BILBOKO UDALAK, ZEHARKALDIA–ZIRKUKO PIRINIOAK IZENEKO EUROPAR PROIEKTUAREN BIDEZ, DEIALDI BAT EGIN DU SEKTOREKO PROFESIONALENTZAT, BITARTEKARITZA LABORATEGI BATEAN PARTE HAR DEZATEN

  • 20 profesional hautatuko dira lurralde mugakideetan, bitartekaritza laborategi honetan parte hartzeko 2021eko martxoaren 15etik 19ra.
  • Zeharkaldia–Zirkuko Pirinioak lankidetza-proiektu bat da. Europar Batasunak finantzatzen du, % 65ean, FEDER Eskualde Garapenerako Europar Funtsaren bidez eta Interreg V-A España-Francia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2014-2020).

Bilboko Udala bazkidea da Zeharkaldia–Zirkuko pirinioak proiektuan, eta deialdi bat egin die sektore horretako profesionalei 2021eko martxoaren 15etik 19ra egingo den bitartekaritza laborategian parte har dezaten.

Deialdia irekita egongo da urtarrilaren 10era arte, eta hautaketa-batzordeak, zeina ZEHARKALDIA proiektuko bazkideek osatzen baitute, 2020ko urtarrilaren 20an emango du jakitera bere azken erabakia. Oinarriak hemen kontsulta daitezke.

Guztira, lurralde mugakideetako 20 profesional hautatuko dituzte, inguru hauetan sozietate-egoitza dutenak edo bizi direnak: Katalunia, Aragoi, Euskadi Autonomia Erkidegoa, Nafarroa, Andorra, Pyrénées Atlantiques, Hautes-Pyrénées, Haute-Garonne, Ariège eta Pyrénées orientales. Espainia eta Frantzia arteko muga ingurua hobetsiko da. Profesional horiek zuzeneko arteetan jardun behar dute, edo erakutsi behar dute badutela esperientzia profesionala zuzeneko arteekin zerikusia duten beste kultur arlo batzuetako proiektuetan.

Zeharkaldia–Zirkuko Pirinioak izeneko proiektuak prozesu batentzat dauka bitartekaritza, artezko egintzekin zerikusia duten baloreak, ezagutzak edo esperientziak transmititzeko prozesutzat. Hala, bada, lau bitartekaritza-proiekturekin lan egingo da, hau da, proiektu bat gidatu nahi duten 4 pertsona eta beste 16 pertsona proiektu horietan parte hartu nahi dutenak, eta honela banatuak:

Prestakuntza eta norberaren proposamena (4 pertsona): bitartekaritza artistikoko, lan komunitarioko edo partaidetzako jardueretan aldez aurretik esperientzia duten artistentzat. Aurretiazko proiektu, esparru edo testuinguru bat izan beharko dute, kolektiboekin egingo diren saioetarako dinamikak proposatzeaz arduratuko dira, eta talde-bitartekaritzako proiektuaren simulazioa taldean egiteko prozesu ireki bat eskainiko dute.
Prestakuntza eta parte-hartzea (16 pertsona): esperientzia teoriko-praktikoa izan nahi duten artistentzat, beste eragile batzuek proposatutako dinamiketan parte hartzea. Prest egon behar dute saio bakoitza gidatzen duenaren dinamikan parte hartzeko, ekarpenak egiteko eta bat egiteko. Ez da beharrezkoa izango proiektu jakin batean lanean aritzea, ez eta ideia zehatz bat edukitzea ere.
Deialdi hau COVID-19ak sortutako egoera berriaren ondorioz aurkeztutako proiektua birbideratzearekin lotuta dago.

Hautatutako parte hartzaile bakoitzak hau eskuratuko du: doan parte hartzea bitartekaritza laborategi batean; 500 euroko ordaina parte hartzeagatik eta beste diru zenbateko bat bidaiak, dietak eta ostatatzea ordaintzeko (hau da, Bilbotik kanpoko parte hartzaileen zerga-egoitzetatik egiten diren bidaiak eta abar); slack delako bat eskuratuko dute, erabiltzaile identifikatu batekin, laborategian jardun baino lehen baliabideak partekatzeko; beste parte hartzaile batzuekin harremanetan jartzeko aukera eta aholkulariei galderak egin ahal izatea martxoa baino lehenagoko epe batean; laborategia amaitzean bitartekaritza proiektu baten zirriborro bat edukitzea maila teorikoan; eta hautatutako 4 proiektuetako baten elkarlanean jardutea maila praktikoan.

ZEHARKALDIA – ZIRKUKO PIRINIOAK

Zeharkaldia – Zirkuko Pirinioak lankidetza-proiektu bat da. Europar Batasunak finantzatzen du % 65ean FEDER Eskualde Garapenerako Europar Funtsaren bidez eta Interreg V-A España-Francia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2014-2020).

Ekimena zirkuko arteetarako mugaz gaindiko lankidetza ekimenaren barruan kokatzen da eta zortzi bazkidek osatzen dute, Pirinioetako alde bietako entitate publiko eta pribatuak. Bazkideen artean daude unibertsitateak (Tolosako Jean Jaurés), entseatzeko eta sortzeko lekuak eta fabrikak (adibidez, La Grainerie, Central del Circ), hedapenerako espazioak, eta alor publikoko entitateak, adibidez Bilboko Udala, urtero Bilboko Kalealdia kaleko arteen nazioarteko jaialdia eta Zirkualde zirku-jaialdia antolatzen dituena, besteak beste.

SARE SOZIALAK

Bilbao Udala: FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
Bilbao Kultura: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
www.bilbaokultura.eus