BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK – ZINEBIK, 48 ORDUTAN ERRODATUTAKO FILM LABURREN ZINEBIEXPRESS LEHIAKETAREN 12. EDIZIOA DEITU DU ASTEBURU HONETARAKO

Larunbatean, azaroaren 2an, irekiko da, partaideen izen ematearekin eta film laburrak egiteko gaiaren azalpenarekin, goizeko 09:30etik 10:30era, Campos Antzokiko atarian. Sarien banaketa ekitaldia azaroaren 7an izango da Golem-Alhondiga zine aretoetako 1. aretoan, 18:00etan.

 

Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBIk, 48 ordutan errodatutako film laburren ZINEBIEXPRESS lehiaketaren beste edizio bat deitu du asteburu honetarako. Lehiaketa larunbatean, azaroaren 2an, irekiko da, goizeko 09:30ean Campos Antzokiko atarian, ekipoen izen ematearekin, eta une horretan jakinaraziko da lanen gaia, edizio bakoitzean ezustekoa eta desberdina.

ZINEBIk, EHU/UPVko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak eta Arte Ederren Fakultateak, IMVALek, Claro de Lunak, ECPVk eta Tartanga LHIIk antolatzen dute ZINEBIEXPRESS, eta ikasleek, talde teknikoek eta artistikoek parte hartu ahal izango dute. Talde bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du. Partaideek datorren larunbatean, eman ahal izango dute izena, goizeko 09:30etik 10:30era, eta talde bakoitzari pendrive bat emango zaio, egindako film laburra gordetzeko eta astelehenean, azaroaren 4an, 18:30etik 19:30era, entregatzeko antolatzaileei, Campos Antzokiko atarian bertan.

Unibertsitateko EHUKultura kultur sarearen (EHU/UPV) laguntza duen ZINEBIEXPRESS duela hamar urte baino gehiago jarri zen martxan, prestatzen ari diren zinegile gazteen partaidetza sustatzeko eta baita jaialdia bera arlo horretan bultzatzeko eta Bilbo edozein motatako istorioa errodatzeko agertoki gisa sustatzeko ere. Partaideek astelehen arratsaldera arte, 18:30etik 19:30era, izango dute euren lanak aurkezteko epea, eta ostegunean, azaroaren 7an, 18:00etan, banatuko dira sariak, Golem-Alhondiga zine aretoetako 1. aretoan, lehiaketaren finalera heldu diren filmak eskainiz.

Aurkeztutako film laburrak epaimahai independente batek baloratuko ditu, eta hiru sari banatuko dira. Lehen saria 1.000 eurokoa izango da eta EHUKulturak emango du, bigarrena 700 eurokoa, eta hirugarrena, afari bat –AUX Magazineren laguntzarekin–. Epaimahaiko kideak hauek izango dira: Aranzazu Calleja, biolin irakaslea eta zinerako musika konposatzailea, Galder Gaztelu-Urrutiaren “El Hoyo” filmerako egin duen azken lana nabarmena barne; Pau Guillén, Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua eta Gidoi Idazketan Masterra, Zinegoak jaialdiaren zuzendaria; eta Larraitz Zuazo zinegile eta irakaslea, Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua eta Dokumental Sortzailearen Teorian eta Praktikan Masterra, ikus-entzunezkoen munduan murgildutakoa, zuzendari eta bideo editore/postproduktore gisa arituz, batez ere, ikus-entzunezko eta zineko proiektu askotan.

Film laburren iraupena, kredituetako tituluak barne, fikzio eta dokumental kategoriatan, gutxienez 2 minutukoa eta gehienez 5 minutukoa izango da. Animaziozko film laburrek, gutxienez 30 segundo iraun beharko dute. Kanpoko irudien %100 Bilboko udalerrian errodatu beharko da, eta, izena emateko egunean proposatzen diren hiru lokalizazioen artetik gutxienez bat barne hartu beharko du.

+ INFO: www.zinebi.eus

PRENTSA BULEGOA
ZINEBI 61
Irma Cerro
T: 94 435 63 30 / 628 538 215
irmacerro@grupombn.com