BILBOKO KALEALDIAREN, KALEKO ANTZERKI ETA ARTEEN JAIALDIAREN, AZKEN EDIZIOAN PROGRAMATUTAKO IKUSKIZUNETARA 30.500 PERTSONA JOAN DIRA, 2018AN BAINO %30,9 GEHIAGO

Bilboko Udalak antolatutako jaialdia erreferentziazko hitzordu gisa finkatu da, programatutako 80 ikuskizunekin –2018an baino 15 gehiago– eta ia egunero leku guztiak betez Casilda Iturrizar Parkeko karpatan.

 

30.500 pertsonak, 2018an baino %30,9 gehiagok, gozatu dute Bilboko Udalak antolatzen duen eta Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiaren – BILBOKO KALEALDIAREN azken edizioak uztailaren 1etik 7ra hiriko zenbait lekutan eskaini dituen jarduerez.

Programatutako ikuskizun kopuruak gora egiteaz gain, iazko 65etik aurtengo 80ra, eguraldi egonkorragoak ere eragina izan du ikus-entzuleen erantzun bikainean. Horrela, aurten saio bakarra izan da euriaren ondorioz bertan behera utzi behar izan dena, Defracto Cie konpainiari zegokiona, ostegunean, uztailaren 4an Arriaga Plazan, hasi eta 20 minutura. Gainerako 79 ikuskizunak inolako eragozpenik gabe gauzatu ahal izan ziren.

Ikus-entzule gehien batu zituzten ikuskizunak Deabru Beltzak taldearen biak –uztailaren 5ean eta 6an– eta Bivouac Cie konpainiarena –uztailaren 1ean– izan ziren, hiruak ere Arriaga plazan. Halaber, Casilda Iturrizar parkean instalatutako karpak ia guztiz beteta egon ziren egunero, inguruan beste jarduera eta emanaldi batzuk egoteak ere animatuta. Gonbidapena behar zuten Docteur Troll Cie eta Brunette Bros konpainien saioak beteta egon ziren emanaldi guztietan. Modu berean, Solfasirc-eko karparako sarrerak ere ia saio guztietan agortu ziren.

BILBOKO KALEALDIAren aurtengo edizioak indartu egin du Casilda Iturrizar Parkeko apainketa, gai desberdinekin girotutako hiru gunerekin. Orokorrean, parkeko jarduera guneak ikus-entzuleen erantzun bikaina jaso du, familiei zuzendutako guneak (Jaiaren mundua) izan duen arrakasta barne. Orokorrean, ikus-entzuleen aldetik harrera onena izan duten ikuskizunak Brunette Bros Cie, Mystérieuses Coiffures, Trakamatraka, Cirque Hirsute, Bivouac Cie eta Deabru Beltzak taldeek eskainitakoak izan dira.

Amaitzeko, eta aurreko edizioetan bezala, Casilda Iturrizar parkeko karpan bildutako dirua (prezio sinbolikoa 3 euro sarrera bakarrarengatik izan da), helburu solidariora bideratu da. Oraingo honetan, bildutako 924 euroak “Aspace-Bizkaiari”, buruko paralisia eta antzekoak dituzten pertsonek eta uren senideek, bizitza ziklo osoan bizitza kalitate integrala edukitzea eta gizarte inklusiboa lortzea bilatzen duen irabazi asmorik gabeko erakundeari, emango zaizkio.

ARGAZKIAK: https://we.tl/t-ejbtIz3fwU
BIDEO: https://www.youtube.com/watch?v=KlkJKZJLIsY