BILBOKO KALEALDIA KALEKO ANTZERKI ETA ARTEEN JAIALDIAREN 21. EDIZIOA

  • Jaialdiak Estatu mailako hiru estreinaldi eskainiko ditu, Barsanti Cia, Deabru Beltzak eta Mystérieuses Coiffures konpainien eskutik, eta beste hiru estreinaldi Euskadi mailan (Balbàl Company, Claire Ducreux & Toni Mira eta Daraomaï Cie taldeenak).
  • Bilboko Kalealdiaren edizio honetako emanaldietan sarrera librea eta dohainik izango da beti, salbu eta ‘Bye bye, Conffeti’ lanean (La Baldufa-rena), gonbidapena beharko baita.
  • Bilboko Kalealdiaren kartela osatzen duten 26 taldeetatik 13 Euskal Herrikoak dira: jaialdiak apustu garbia egiten du bertoko kulturaren alde eta hemen dauzkagun punta-puntako proposamenen alde.
  • Casilda Iturrizar parkea berriro ere estali gabeko antzoki handi bat izango da. Hiriko beste leku ezagun batzuek ere euren protagonismoa izango dute jaialdian: Areatza, Arriagako plaza eta Plaza Barria, kasu.
     Jaialdi osoan zehar osasun-protokoloak bete beharko dira.

BILBOKO KALEALDIA kaleko antzerki eta arteen jaialdia urtero antolatzen du Bilboko Udalak. Aurten, jaialdiaren 21. edizioa izango da, irailaren 22tik 27ra, azken hilabeteetako osasun-krisiaren ondorioz birprogramatu egin baita. Programazioa kalitatezkoa eta askotarikoa da, adin guztietarako pentsatua. Iraileko aste horretan, bada, BILBOKO KALEALDIAK nazioarteko 26 konpainiaren 73 emanaldi eta 27 ikuskizun eskainiko ditu. Hala aurreratu dute gaur goizean, prentsaurrekoan, Gonzalo Olabarria Kulturako zinegotziak eta Pedro Ormazabal Jaialdiko zuzendariak.

Datorren udazkenean, BILBOKO KALEALDIKO ikuskizunak hiriko zazpi espaziotan egingo dira: Casilda Iturrizar parkea, Areatzako kaia, Areatza, Arriagako plaza, Arriagako antzokiko alboa, Bizkaia Aretoa – UPV/EHU eta Plaza Barria. Emanaldiok hainbat diziplinatakoak izango dira: kale-antzerkia, zirkoa, dantza, dantza bertikala, clown, musika eta instalazio eszenikoak. Horrela, iraileko egun horietan Bilbo biziz eta kulturaz beteriko hiri bat izango da.

Jaialdiaren edizio berri honetara gonbidatutako konpainia guztietatik 13 Euskal Herrikoak dira: jaialdiak apustu garbia egiten du bertoko kulturaren alde eta hemen dauzkagun punta- puntako proposamenen alde. Horiez gain, Bilboko Kalealdian Estatuko 10 konpainia eta nazioarteko 3 egongo dira: bi Frantziatik etorriak (Europako erreferente nagusia kale- antzerkian), eta hirugarrena Belgikakoa. Guztiek jaialdiko ohiko agertokietan ikusi ahalko ditugun muntaiak ekarriko dituzte Bizkaiko hiriburura.

Casilda Iturrizar parkean hasiko dira ikuskizunak, hilaren 22an (martitzena), Mystérieuses Coiffures konpainiarekin, “Boni” eta Juan Palomorekin, eta Barsanti Cia taldearekin, 17:00etan. Parkea eta Arriaga Antzokiaren plaza jaialdiko lehen egunetako agertoki nagusiak izango dira. Programazio osoa bi espazio horietan egingo da barikura arte (hilak 25). Egun horretan, emanaldiak lekuz aldatuko dira, Alde Zaharrera, hiriaren auzo ezagun hau kulturaz eta dibertsioz betetzeko, hainbat txokotan: antzokiaren alboan, Areatzako kaian, Areatzan eta Plaza Barrian.

Aurten, gainera, Bizkaia Aretoa – UPV/EHU, Abandoibarran, jaialdiari amaiera emango dion muntaiaren agertokia izango da, domekan (hilak 27), 21:00etatik aurrera: La Glo Zirko Dantza Konpainiak ‘Sacred’ dantza bertikaleko ikuskizuna eskainiko du. Bilboko konpainia honen proposamenak kontatzen digu itsasorik sakonenetik galaxiarik urruneneraino dena konektatuta dagoela, eta lotura sakratu horrek bat egiten gaituela. ‘Sacred’-en, bizitzari nortasuna ematen dioten geometria jainkotiarretan zehar bidaiatzera gonbidatzen gaituzte, gogoeta egitera bultzatzen gaituen dantza eta proiekzioko ikuskizun batekin.

Bilboko Kalealdiaren edizio honetan, programazio guztia sarrera librekoa izango da. Aurrekoetan ez bezala, ez da karparik egongo. Muntaietako bakar batean, La Baldufa konpainia katalanaren ‘Bye bye, Conffeti’ ikuskizunean, gonbidapena beharrezkoa izango da. Gonbidapenak Jaialdiaren Informazio Bulegoan eskuratu daitezke (gehienez, bi gonbidapen pertsona bakoitzeko), Areatzan, irailaren 26an (11:30-14:00 / 17:00-20:00). ‘Bye, bye Confetti’ lanak hiru pailazo erakutsiko dizkigu, Confetti euren buruzagiaren heriotzagatik negarrez. Antzezlan honetan umorea eta maitasuna barra-barra daude.