BILBOKO ANTZERKI ETA DANTZA GARAIKIDE JAIALDIAK-BADEK, ASTEBURU HONETAN EMANGO DIO AMAIERA 21. EDIZIOARI, NAZIOARTEKO ARTISTEN, BESTEAK BESTE TG STAN-EN EDO AGNES MATEUS ETA QUIM TARRIDA KATALANEN PROPOSAMENEKIN

Igandean, 18:00etatik aurrera, bereziki familiei zuzenduta egongo den ikuskizun bakarra eskainiko da Bilborocken, Benetan Be konpainiaren “Inondik inora” euskarazko antzezlana (Sarrerak: 8€ aurretik hartuta, 10€ txarteldegian).

Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdia – BAD amaierara helduko da asteburu honetan, ikuskizun harrigarrienetako batzuekin, Tg STAN konpainia belgikarraren edo Agnes Mateus eta Quim Tarrida artista ospetsuen eskutik. Ikus-entzule berriak sortzeko helburuz, igandean, 18:00etatik aurrera, Bilborockek bereziki familiei zuzendutako ikuskizuna jasoko du, Benetan Be taldearen euskarazko “Inondik inora” lana. Antzezlanak umorea eta poesia, zuzeneko musika eta txotxongiloak uztartzen ditu.

Biharko, osteguneko, programazioaren barruan, sorkuntza eszenikoari laguntzeko BilbaoEszenako – Baliabide Eszenikoen Zentroko “Artistak Egoitzan” programan aukeratutako proiektu baten aurkezpena ere badago. Euskal eszenan ibilbide luzea duen Eguzki Zubia – La Dinamikaren proposamen bat da, eta “3er acto” lanaren work-in-progress aurrerapen bat eskainiko du. Dantza eta antzerki proposamena da, menopausia igaro duten emakumeei buruz dauden aurreiritziak eta ideiak lantzeko, zahartzeak dakarren bazterketa, ikusgai izateari uztea eta horrek dakarren gainbehera pertsonala. 19:00etan izango da, La Fundiciónen, eta 20:00etan, Campos antzokiko Kupulak Carla Rovira katalanaren “Matria” antzerki-dokumentala jasoko du. Ikuskizun horrek Europa mailako Pyrenart egitasmoaren laguntza du.

Beste proposamen batzuen artean, ostiralean, 21:30ean, Belgikako Tg STAN konpainia ospetsua helduko da Pabellón 6 aretora, Harold Pinterren “Traición” klasikoaren moldaketarekin. Maitasun hirukote klasikoaren istorioa kontatzen du, Emmak zazpi urte baitaramatza Robert senarra Jerry haren adiskide onenarekin engainatzen.

BADek larunbaterako duen programazioaren barruan aipamen berezia merezi du Bilbon “Rebota rebota y en tu cara explota” ikuskizuna aurkeztuko duten Agnés Mateus eta Quim Tarrida bartzelonarren lana, indarkeria matxistari eta gizartearen pasibitateari buruzko gogoeta gordina, 2017an Joera Berrien Kritikaren Saria eta 2018an Ekarpen eszeniko berrien Butaca saria lortu zituen lana. Larunbatean, 21:30ean, ikusi ahal izango da Pabellón 6 aretoan.

BADen aurtengo edizioa igandean, 20:30ean, itxiko da, Pabellón 6 aretoan, baita ere, Ángela Lópezek, Juan Diego Calzadak eta Nazario Díazek osatzen duten Andaluziako Vertebro kolektiboaren “Faena” lanaren Euskadiko estreinaldiarekin. Nazioko panoraman ezinbestekoa den konpainia garaikideetako bat da, eta jaialdiaren laguntza izan du lana Bilbon aurkezteko. Jaialdiko sarrerek 10 euro balioko dute txarteldegian, eta 8 euro aurretik erosiz gero webgunean (www.badbilbao.eus) eta jaialdiko bulegoan (Abando – Elkanoko Udaltegia).