BILBOKO UDALAK “BLAS DE OTERO – BILBOKO HIRIA” NAZIOARTEKO POESIA SARIAREN HAMAIKAGARREN EDIZIOA DEITU DU

Literatur sariketak 5.500 euroko bi sari banatuko ditu, epaimahaiaren iritziz hoberenak diren bi poema bildumentzat, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan.

Jatorrizkoak eta argitaratu gabeak eta beste ezein sariketan saririk jaso bakoak izan behar duten lanak aurkezteko epea bihartik, Blas de Oteroren Egunetik, maiatzaren 30era egongo da zabalik.

 

Gaurko egunez poeta Bilbon jaio zen urteurrenarekin bat etorriz, Bilboko Udalak Kultura eta Blas de Otero Fundazioak, edozein nazionalitate duten edo edozein lekutan bizi diren egileei zuzendutako “Blas de Otero-Bilboko Hiria” Nazioarteko Poesia Sariaren hamaikagarren ediziorako jatorrizko lanak aurkezteko epea zabaldu dute. Literatur sariketak 5.500 euroko bi sari banatuko ditu, epaimahaiaren iritziz hoberenak diren bi poema bildumentzat, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan.

Lehiaketara aurkezten diren lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dira, eta beste ezein sariketan saririk edo accesitik jaso gabeak. Halaber, ez dira jatorrizko lan gisa onartuko aurkezten den modalitateko hizkuntzara beste hizkuntza batetik itzulitako lanak.

Lanek 700 bertso izango dituzte gutxienez, eta 1.000 gehienez, eta gaia, errima eta neurria libreak izango dira. Lehiaketaren oinarriek ezartzen dutenez, jatorrizko lanak formatu digitalean baino ezin izango dira bidali, Bilboko Udalaren webgunearen bitartez, maiatzaren 30a baino lehen: www.bilbao.eus/premioblasdeotero eta www.bilbao.eus/blasdeoterolehiaketa

Blas de Otero-Bilboko Hiria Saria 2008an jarri zuen martxan Bilboko Udalak, literatur sorkuntza sustatzeko eta hiriko egile garrantzitsuenetako baten figura eta lana bertako biztanleengana hurbiltzeko.

Aurreko edizioan, gaztelaniazko modalitateko irabazlea Raquel Ramírez de Arellano idazle madrildarra izan zen, “La arquitectura de las colmenas” poema liburuarekin, eta Rafa Ugalde Iragorri poeta zornotzarrak irabazi zuen euskarazko sari nagusia, “Hondar aleak” lanari esker. 510 poema liburu aurkeztu ziren -15 euskaraz- horietako asko Europatik eta Latino Amerikatik bidalitakoak. Horrek argi eta garbi erakusten du erabat finkatuta dagoen sariketaren nazioarteko izaera.

BILBAOPOESIA
Bihar, ostegunean, hasiko da Bilboko Udalak antolatzen duen eta Blas de Otero Bilboko poeta handiari eskainita dagoen egun instituzionalarekin eta mundu osoan martxoaren 21ean ospatzen den Poesiaren Mundu Egunaren ospakizunarekin bat egingo duen BILBAOPOESIA literatur jaialdiaren beste edizio bat Bidebarrietako Liburutegian.

Horrela, Blas de Oteroren eguna ospatzeko, BILBAOPOESIAk ibilbide luzeko arkitekto eta poeta ezaguna ekarriko du, Joan Margarit (Sanaüja, Lleida, 1938), -2008ko Poesia Sari Nazionala “Casa de misericordia” lanarekin-. Oteroren poesia ondo ezagutzen eta asko miresten duen Margaritek aitortzen duenez, 22 urte zituenetik irakurtzen du Otero. Katalanez eta gaztelaniaz hogeita hamar poesia liburu inguru idatzi dituen Lleidako poetak bere poemen irakurketa egingo du eta Jon Kortazar idazle eta literatur kritikariarekin solasean arituko da, arratsaldeko 19:30etik aurrera, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte.