BILBOK ERRALDOIEN TOPAKETA, AREATZAN EGITEN DEN OHIKO LARRAIN DANTZA ETA ADIN GUZTIETAKO 300 DANTZARI BILDUKO DITUEN KALEJIRA JASOKO DITU EKAINEAN

Gure folklorea bultzatzeko Dantza Plazetan urteroko programan ohikoak diren jarduketak eta topaketak bezala Bilboko Udalak bultzatutako jarduera horiek bereziak izango dira aurten, Ondalanen 20. urteurrena eta Gaztediren 65. urteurrena direla eta.

Bilboko Udaleko Kultura Sailak bultzatzen duen eta helburu nagusia hiriko plazatan eskainiko diren erromeria tradizionalen, dantza alardeen eta kalejiren bitartez euskal folklore herrikoia bultzatzeko xedea duen ‘Dantza Plazetan’ programaren barruan, EKAIN honetan hiriak zenbait jarduera berezi jasoko ditu, Ondalan Erraldoien Konpartsaren 20. urteurrena eta Gaztediren 65. urteurrena direla eta.

Larunbat honetan Euskadiko erraldoien topaketa eta kalejira izango dira, Ondalanen 20. urteurrena dela eta. Goizeko 10:30ean hasiko da, Iruña kalean, eta 14:15 inguruan amaituko da Elorrietan, Deustu, Ibarrekolanda, San Inazio eta Elorrietatik igaro ondoren. Puntu hauetan egingo dituzte geldialdiak: Santxo Azpeitian (11:00etan), Astigarragan (11:30ean eta 12:15ean) eta Levante plazan (13:00etan). Ospakizunak arratsaldeko 19:00etan amaituko dira, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak antolatu duen erromeriarekin. Topaketa horrek, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta 20 urte bete dituen Bizkaiko Gaiteroak elkartearen laguntza du.

Beste alde batetik, seigarren urtez jarraian, ekainaren 11n, arratsaldeko 20:00etan, Larrain Dantza tradizionalaren beste topaketa bat egingo da Bilbon, 2011n Bilboko Kalealdia jaialdiaren barruan ekimen herrikoi hori martxan jarri zuen Gaztedi Dantzari Taldeak dinamizatuta.

Larrain Dantza, Euskal Dantza Nazional gisa hartzen da 1978an Iruñean ospatutako Dantzari Egunetik, eta erromeria guztietan ezinbestekoa da. Izan ere, dantza soziala, plazakoa, da, gazteak eta nagusiak elkartzen dituena, dantza mistoa eta bikoteka egitekoa, erraza, eta ez da baldintza fisiko berezirik behar dantzatzeko.

Azkenik, eta Gaztedi Dantzari Taldearen 65. urteurrenarekin bat etorriz, ekainaren 25ean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, ekitaldi bat antolatu da, dantza eta folklorea hiriko espazio berrietara zabaltzeko. 300 dantzari baino gehiago elkartuko dituen ekimenaren helburua berriztatuko Zabalguneko lekuak elkartzea eta iragana eta etorkizuna dantzaren bitartez lotzea, Isozakiko Atea –kalejira hasiko den lekua– eta ibilbidearen amaierako puntua izango den Casilda Iturriza parkeko pergola lotuz. Ibilbide osoa bete ahal izateko, Gaztediren parte izan diren eta diren belaunaldi guztiek hartuko dute parte, 6 eta 80 urte arteko 300 dantzari inguruk.