera, filmean ere agertzen den Carolina Bangek, Álex de la Iglesiak bere Pokeepsie Films enpresaren bitartez eta Netflixek ekoiztu dute.

Filma pastel koloretan dago errodatuta, eta arrosa da protagonista nagusia, FANTen ikusteko aukera izan genuen “La hora del baño” film laburrean Casanovak dagoeneko erabili zuen kolorea. Oraingo honetan itxuragabetze fisikoak, maitasun eta etsipen istorioak, itsaslaminaren buztana duen mutil gaztea, aurpegia erreta duen beste bat edo begirik gabeko neska izango dira Berlineko eta Malagako zinemaldietatik igaro den filma osatzen duten elementuak. Azken Zinemaldi horretan, Epaimahai Gazteak Sekzio Ofizialeko Film Hoberenari emandako Saria lortu zuen.

TRAILERRA: https://www.youtube.com/watch?v=glpAz4oKnpk&oref=https%3A%2F%2Fwww.youtube.com%2Fwatch%3Fv%3DglpAz4oKnpk&has_verified=1