BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK-ZINEBIK BERE 60. EDIZIOA OSPATUKO DU, IRUDI BERRIAREKIN, ESTATU MAILAKO “LA FLOR” LANAREN PREMIEREAREKIN ETA LAN HORREN EGILEARI, MARIANO LLINÁS ZINEGILE ARGENTINARRARI, URREZKO MIKELDIA EMANEZ.

Bilboko Udalak antolatutako ZINEBIren 60. edizioa azaroaren 9tik 16ra ospatuko da, eta 14 ordu irauten dituen eta 2009 eta 2018 artean egin den “La Flor” film txalotuaren Estatuko aurkezpena jasoko du; lan hori hiru egunez eskainiko zaie ikus-entzuleei.

Mariano Llinás, “Historias Extraordinarias” txalotuaren zuzendariak, ZINEBIren 60. Edizioko Ohorezko Mikeldietako bat jasoko du, zine garaikidearen nazioarteko panoraman berritzaileenetakoa den zinegile argentinarraren lan osoak erakusten dituen sorkuntzarako talentu bikaina eta erradikalitate estetikoa aintzatetsiz.

Horrez gain, gaur goizean aurkeztu da Bilbon datorren edizioko kartela, Koldo Atxaga artistak diseinatua, eta baita erreferentziazko sariaren, Mikeldiaren, diseinu berria ere, Maite Leyún artistak egindakoa.

 

Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBIk, bere 60. edizioa ospatuko du azaroaren 9tik 16ra, “La Flor” filmaren Estatuko aurkezpenarekin eta lan horren zuzendariari, Mariano Llinás zinegile argentinarrari, Ohorezko Mikeldia emanez. Zinegilea Bilbon egongo da, saria jasotzeko eta hamarkada batez egin den eta ia 14 ordu irauten dituen filma aurkezteko.

Vanesa Fernández Guerra ZINEBIko zuzendari berriak eta Nekane Alonso Kultura zinegotziak programaren aurrerapena eta jaialdiaren irudi berria aurkeztu dituzte gaur goizean Bilbon. Bi euskal artistak hartu dute parte. Edizio honetako kartela Koldo Atxagak egin du, eta Maite Leyún artistak saria berriro diseinatu du, ZINEBIren sinboloa den Mikeldi berria.

Horrela, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBIk, Mariano Llinás zuzendari eta gidoilari argentinarrari emango dio 60. edizio honetako lehenengo Ohorezko Mikeldia, zine garaikidearen nazioarteko panoraman berritzaileenetakoa den zinegile argentinarraren lan osoak erakusten dituen sorkuntzarako talentu bikaina eta erradikalitate estetikoa aintzatetsiz. Zinegileak jaialdiaren inaugurazio ekitaldian jasoko du saria, azaroaren 9an, 20:00etatik aurrera, Bilboko Arriaga Antzokian. Horrez gain, inaugurazio ekitaldi horretan, “La Flor” lanaren protagonistak diren eta Piel de Lava talde artistikoa osatzen duten lau emakume antzezleek ere hartuko dute parte.

Mariano Llinás (Buenos Aires, Argentina, 1975) zuzendari eta gidoilaria da, El Pampero Cine zinegile taldeko kidea –Laura Citarella, Alejo Moguillansky eta Agustín Mendilaharzurekin batera–. 2002an “Balnearios” izeneko lehenengo film luzea egin zuen. 2008an “Historias Extraordinarias”, bigarren filma, egin zuen, kritikak goratua eta Argentinan oihartzun eta ikus-entzule aldetik arrakasta handia lortu zuena. Bere azken film luzea, “La Flor” (2018), Baficiko azkenengo edizioan estreinatu zuen, eta sari nagusia irabazi zuen. Ondoren, nazioarteko oso jaialdi garrantzitsuetan hartu du parte, Locarnon, Toronton…, arrakasta handia lortuz ikus-entzuleen eta espezializatutako kritikaren artean, eta denbora gutxi barru New Yorken aurkeztuko da.

“La Flor”, elkarren artean independenteak diren eta bata bestearen ondoren gertatzen diren sei istoriok osatutako narrazio multzoa da. Artisten arteko bat egitea lau emakume antzezleen gain dago: Pilar Gamboa, Elisa Carricajo, Laura Paredes eta Valeria Correa. Fikzio horietako bakoitzaren unibertsoa erabat desberdina da; muturreko alde hori bilatua da. Horrez gain, lau emakume antzezleek kontakizun bakoitzean antzezten dituzten lau pertsonaiek ere aniztasun bera izan nahi dute. Pilar Gamboa aztia izan daiteke lehenengoan, pop abeslaria bigarrenean, espioi mutua hirugarrenean, leku gutxi hartzen duen bigarren mailako pertsonaia laugarrenean, ia ikusezina bosgarrenean eta XIX. mendeko panpa basatiko toldoetatik ihes egin duen gatibu gisa berragertu seigarrenean. Gauza bera gertatzen da gainerakoekin.

