BILBOKO UDALAK MAIATZEAN EKINGO DIE BERRIRO ONDAREAREN HEDAPENERAKO BILBAO IZAN PROGRAMAKO DOAKO BISITA GIDATUEI, GERRA ZIBILAK ETA BESTE BORROKALDI BATZUEK HIRIAN UTZI DUTEN AZTARNARI BEGIRA

Maiatzaren 2tik 27ra, Santutxun hasiko den ibilbidea proposatuko zaio jendeari, euren jardueran Gerra Zibilaren eragina jasan zuten hainbat leku ezagutzeko, altxatutako indar armatuak Bilbora sartu zirenetik 80 urte laster beteko diren honetan.

Bisitak, euskaraz eta gaztelaniaz, asteartetik larunbatera egingo dira, goizez eta arratsaldez, eta aurretik erreserba egin beharko da 94 401 00 10 telefono zenbakian. Erreserbak datorren ASTEARTETIK, apirilaren 18tik, aurrera egin ahal izango dira.

Bilboko Udalak maiatzean ekingo die berriro Hiriko gune berezietara egiten diren bisita gidatuei, ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programaren barruan. Edizio honetan, azken gerrak eta beste borrokaldi historiko batzuek hirian utzi duten aztarnan eta historian zentratuko da.

Horrela, maiatzaren 2tik 27ra oinezko ibilbidea proposatuko da, Santutxuko Karmelo Plazara joateko eskaileratxoetatik irtenda, euren eguneroko jardunean Gerra Zibilaren eragina jasan zuten hainbat leku ezagutzeko, altxatutako indar armatuak Bilbora sartu zirenetik 80 urte laster beteko direnean –ekainaren 19an–. Tokiko ondarea ezagutarazteko bisita gidatu horiek 2005ean jarri ziren martxan, eta bisita kopuruak gora egin du, jendearen aldetik jaso duten harrera bikaina dela eta.

Gerra Zibila ekarri zuen 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarraren ondoren, Bilbok Bigarren Errepublikarekiko leial izaten jarraitu zuen. Eusko Jaurlaritzaren behin behineko egoitza bilakatu zen, altxatutako armadaren esanetara ari ziren hegazkin alemanek eta italiarrek bonbardatzen zuten bitartean. Burdinazko Gerrikoaren lerro gotortuak babesten zuen hiria, baina, azkenean, Francoren indarrak Bilbon sartzea lortu zuten 1937ko ekainaren 19an.

Bonbardaketaz, une gogorrez eta bizirik irauteko borrokaz betetako urte horietan, Bilboko eraikin asko ospitale, presondegi, hainbat gobernu sailen egoitza, kuartel, ihes egindakoentzako ostatu, umezurztegi edo babesleku bilakatu ziren. Bilboko kartzela gehienak Zabalbide kalearen inguruan zeuden: Larrinagako Probintzia Presondegia, Galera Etxea edo Orueren Txaleta atxilotuak giltzapean edukitzeko leku izan ziren.

Beste alde batetik, Karmelo Komentuak ospitale txiki bat eduki zuen Hiria erori arte, eta Errepublika defendatzeko borrokan aritu zirenen umezurtzek Santutxu kaleko higiezin batean aurkitu zuten babeslekua denbora batez. Urte horietan beste eraikin batzuk, Casa de Expósitos izenekoa edo Emakume Irakasleen Eskola, besteak beste, ebakuatu behar izan ziren. Eraikin horien historiak, Bilborentzat eta bertako biztanleentzat gogorrak izan ziren urte haietatik bidaia egiteko aukera emango digu.

Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, astearteetan eta asteazkenetan 16:00etan eta 18.00etan; ostegunetan eta ostiraletan 10:00etan, eta 17:00etan (euskaraz) eta larunbatetan 10:00etan, eta 12:00etan, datorren maiatzaren 27ra arte. Bisita euskaraz egin nahi duten taldeek eguna eta ordua adostu ahal izango dute. Bisitak ordubete eta erdi inguruko iraupena izango du, eta talde bakoitzak, gehienez ere, 30 pertsona izango ditu. Hori dela eta, beharrezkoa izango da aurretik erreserba egitea 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz (astelehenetik igandera, 08:00etatik 20:00etara), datorren ASTEARTETIK, apirilaren 18tik, aurrera. Bisitarako topalekua, Santutxuko Karmelo Plazara joateko eskaileratxoak izango dira.

BILBAO IZAN
Bilbao IZAN programa duela hamabi urte sortu zen, Bilboko biztanleei eta, orokorrean historian interesa duten guztiei, hiriaren ondarea eta bilakaera, eta gaur egun Hiria osatzen duten guneek denboran zehar izan duten eraikuntza prozesua ezagutarazteko. Asmo horrekin zenbait ekimen gauzatu dira, horien artean, auzoetara egindako bisita gidatuak “Bilbo, hil bakoitzean auzo bat”, “Botxoko mendi-mazelak deskubritzen” eta “Hamabi begirada Bilbori” programen bitartez. Auzoetara egindako bisita gidatuen programari jarraipena emanez, Kultura Sailak beste pauso bat eman zuen, bere arreta, ondarearen ikuspegitik bereziak diren Hiriko eraikinetan eta gertakarietan jarriz.

AGENDA:

Ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programa
BISITA GIDATUAK “Gerra Zibila I”

Maiatzaren 2tik 27ra
Astearteetan eta asteazkenetan: 16:00etan eta 18:00etan
Ostegunetan eta ostiraletan: 10:00etan eta 17:00etan (euskaraz)
Larunbatetan: 10:00etan eta 12:00etan
Doakoa. Erreserba zabalik apirilaren 18tik aurrera: 94 401 00 10 / 010 (astelehenetik igandera goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara).

+Info: www.bilbaokultura.eus / Facebook: Bilbao Izan / Youtube eta flickr: bilbao kultura