BILBOKO UDALAK “DARWINEN EGUNA” OSPATUKO DU ASTELEHENEAN, BIDEBARRIETA KULTURGUNEAN EGINGO DEN ZIENTZIA HEDAPEN TOPAKETAREKIN

Helena Matute Deustuko Unibertsitateko Psikologia katedradunak eta, Carlos Briones, CSIC-INTA Astrobiologia Zentroko biokimikariak, bi hitzaldi emango dituzte, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan. Sarrera doakoa da, baina beharrezkoa izango da gonbidapena jasotzea liburutegian bertan.

Bilboko Udalak, Charles Darwin, Alfred Russel Wallacerekin batera eboluzioaren teoriaren asmatzaileetako bat, jaio zeneko 209. urteurrena ospatuko du datorren ASTELEHENEAN. “Darwinen Egunaren” programazioa jende guztiari zuzenduta dago, baina zorroztasun zientifikotik eta profesionaltasunetik. Aurtengo edizioan bi hitzaldi eskainiko ditu, Helena Matute, Deustuko Unibertsitateko Psikologia Katedradunarekin eta Carlos Briones, Astrobiologia Zentroko (CSIC-INTA) Eboluzio Molekular Laborategiko biokimikariarekin.

Ohikoa denez, hitzordua arratsaldeko 19:00etan izango da, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin. Ezinbestekoa izango da aurretik gonbidapena jasotzea, liburutegian bertan, GAURTIK aurrera, lau sarrera pertsona bakoitzeko, gehienez ere. Leku guztiak betetzen direnean ez zaio inori aretora sartzen utziko, baina topaketa streamingez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

“Darwinen eguna” Bilboko Udaleko Kultura Sailaren, EHU/UPVko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Zirkulu Eszeptikoaren artean antolatutako ekimena da, CICbioGUNEren, Aula Espacio Gelaren, Bizkaia Fundazio Biofisikoaren eta El Correo egunkariaren laguntzarekin. Bidebarrieta Zientifikoaren urteko jardueren egutegiaren barruan dago. Ekimen horrek, zientzia jende guztiari, era atseginean eta didaktikoan, hurbiltzeko helburua duten “Matematikak eguneroko bizitzan” edo “Zientzia egiten duten emakumeak” programak jasotzen ditu, besteak beste.

“Darwinen Eguneko” hitzaldiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira, Helena Matuteren “Sesgos cognitivos y evolución” hitzaldiarekin. Joera kognitiboak, ikus-ilusioak bezala, era sistematikoan egiten ditugun akatsak dira, gure burua egituratuta dagoen moduaren araberakoak baitira. Testuinguru ebolutibo batean sortu diren pentsamenduaren “laburbideak” dira, eta badute euren izateko arrazoia, baina testuingurutik kanpo gaudenean, gugan eragina duten buruko tranpa bilakatzen dira, batzuetan oso modu kaltegarrian, norbanako zein gizarte mailan.

Helena Matute Psikologia Katedraduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Psikologia Esperimentaleko laborategia zuzentzen eta giza ikasketari eta memoriari buruz ikertzen du, joera kognitiboei eta ilusio kausalei buruzko gaiak, hain zuzen ere. Ikerketa artikulu asko argitaratu ditu nazioarteko aldizkari zientifikoetan, eta Psikologia Esperimentaleko Espainiako Elkarteko eta Psikologia Konparatuko Espainiako Elkarteko presidentea izan da. Azken hori da animalia espezieetan prozesu kognitiboak aztertzen dituen espezialitatea.

Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioko (FECYT) Zientzia Kontseilu Aholkulariko kide da, doktoretza ikastaroak eta hitzaldiak eman ditu nazio barruko eta atzerriko hainbat unibertsitatetan, eta ikerlari bisitari gisa aritu da lanean Malagako, Minnesotako (AEB), Queenslandeko (Australia), Sidneyko (Australia), eta Ganteko (Belgika) unibertsitateetan. Zientziaren hedapenean egin duen lanari esker, Prisma Saria eta hedapenerako JotDown saria lortu ditu.

Ondoren, 19:45etik aurrera, Carlos Briones Astrobiologia Zentroko (CSIC-INTA) Eboluzio Molekular Laborategiko biokimikariaren txanda izango da. “Los primeros pasos de la evolución darwiniana” hitzaldian, gertatzen ari diren aurrerapen zientifikoak komentatuko ditu, eta Darwinen eboluzioaren inguruan eman ziren lehenengo pausoek, gaur egun parte garen bioaniztasunaren eraikuntzarako oinarriak ezarri zituztela erakutsiko du.

Carlos Briones Zientzia Kimikoetan Doktore (Biokimika eta Biologia Molekularreko espezialitatea) da Madrilgo Unibertsitate Autonomotik, “Severo Ochoa” Biologia Molekularreko Zentroan (CSIC-UAM) egindako Doktoretza Tesiarekin. CSICeko Zientzialari Titularra da Astrobiologia Zentroan (CSIC-INTA, NASA Astrobiology Instituteko kidea), eta biziaren jatorriari eta eboluzio goiztiarrari, RNAn oinarritutako sistema erreplikatiboei eta biosentsoreen garapenari buruzko ikerketak egiten dituen taldea zuzentzen du bertan 2000. urtetik. 70 zientzia artikulu inguru idatzi ditu SCI aldizkarietan, beste egile batzuekin batera, 30 kapitulu liburu espezializatuetan, eta 8 patenteren asmatzaileetako bat da bioteknologiaren eta biomedikuntzaren alorretan.

Aldi berean, zientziaren hedapenaren arloan ere ibilbide luzea egin du, hizlari eta ikastaro koordinatzaile gisa. Bere dibulgazio artikuluak aldizkari, egunkari eta blog askotan agertu dira. Telebista eta irrati saioetan hartu du parte. Hainbat dibulgazio liburu idatzi ditu, beste batzuekin batera, horien artean “El nanomundo en tus manos” (Drakontos bilduma, Ed. Crítica, Bartzelona, 2014) eta “Orígenes. El universo, la vida, los humanos” (Drakontos bilduma, Ed. Crítica, Bartzelona, 2015; 2015ean argitaratutako zientzia dibulgazioko liburu hoberenaren 2016ko Prisma Saria).

OTSAILAK 12 – DARWINEN EGUNA

19:00etan – “Sesgos cognitivos y evolución”, Helena Matute, Deustuko Unibertsitateko Psikologia Katedraduna eta Psikologia Esperimentaleko Laborategiko zuzendaria.
19:45ean – “Los primeros pasos de la evolución darwiniana”, Carlos Briones, Astrobiologia Zentroko (CSIC-INTA) Eboluzio Molekular Laborategiko biokimikaria.
20:30ean – Mahai ingurua.

GONBIDAPENAK JASOTZEA
Lekua: Bidebarrietako liburutegia
Egunak: Otsailaren 5etik 12ra. Larunbatean eta igandean izan ezik.
Ordutegia: 10:00-14:00  //  16:00-20:00.
Gehienez ere 4 sarrera pertsona bakoitzeko

+ INFO: www.bilbao.eus eta www.bilbaokultura.eus