Mariano Llinásek bi helburu ditu: alde batetik, antzezleak kontatzeko makina bilakatzea, Samuel T. Coleridge-k esaten zuen bezala, gugan sinesgaiztasunaren borondatezko etetea sortzeko fikzioak gauzatzearen beharra eta erantzukizuna euren gorputzean jartzea, hori baita jardunbide artistiko ororen azken xedea; eta beste alde batetik, fikzio batetik bestera ematen den jauziak, narrazio ibilbide luzean, emakume horien benetako aurpegia erakustea. “La Flor” azaroaren 11n, 12an eta 13an eskainiko da Golem – Alhondiga zine-aretoetan, hiru jardunaldiko maratoia, osorik ikusi ahal izateko: 840 minutuko iraupena.

MIKELDI BERRIA
60. urteurrenarekin bat etorriz, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBIk bi euskal artistarengan jarri du konfiantza, jaialdiaren bi elementu bereizgarri berriro diseinatzeko, kartela eta Mikeldiko idoloaren irudia duen saria. Azken hori, tokiko kultura kontuan hartzeko eta Bilboren izena nazioarteko zinearen lehen planora eramateko erabakiaren ondorioz egin zen.

ZINEBIren saria berriro diseinatzeko lana Maite Leyún artista nafarrari eskatu zaio, eta Mikeldi sariaren irakurketa estetiko eta diseinu berria egin ditu. Duela milaka urte egindako irudian oinarrituta, forma berria sortzea bilatzen da, ezagutzen ez dugun ezer gogoraraziko ez duen arren, Mikeldia gogoraraziko duena. Aurreko ezaugarriak berriro aztertuz, artistak inskripzioen ideia berreskuratu du, diskoaren, jatorrizko piezaren eta proposamen berri honen artean bat egiteko elementu nagusiaren, barruan jartzeko. Horrela, antzinako taila batetik abiatuta forma berria izan nahi duen zeramikazko objektua sortzen da, gauzak egiteko moduari garrantzia ematen dioten eta zerbait kontatzeaz arduratzen diren pertsonen lana aintzatesteko.

Maite Leyún Arte Ederretan lizentziatua eta doktorea da UPV / EHUn, zeramika garaikide espezialitatean. Bere lana zeramikan zentratzen da, abiapuntu gisa, eta diziplina anitzeko izaerarekin osatzen da. Erabiltzen dituen materialak eta bilatzen dituen formak errealitate garaikidearekin lotuta daude beti, eskulturaren, instalazioaren, diseinuaren, performancearen edo eskuz egindakoaren artean dauden mugak ahaztuta, aldi berean gaia eta galdera izateko gaitasuna duten bolumenak sortzeko ahaleginean. Nazio eta nazioarte mailako hainbat erakusketatan hartu du parte, eta zenbait sari eta beka jaso ditu.

60. edizio honetako kartelaren egileari dagokionez, Koldo Atxaga Arte Ederretan lizentziatua eta Ikus-entzunezko Komunikazioan doktore da, eta unibertsitateko irakasle eta diseinugile gisa egiten du lan. Interes berezia du kultur alorrean, eta logoak, kartelak, azalak eta kreditu tituluak diseinatzen ditu alor horretarako. Kartelari dagokionez zituen sorkuntzarako baldintzak argiak izan ziren hasiera hasieratik: gorria, abstraktua eta kontzeptuala. Zeluloidearen gainean zuzenean margotzen zuen José Antonio Sistiagaren filmetan inspiratzen da. Eskala txiki-txikiko ehundurak eta inperfekzioak handitu egiten ziren zineko pantailan, itxura kosmikoa zuten forma organikoak erakutsiz.

ZINEBI, Film laburraren eta dokumentalaren kategorian Espainian A Klasea duen nazioarteko jaialdi bakarra da, 1974tik FIAPF erakundeak (Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioa) aintzatetsia. Hollywoodeko Akademiak Oscar Sarien kalifikatzaile gisa hartzen du, sariketa ofizialeko film laburren artean, eta BAFTA Sarietarako eta Goya Sarietarako jaialdi kalifikatzaile ere bada.

“LA FLOR” FITXA TEKNIKOA (2009 – 2018)

Hizkuntzak: Espainiera / Frantsesa / Errusiera / Ingelesa / Italiera
Minutuak: 1. partea: 225 min (atsedenaldi batekin), 2. partea: 336 min (atsedenaldi birekin), 3. partea: 320 min (atsedenaldi batekin)
Argazki zuzendaria: Agustín Mendilaharzu
Gidoia: Mariano Llinás
Soinua: Rodrigo Sánchez Mariño
Edizioa: Alejo Moguillansky, Agustín Rolandelli
Herrialdea: Argentina
Arte zuzendaritza: Laura Caligiuri
Musika: Gabriel Chwojnik
Interpreteak: Elisa Carricajo, Valeria Correa, Pilar Gamboa, Laura Paredes.
Ekoizpena: Laura Citarella
Ekoizpen exekutiboa: Laura Citarella
Ekoizlea: El Pampero Cine – Piel de la va