BILBOKO UDALAK FEDER FUNTSEN 102.700 EUROKO DIRU-LAGUNTZA JASO DU ZIRKUKO IKUSKIZUN ESZENIKOEN SORRERARI ETA HEDAPENARI LAGUNTZEKO, MUGAZ GAINDIKO LANKIDETZARAKO “ITSASOTIK ITSASORA – ZIRKUKO PIRINIOAK” PROGRAMAREN BARRUAN

“Itsasotik itsasora – Zirkuko Pirinioak” ekimenak 1,3 milioi euro jaso ditu guztira hurrengo hiru urteetarako. Diru hori profesionalen prestakuntzara eta sorkuntza industria horretako ikuskizunak sortzera, hedatzera eta nazioartera zabaltzera bideratuko da.

Ekimena osatzen duten hamahiru bazkideak, Pirinioetako bi aldeetako erakunde publikoak eta pribatuak, ASTELEHENEAN eta ASTEARTEAN elkartuko dira Bilbon, gauzatu beharreko proiektuen oinarriak finkatzeko.

Bilboko Udalak 102.000 euroko diru-laguntza jaso du, Lurralde Garapenerako Funts Europarraren kargura, datozen hiru urteetan, batez ere Udalak antolatzen dituen Bilboko Kalealdia eta Zirkualde kaleko jaialdien bitartez jendearengana helduko diren zirku garaikideko ikuskizunen sorkuntza eta hedapena bultzatzeko hainbat proiektu martxan jartzeko.

Ekimen hori, zirkuko arteak bultzatzeko mugaz gaindiko lankidetzarako “Itsasotik itsasora – Zirkuko Pirinioak” ekimenaren barruan dago. Bilbo 2012tik da ekimen horren partaide, eta guztira 1,3 milioi eurotik gorako diru-laguntzak jaso ditu artista profesionalen prestakuntzara, laguntza artistikora edo dagoeneko finkatuta dauden konpainien aldetik babesa ematera, ikuskizunak sortzera eta hedatzera eta sorkuntza industria berri hori nazioartera zabaltzera bideratutako proiektuetarako.

Ekimena osatzen duten hamahiru bazkideak, Pirinioetako bi aldeetako –Frantzia, Espainia eta Andorra– erakunde publikoak eta pribatuak, ASTELEHENEAN eta ASTEARTEAN elkartuko dira Bilbon, gauzatu beharreko proiektuen oinarriak finkatzeko. Proiektu horiek urte amaieratik aurrera hasiko dira gauzatzen, eta Bilboko Udalaren kasuan zirkuko ikuskizunen sorkuntzan eta hedapenean zentratuko dira. Epealdi honetarako aurrekontua 158.000 eurokoa izango da.

Hedapenaren alorrean helburua proiektu artistikoak lan merkatu profesionalean hobeto murgiltzen laguntzea, mugaz gaindiko hedapen sarea ezartzea eta hobetzea eta formatu guztien hedapena bultzatzea da: kalea, aretoa eta karpa.

Sorkuntzari emango zaion laguntza hainbat modutara bideratuko da: egoitza artistikoak bideratuko dira ikuskizun jakin bat gauzatzeko, laguntza ekonomikoarekin eta artistikoarekin; bekak emango dira konpainia batean lan egiteko, sorkuntza industria hori bultzatzeko xedez; artisten profesionalizazioa bultzatuko da; eta hedapenerako sarea eta nazioartera irtetea hobetuko dira, enplegua sortzeko beste palanka gisa.

Hamahiru bazkideen artean Escola de Circ Rogelio Rivel edo Le Lido bezalako eskolak, Frantziako Tolosako Jean Jaurés bezalako unibertsitateak, La Grainerie, Central del Circ edo Hameka bezalako entsegu eta sorkuntza lekuak eta lantegiak eta hedapenerako guneak eta alor publiko erakundeak daude, urtero Bilboko Kalealdia kaleko arteen nazioarteko jaialdia eta Zirkualde zirku jaialdia antolatzen dituen Bilboko Udala, adibidez.