BILBOKO UDAL LIBURUTEGI SAREAK JOXE MIGEL BARANDIARANEN JAIOTZAREN 125. URTEURRENA OSPATUKO DU, ARKEOLOGIARI ETA HISTORIAURREARI BURUZKO HITZALDI BIREKIN

Hitzaldiak Joseba Ríos eta Diego Garate ikerlariek emango dituzte, OTSAILAREN 19an eta 26an, hurrenez hurren, arratsaldeko 19:00etan, Deustuko eta Begoñako liburutegietan.

Bilboko Udal Liburutegi Sareak bat egingo du joan den abenduaren 31n bete zen Joxe Migel Barandiaranen jaiotzaren 125. urteurreneko ospakizunekin, arkeologiari eta historiaurreari buruzko hitzaldi biren bitartez, Joseba Ríos eta Diego Garate ikerlarien eskutik. Hitzaldietarako sarrera librea izango da, eta hurrengo bi ostegunetan izango dira, OTSAILAREN 19an eta 26an, Deustuko eta Begoñako udal liburutegietan.

 

Lehenengo topaketa OSTEGUN HONETAN izango da, arratsaldeko 19:00etan, Deustuko Udal Liburutegian. Bertan, Joseba Ríos ikerlariak Neandertalei buruz hitz egingo du. Bizkaian bizi izan ziren, eta azken urteetako aurkikuntza eta aztarna gehienak horiei buruzkoak izan dira. Horri esker, 100.000 urte baino gehiago bizirik irautea lortu zuen espezie hori askoz hobeto ezagutzeko aukera izan dugu. Gaur egun badakigu lurralde zabalak ustiatzen zituztela, oso ehiztari eraginkorrak zirela eta nahiko kultura eta gizarte egituratuak zituztela.

 

Joseba Ríos bilduma litikoen kudeatzaile da Burgoseko Centro Nacional para la Investigación sobre la Evolución Humana (CENIEH) izenekoan. Arlanpe (Lemoa) edo Axlor (Dima) bezalako aztarnategietako indusketa proiektuen zuzendaritzan aritu da, eta une honetan Aranbaltzako (Barrika) aire zabaleko aztarnategiko indusketak zuzentzen ari da.

 

Hurrengo egunean, OTSAILAREN 26an, arratsaldeko 19:00etan, baita ere, Begoñako Udal Liburutegian, Diego Garate izango da bertaratzen direnak artearen jatorrira hurbilduko dituena, gaur egungo giza espeziari, Homo Sapiensari, lotuta. Horrelako arte adierazpen motaren adierazle nagusia Goi Paleolitoko (K.A. 40.000-10.000) haitzulo, harpe eta harkaitz apainduetan dago. Azken ikerketek lotura artistiko eta sinboliko interesgarriak aurkitu dituzte Pirinioetan eta Kantaurialdeko Kostaldean dauden apaindutako haitzuloen artean.

 

Diego Garate arkeologoa da, eta Bizkaiko Arkeologia Museoan egiten du lan, Bilbon. Halaber, Tolouse Le Mirail Unibertsitateko CREAP Cartailhac, TRACES-UMR 5608 Zentroan (Frantzia) eta Santanderreko Instituto Internacional de Investigadores Prehistóricas de Cantabria izenekoan ikerlari kide gisa aritzen da.

 

AITA BARANDIARAN

 

Apaiz, antropologo eta etnologo euskalduna, Joxe Migel Barandiaranek (Ataun, Gipuzkoa, 1889-1991) oso gaztetan erakutsi zuen azterketa etnografikoei eta historiaurrekoei buruzko zaletasuna, eta Telesforo Aranzadiren ikasle hoberena izan zen. Irakaslearekin batera, eta Enrique Egurenek lagunduta, Euskal Herrian egin diren ikerketa arkeologiko eta etnografiko gehienak egin zituen. Idatzi zituen 300 lan baino gehiagoren artean, Mitología Vasca, El mundo de la mente popular vasca edo Historia comparada de las religiones azpimarra daitezke.