BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAREN (ZINEBI) 56. EDIZIOAK OHOREZKO MIKELDIA EMANGO DIO GAUR ARRATSALDEAN CECILIA ROTH ANTZEZLE ARGENTINARRARI, ANTZEZTEKO ORDUAN ERAKUTSI DUEN ASKATASUNAREN AINTZATESPEN GISA

Banaketa jaialdiaren inaugurazio ekitaldian egingo da, Arriaga antzokian, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, eta jaialdian Adolfo Aristarainen “Martín Hache” lana eskainiko da IGANDEAN, Guggenheim museoko auditorioan (20:00etan).

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia, ZINEBI 56, gaur arratsaldean abiatuko da, Cecilia Roth antzezle argentinarrari eskainiko zaion omenaldiarekin.Zinemaldiaren Ohorezko Mikeldia jasoko du, antzezteko orduan erakutsi dituen askatasunaren eta heldutasunaren aintzatespen gisa. Saria inaugurazio ekitaldian banatuko zaio, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Bilboko Arriaga Antzokiko eszenatoki nagusian.

Sari hori ematean, ZINEBI 56k, bere pertsonaiak aukeratzeko orduan intuizio, arrisku eta koherentzia pertsonal bikainak erakutsiz, bere film bakoitzean bere garaiko emakumeak azaleratu dituela aitortzen dio Cecilia Roth antzezleari, milioika ikus-entzuleren zine imajinarioaren parte bilakatu diren izaera indartsuko emakumeak, hain zuzen ere.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren aurtengo edizioaren lehenengo saritua gaur goizean aurkeztu da Bilboko Arriaga Antzokian egin den prentsaurrekoan. Ibone Bengoetxea, Bilboko udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotzia berarekin egon da.

Buenos Airesen jaio zen 1956an, jatorriz Europa erdialdekoa zen eta joan den mendeko 30eko hamarkadan Argentinako hiriburura bizitzera joan zen intelektual familia judutar batean. Aitak, Abrasha Rotenberg politika ezkertiarrean lan handia egin zuen ekonomialari, idazle, kazetari eta editore gisa. Ama, Dina Rot, musika-ikerlanetan aritu zen musikologo eta abeslari gisa; ikerlan horietako batzuen helburua Espainiako eta Afrika iparraldeko antzinako sefardien musika berreskuratzea zen. Giro kultural eta familiar horretan murgilduta, Cecilia Rothek 60ko hamarkada erdialdera egin zuen debuta zinema argentinarrean. Laster, ordea, 1976an, Madrilera joan behar izan zuen presaka, familiarekin, estatu-kolpearen ondoren agindua hartu zuen Batzorde Militarraren errepresio gogorretik iheska.

Espainian komedia baten parte hartu zuen lehenbizi, De fresa, limón y menta (Miguel Angel Diez, 1978) pelikulan, hain zuzen ere. Gero arrakasta komertzial handia izan zuten beste batzuetan ere aritu zen aktore-lanetan: Las verdes praderas (Jose Luis Garci, 1979), La familia bien, gracias (Pedro Maso, 1979) eta El año que amamos a Kim Novak (Juan Jose Porto, 1980) filmetan, adibidez. 80ko hamarkadan hartu zuen askotariko erregistrodun aktore fama, eta gero eta zuzendari garrantzitsu gehiagok aukeratzen zuten haien lanetarako, bai Espainian bai Argentinan.

Hala, Arrebato (Ivan Zulueta, 1980) pelikula protagonista izatea lortu zuen eta, zuzendariarekin batera, Trantsizioko zinema deitu zitzaionaren ikono bihurtu ziren; pelikula sailkaezina da eta oraindik ere gurtu egiten dute askok eta askok. 1980an egin zuen, baita ere, Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón, Espainian bizitzako arlo guztietan hausturak eta aldaketak nagusi zireneko pelikula adierazgarrienetako bat. Pedro Almodovar gazte hasiberriak zuzendu zuen filma; oparoa eta arrakastatsua da bien arteko elkarlanaren emaitza, Rothek zuzendari mantxatarraren pelikula garrantzitsuenetako batzuetan parte hartu baitu: Laberinto de pasiones (1982), Entre tinieblas (1983), Todo sobre mi madre (1999) eta orain gutxiko Los amantes pasajeros (2013) pelikuletan, alegia.

Cecilia Roth ez da Argentinako zinema-ekoizpenetik sekula urrundu eta azkenaldian han egindako pelikula garrantzitsuenetan parte hartu du: No toquen a la nena (Juan Jose Jusid, 1976), Crecer de golpe (Sergio Renan, 1977), Un lugar en el mundo (Adolfo Aristarain, 1992. Film honekin zinema argentinarreko zilarrezko lehen Kondorra irabazi zuen) Martín Hache (Adolfo Aristarain, 1998. Film honi esker zilarrezko bigarren Kondorra eskuratu zuen), Kamchatka (Marcelo Piñeyro, 2002) eta El nido vacío (Daniel Burmann, 2008). Gainera orduan senar zuen Fito Paez musikariak zuzendutako lehenbiziko pelikulan, Vidas privadas (2001) delakoan, lan egin zuen. Horrez gain, zilarrezko Kondorraren saria jasotzeko hautagai izan zen bi film hauekin: Una noche con Sabrina Love (Alejandro Agresti, 2000) eta Antigua vida mia (Hector Olivera, 2001).

Espainian bitan lortu du aktore onenaren Goya saria, Martín Hache filmari esker 1998an eta Todo sobre mi madre pelikulari esker 1999an. Azken film horrekin aktore onenaren zilarrezko Fotogramas saria eta zinemako Sant Jordi saria eskuratu zituen. Horren harian, hona hemen bere zinema-ibilbide bikainean lortu dituen beste sari garrantzitsu batzuk: New Yorkeko Ikuskizunen Kronikarien Elkartearena (ACE) 1997an, Martín Hache pelikulagatik; aktore onenaren saria Europako Zinemaren Sarien 12. edizioan, 1999an; zilarrezko Kolona 2000. urteko Huelvako Zinema Iberoamerikarreko Jaialdian, Una noche con Sabrina Love filmari esker; eta Espainiako Arte Ederretako Merituaren urrezko domina, 2009. urtean. Halaber, 2001ean Veneziako Nazioarteko Zinemaldiko epaimahaikide izateko aukeratu zuten.

Cecilia Rothek telesailetan ere utzi ditu interpretaziorako daukan abileziaren aztarnak, bai Argentinan bai Espainian: Las aventuras de Pepe Carvalho (1986), Nueve lunas (1995), Laura y Zoe (1998), Epitafios (2004) eta Mujeres asesinas (2005). Antzerkiari dagokionez, Philippe Blasband dramaturgo frantsesaren Una relación pornográfica obra arrakastatsuan murgilduta dago gaur egun, Dario Grandinettirekin batera. Antzezlan horretan, sexuaren beldur diren gizon bat eta emakume bat, sexu-eragingarriek bultzatuta, elkartu egingo dira, baina elkartzea espero ez zuten bezalakoa izango da.

ZINEBI 56k Adolfo Aristarainen “Martín Hache” eskainiko du IGANDEAN, Guggenheim museoko auditorioan, arratsaldeko 20:00etan.

Kartelerari, ordutegiei, prezioei eta beherapen bereziei buruzko informazio guztia zinemaldiaren webgunean dago jada: www.zinebi.com