BILBOKO UDALAK, ZAZPI KALEETAKO BOST JAUREGIREN HISTORIA EZAGUTZEKO OINEZKO IBILBIDEA PROPOSATZEN DU EKAINERAKO, ONDAREAREN HEDAPENERAKO BILBAO IZAN PROGRAMAREN BITARTEZ.

Ekainaren 1etik 28ra Arana jauregia, San Nikolas jauregitxoa, Yohn jauregia, Gortazar jauregia eta Mazarredo jauregia bisitatuko dira –kanpotik–, etxebizitza edo merkataritza erabilera izan zuten arkitektura estilo desberdinetako eraikin azpimarragarriak.

Bisitak, euskaraz eta gaztelaniaz, asteartetik larunbatera egingo dira, goizez eta arratsaldez, eta aurretik erreserba egin beharko da 94 401 00 10 telefono zenbakian. Plaza datorren ASTELEHENETIK, maiatzaren 23tik, aurrera erreserbatu ahal izango da.

Bilboko Udaleko Kultura Sailak hilaren hasieran ekin zien berriro Hiriko eraikin enblematikoetara egiten ziren bisita gidatuei, ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programaren barruan. Edizio honetan, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako hainbat jauregitan zentratuko da.

Maiatzean jendeak Olabarri jauregia bisitatu ahal izan badu, ekainerako Bilbao Izanek oinezko ibilbide gidatua proposatzen du Zazpi Kaleetatik, jatorrizko Bilboko bost jauregi enblematikoren historia eta kanpoko arkitektura ezagutzeko, Arana jauregia, San Nikolas jauregitxoa, Yohn jauregia, Gortázar jauregia eta Mazarredo jauregia. Bisitak ekainaren 1etik 28ra egingo dira, eta plaza datorren ASTELEHENETIK, maiatzaren 23tik, aurrera erreserbatu ahal izango da.

Hiribildua sortu zen erdigunea diren Zazpi Kaleek euren hasierako hiri egiturari eutsi diote distira eta gainbehera epealdietan. Bertako kaleetan zehar ibiliz hainbat eraikin ikus ditzakegu, eta horien artean jauregiek eta jauregitxoek leku azpimarragarria betetzen dute. Eraikin horiek hiriaren eraldaketa eta hazkunde prozesuan ibilbidea egiteko aukera ematen digute, estilo arkitektoniko eta garai historiko anitzetatik.

Arana Jauregiaren aztarna gotikoetatik San Nikolaseko Jauregitxoak duen Bigarren Inperioko estiloraino, Yohn Jauregiaren barrokotik, Gortazar Jauregiaren neoklasizismo berritik edo Mazarredo Jauregiaren Errenazimenduko jatorrietatik igaroz. Etxebizitza edo saltoki gisa erabili ziren jauregitxoak, historian garrantzia izan duten edo hiribilduaren aldaketa handien lekuko izan diren pertsonak bizi izan ziren etxeak. Eraikin horien historiak Bilboko bizitzako lehen mendeetatik bidaia egiteko, eta horrela hiribilduaren bilakaerari eta bertan bizi izan zirenen bizitzari buruz gehiago jakiteko, aukera emango digu.

Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, astearteetan eta asteazkenetan 17:00etan eta 18:45ean; ostegunetan eta ostiraletan goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 18:00etan (ostiralean 18:00etan euskaraz); eta larunbatetan goizeko 10:00etan eta 11:45ean, datorren ekainaren 28ra arte. Bisita euskaraz egin nahi duten taldeek eguna eta ordua adostu ahal izango dute. Bisitak ordubete eta erdi inguruko iraupena izango du, eta talde bakoitzak, gehienez ere, 30 pertsona izango ditu. Hori dela eta, beharrezkoa izango da aurretik erreserba egitea 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz (astelehenetik igandera, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara), datorren ASTELEHENETIK aurrera.

BILBAO IZAN
Bilbao IZAN programa duela hamar urte sortu zen, Bilboko biztanleei eta interesa duten guztiei, hiriaren historia, ondarea, eta gaur egun Hiria osatzen duten guneek denboran zehar izan duten bilakaera eta eraikuntza ezagutarazteko. Asmo horrekin zenbait ekimen gauzatu dira, horien artean, auzoetara egindako bisita gidatuak “Bilbo, hil bakoitzean auzo bat”, “Botxoko mendi-mazelak deskubritzen” eta “Hamabi begirada Bilbori” programen bitartez. Auzoetara egindako bisita gidatuen programari jarraipena emanez, Kultura eta Hezkuntza Sailak beste pauso bat eman zuen, bere arreta, ondarearen ikuspegitik bereziak diren Hiriko eraikinetan jarriz. Orain arte Bilboko 19 eraikin berezi bisitatu dira.

AGENDA:

Ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programa
BISITA GIDATUAK ZAZPI KALEETAKO JAUREGIETARA ETA JAUREGITXOETARA
(Topalekua: Ronda kalea, 1)

Ekainaren 1etik 28ra
Astearteetan eta asteazkenetan: 17:00etan eta 18.45ean
Ostegunetan eta ostiraletan: 10:00etan eta 18.00etan (euskaraz)
Larunbatetan: 10:00etan eta 11:45ean
Doakoa. Erreserba zabalik maiatzaren 23tik aurrera: 94 401 00 10 / 010 (astelehenetik igandera goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara).

+Info: www.bilbaokultura.eus / Facebook: Bilbao Izan / Youtube y flickr: bilbao kultura