BILBOKO UDALAK DIRU-LAGUNTZA EMANGO DIO EUSKALTZAINDIARI, BERE MENDEURRENAREKIN LOTUTAKO EKITALDIAK EGITEKO BILBON

Bilboko Udalak lehentasunezkotzat jo du Euskaltzaindiak ehun urte hauetan egindako lana gizartean zabaltzeko egin nahi duen ahalegina. Horiek horrela, Euskaltzaindiarekin lankidetzan, Bilbotik eta Bilborako hizkuntzaren inguruan egiten diren ekintzak bideratu nahi ditu Bilboko Udalak.
Erakunde biek sinatutako hitzarmenaren bidez 25.000 euroko diru-laguntza gauzatuko da; Euskaltzaindiaren mendeurrena gogoratzeko ekitaldiak Bilbon egiteko izango da kopuru hori (jardunaldi akademikoak, ekitaldi instituzionalak, ekitaldi artistikoak eta kulturalak…).

 

Euskaltzaindiaren sorrera 1918an hasi eta 1919an amaitu zen eta hortaz, 2018-2019an 100 urte beteko ditu. Bilboko Udalak Euskaltzaindiaren mendeurrenean parte hartu nahi du eta horretarako, Gobernu Batzordeak 25.000 euroko diru-laguntza eman dio erakunde horri.

Bilboko Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez arautu da diru-laguntza hori, mendeurrena ospatzeko Bilbon egingo diren zenbait ekitaldi eta jardunaldi garatzeko erabiliko dena.

Euskaltzaindia da, sorreratik bertatik, euskara jagoteaz arduratzen den erakunde ofiziala. Euskaltzaindiaren zeregina zabala eta sakona da. Euskarari buruzko ikerlanak egiten ditu, berori babestea eta hizkuntzaren normalizaziorako arauak prestatzea ditu xede. Hasiera-hasieratik, Euskaltzaindia hizkuntzaren corpus-az arduratu da, baina, halaber, baita berorren estatus sozialaz ere.

Bilboko Udalaren helburu nagusietako bat da euskararen sustapena eta normalizazioa; eta horregatik, lehentasunezkotzat jotzen du Euskaltzaindiak ehun urte hauetan egindako lana gizartean zabaltzeko erakunde horrek egin nahi duen ahalegina. Horiek horrela, Euskaltzaindiarekin lankidetzan, Bilbotik eta Bilborako hizkuntzaren inguruan egiten diren ekintzak bideratu nahi ditu Bilboko Udalak (jardunaldi akademikoak, ekitaldi instituzionalak, ekitaldi artistikoak eta kulturalak…).

Euskaltzaindiak mendea beteko du 2018-2019an. Eta mendeurrenaren helburuak hiru dira:
-Euskaltzaindiak mende honetan egin duen lana gizarteratzea eta eginiko bidea balioestea, eta, ondo egindakoak azalduz eta eginkizun daudenak edota gaizki egindakoak onartuz.
-Mendeurrena baliatzea Euskaltzaindiak, Iker eta Jagon Sailetan, etorkizunerako dituen asmoak (hiztun eta erabiltzaileek dituzten beharrak) eta ildo estrategikoak gizarteratzeko.
-Gizarte zibila euskararen eta euskal kulturaren inguruan egituratzen saiatzea. Helburua da gizarte zibiletik euskararen biziberritzeari bultzada berri bat ematea, datozen bi hamarkadetarako.
-Horregatik, Udalak Euskaltzaindiari ematen dion diru-laguntzaren xedea da mendeurrenaren harira jardunaldiak eta ekintzak egitea ahalbidetzea (2019ko irailera arte).

Hitzarmen hori, Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko gainerako hitzarmenak bezala, euskara sustatzeko Udalak duen ekintza-planaren barruan sartzen da eta hiru helburu estrategiko hartzen ditu bere gain: euskararen transmisioa, erabilera soziala eta hizkuntzaren kalitatea.

Azken helburu honetan funtsezko eginkizuna du Euskaltzaindiak, hizkuntzaren normalizaziorako beharrezkoa den estandarizazioa zaintzeko eta euskarak arlo guztietan bizirik iraun dezan.

EUSKALTZAINDIAK EHUN URTE BETEKO DITU AURTEN

Aurten Euskaltzaindiaren mendeurrena izango da. Sortu zenetik (1918-1919) Bilbon izan du beti egoitza nagusia, Euskal Herriko lau Foru Diputazioen babesarekin eratu bazen ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak, euskararen gainean, aholku-erakunde ofizialaren maila eman zion Euskaltzaindiari. Ildo horretan, bere eginkizunak euskararen gramatikaren arauak ikertzea eta ematea, euskararen erabilera bultzatzea eta euskararen eskubideak zaintzea dira.

Aurreneko lau euskaltzainak, 1919an, Resurrección María de Azkue, Luis Elizalde, Julio Urkixo eta Arturo Campión izan ziren; lehenengo Euskaltzainburua, berriz, Resurrección María de Azkue.

Hasieran Euskaltzaindiak bi sail zituen: euskal ikerleen saila eta jagoleena. Lehenengoak euskararen arazo linguistikoak bideratzen zituen eta bigarrenak, berriz, gizartearen esparru guztietan bultzatzen zuen euskararen erabilera. 1920tik hona Euskaltzaindiak Euskera izeneko argitalpen ofiziala du.

Gaur egun, 29 euskaltzain oso –botoa eta erabakiak hartzeko ahala dute- eta emeritu ditu, ohorezko 34 euskaltzain eta 149 euskaltzain urgazle, guztiak ere batzordeetako lanetan parte hartzen dutenak. Euskaltzainburua Andrés Urrutia da 2005az geroztik.

Aurtengo urrian hasi eta 2019ko irailera bitartean Euskaltzaindiak mendeurrena ospatuko du. Bilboko Udala, Juan Mari Aburto Alkatea ordezkari dela, Euskaltzaindiaren mendeurreneko batzorde bereziko partaide dugu; batzordeburua Iñigo Urkullu Lehendakaria da eta Euskal Herriko gainerako erakundeek ere parte hartzen dute batzorde horretan.