BILBOKO UDALAK BLAS DE OTERO POESIA LEHIAKETAREN X. EDIZIOAN SARITUTAKO LANAK JASOTZEN DITUZTEN BI LIBURUKI ARGITARATU DITU

Rafa Ugalde Iragorriren “Hondar aleak” (Erein arg.), euskarazko modalitateko 2017ko Blas de Otero Saria eta gaztelaniako modalitateko saria jaso zuen Raquel Ramírez de Arellanoren “La arquitectura de las colmenas” (Devenir arg.) dira.

 

Bilboko Udalak, Erein eta Devenir argitaletxeen bitartez, Blas de Otero Bilboko Hiria Poesia Lehiaketako 2017ko edizioan saritutako poesia liburuak argitaratu berri ditu. Rafa Ugalde zornotzarraren “Hondar aleak” (Erein arg.), eta Raquel Ramírez de Arellano egile madrildarraren “La arquitectura de las colmenas” (Devenir arg.) lanak dira. Bi liburukiak salgai eta Bilboko Udal Liburutegi Sarean maileguan eskuragarri daude.

2002an Gabriel Aresti ipuin lehiaketa irabazi zuen Rafa Ugalde Iragorri Zornotzako idazlearen “Hondar aleak” poema liburuari dagokionez, epaimahaiak azpimarratu zuen poema liburuan argi eta garbi agertzen dela poetaren desio pertsonala, egunerokotasuna eta galdu dena, dagoeneko ez dauden pertsonak, adiskideak edo haurtzaroa, erabateko zehaztasunez marraztuz. Horrez gain, baliabide poetikoen eta hizkuntzaren aberastasuna ere baloratu zituen.

Biologian lizentziatutako Rafa Ugalde euskara irakaslea ere bada, eta sei liburu inguru ditu argitaratuta. Azkenengoa “Baltzolako Ipuinak” da (Ibaizabal argitaletxea), hamabost kontakizunen bilduma, poesiaz eta gozotasunez idatzitako ipuinak, Baltzola eta Axlor inguruak ikertu dituzten eta aztertzen jarraitzen dituztenei eskainitako omenaldia.

Gaztelaniazko sari nagusia lortu zuen Raquel Ramírez de Arellanoren “La arquitectura de las colmenas” poema liburuari dagokionez, epaimahaiaren iritziz, liburua “egundokoa da, Pablo Nerudak lan azpimarragarriei ematen zien esanahian”, hau da, egundokoa tamainarengatik, egundokoa ahots aberastasunarengatik eta egundokoa hitzen basoaren gainetik hegaz egiten duten irudien ugaritasunarengatik. Horrela, oso landutako liburua dela nabarmendu zuen, hitz bakoitzak irudi poetikoari laguntzen dio, eta metafora bertsotik bertsora mugitzen da, arintasunez salto eginez.

Unibertsitate Konplutensean Filologia Hispaniarrean lizentziatutako Raquel Ramírez de Arellano Gaztelania eta Literatura irakasle gisa ari da lanean 2000. urtetik Bigarren Hezkuntzan. 2014an argitaratu zuen bere lehenengo poema liburua, “Riego automático”, Ártese quien pueda argitaletxean.

Blas de Otero Poesia Lehiaketa urtero deitzen du Bilboko Udaleko Kultura Sailak. Lehiaketaren helburua literatura jarduera eta talentu berrien agerpena sustatzea da, Blas de Otero poeta bilbotarraren memoria eta lana bizirik iraunarazteaz gain.