BILBOK ETA BIZKAIAK GAME OF THRONES (TRONUEN JOKOA) TELESAILAK HIRIAREN ETA LURRALDEAREN ALDE EGINDAKO APUSTUA “ALBISTE ONA” DELA USTE DUTE

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ziurtatu dute erabaki horrek nabarmentzen duela hiriak eta lurraldeak filmaketak erakartzeko duten gaitasuna

Game of Thrones gisako ikus-entzunezko ekoizpen arrakastatsuek eragin positiboa sortzen dute jarduera ekonomikoan eta enpleguan; gainera, turistak eta bisitariak etortzea bultzatzen dute

HBO telebista-katearen telesailik enblematikoena hirian eta lurraldean edukitzeak bermatzen du Bilbao Bizkaia Film Commission taldearen lana, filmaketak laguntzeko eta kudeatzeko erreferentzia baita

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak gaur esan dute “albiste ona” dela, bai hiriarentzat, bai lurraldearentzat, Game of Thrones telesailaren zazpigarren denboraldiko irudi eta sekuentziak Bermeon filmatzea. Denboraldia 2017ko udan estreinatuko da. Bi erakundeen ustez, erabakiak agerian uzten du Bilbo eta Bizkaiak ikus-entzunezko ekoizpenetarako duten gaitasuna eta erakargarritasuna. Izan ere, sektore hori gakoa da sormen-industrien esparruan, eta hazteko eta jarduera ekonomikoan, enpleguan, turismoan eta hiriaren zein lurraldearen markaren proiekzioan eragin positiboa izateko gaitasuna du.

Kasu zehatz honetan, Gaztelugatxeko San Juaneko inguruen identitatea eta berezitasuna izan dira HBO kateak apustua egiteko arrazoi nagusiak. Bizkaia izango da katearen fikzio-telesailik enblematiko eta ospetsuenaren agertokia, munduan milioika jarraitzaile dituena; gainera, ikusleak irrikan daude tramaren kapitulu berriak noiz hasi. Telesaila, jatorriz, A Song of Ice and Fire literatura-sagan oinarritzen da (Izotz eta suaren abestia). Game of Thrones Bermeo udalerrian egotea HBOko ekoizleen sekretua izan da orain arte, baina atzo albistea jakinarazi nahi izan zuten filtrazioak eta espekulazioak saihesteko, taldeko kideak Bilbo eta Bizkaira berehala iritsiko direla kontuan izanda.

Bermea Bilbao Bizkaia Film Commission taldeari

Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren iritziz, HBO kateak hartutako erabakia Bilbao Bizkaia Film Commission taldeak ikus-entzunezko ekoizpenak erakartzeko eta kudeatzeko egiten duen lanaren bermea da. Bi erakundeek sustatzen duten zerbitzu hori 2015eko otsailean eratu zen, filmaketen industrian helmuga gisa finkatzeko hiriaren eta lurraldearen apustu estrategiko gisa. Horretarako, sustatzaileek erakundeen konpromisoa, segurtasun juridikoa, konfiantzazko kudeaketa eta arreta pertsonalizatua bermatu zuten. Bilbon eta Bizkaian filmatzeko interesa duten nazioarteko, estatuko eta tokiko proiektuentzat “leihatila bakar” gisa dihardu Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzuak.