BILBOK BILBOARGAZKIREN XII. EDIZIOA JASOKO DU URRIAN, IBILBIDE LUZEKO PROFESIONALEN ESKUTIK ETORRIKO DIREN ZORTZI ARGAZKI ERAKUSKETAREN, HITZALDIEN ETA TAILERREN BITARTEZ

Bilboko Udalaren laguntza duen ekimena Euskal Herriko Argazkigintza Elkarteen Federazioak sustatu eta BBKk babesten du.

Ikusleek argazkilari ezagunen lan batzuetara hurbiltzeko aukera izango dute, Jose Beut –CEFaren 2017ko Sari Nazionala–, Mario Cea, José María Mellado edo Judith Prat argazki-kazetariaren lanetara, hain zuzen ere.

Bilboargazkik, gonbidatutako argazkilari askoren presentzia izango du, eta horiek hitzaldiak eta tailerrak ere emango dituzte. Horrez gain, urriaren 28an, 8 eta 13 urte arteko ikasleei zuzendutako ohiko argazki irteera ere egingo da.

 

Hainbat estilo eta gai lantzen dituzten zortzi argazki erakusketa bisitatu ahal izango dira hiriko zenbait lekutan urriaren amaierara arte, BILBOARGAZKIren hamabigarren edizioaren barruan. Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak bultzatzen duen ekimenak Bilboko Udalaren eta BBKren laguntza du. Gure hiria argazkigintza zaleentzat erreferente bilakatzea bilatzen duen programa, gonbidatutako artistetako batzuek eskainiko dituzten sei hitzaldirekin eta hiru tailerrekin osatuko da.

Izan ere, beste urte batez, programatutako egileetako asko hirira etorriko dira, horien artean nazioarte mailan ezagunak diren profesionalak, hauek, besteak beste: “Fotografía de alta calidad” best seller-aren egilea den Almeriako José María Mellado; teknika konplexuak eta sortzaileak erabiliz naturako argazkigintzan espezializatuta dagoen Mario Cea; edo argazkigintza dokumentalarengatik eta argazki-kazetaritza lanarengatik ezaguna den Judith Prat. Ohikoa denez, BILBOARGAZKIk euskal argazkigintzan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari diren gazteentzako lekua erreserbatu du. Horien artean dago Miren Rico Tolosa gasteiztarra, adibidez.

Ikusleek Hiriko ohiko guneetan gozatu ahal izango dute arte unibertsal horretaz: Abando – Elkanoko eta Burtsako udaltegietan, UPV/EHUko Paraninfoan eta Erakusketa Aretoan, Batzar Nagusietako Aretoan, Espacio de Los Mundosen, Café Iruñan eta FNAC aretoan.

BILBOARGAZKI 2018ko programazioa gaur goizean aurkeztu da BBK Aretoan. Bertan Iñaki López de Aguileta, Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria, Juan Armentia Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteko presidentea, eta Oihane Aldayturriaga, BBKko Kultura Saileko teknikaria egon dira.

BILBOARGAZKI, beste ezer baino gehiago, argazkigintzaren arteak eskaintzen dituen aukera ikusgarriez gozatzeko modua da, programatutako erakusketetan izango dugun erreferentzia estetiko eta eduki aniztasun handia dela eta. Oraingo honetan, hainbat estilotako zortzi erakusketa dira, naturako argazkien eta argazkigintza artistikoaren presentzia azpimarragarriarekin, baina baita argazkigintza sozialagoa eta bidaiei buruzkoa ere, José Beutek 2016an Etiopian egin zuen eta zuri-beltzezko “Suri People” bilduman ikus daitekeena, adibidez.

ERAKUSKETAK
Ateak irekiko dituen lehenengo erakusketa aste honetan izango da, UPV/EHUko Bizkaia Aretoko Axular gelan. “Fotografía de alta calidad” best seller-aren egilea den Almeriako José María Mellado argazkilari ospetsuaren “El silencio y la luz” izango da. Bere lan artistikoa lau liburutan dago bilduta, eta ehun sari baino gehiago jaso ditu. Bere lanak museoetako bilduma garrantzitsuetan daude, Reina Sofían, Istanbuleko Borusan Contemporary Museum-ean edo Artium-ean, eta modu erregularrean hartzen du parte nazioarteko arte azokatan. “El silencio y la luz” urriaren 9ra arte bisitatu ahal izango da, eta egun horretan jende guztiarentzat irekita egongo den bisita gidatua egingo du egileak, 19:00etatik aurrera.

BILBOARGAZKIren edizio honetan programatutako erakusketa gehienek datorren astean irekiko dituzte ateak, urriaren 1etik aurrera. Hori da hilaren amaierara arte Espacio de los Mundosen bisitatu ahal izango den Yia Yong artista txinatarraren “Memory of South Pekin” erakusketaren kasua. Txinako hiriburuko inguru horretako kaleetatik ibilbidea proposatzen die ikusleei; mundu osoko hiri jendetsuenetakoa den auzo horietan bizi diren pertsonen aurpegietatik bidaia, baita ere.

Urri osoan, baita ere, ikusleek Miren Rico Tolosa euskal argazkilari gaztearen lana ezagutzeko aukera izango dute, etorkizun handiko gazteentzat erreserbatutako espazioan. “Econecesidades” erakusketa naturalaren eta gizatiarraren arteko fusioa da, gizakiaren ekintzak naturan izan duen eragina erakusteko ahalegina. Horregatik beti daude irudi bakoitzean agertzen diren bi elementu: elementu naturala eta gizakiari dagokion artifiziala. “Econecesidades” erakusketa hilaren amaierara arte egongo da Café Iruñan (Colon de Larreategi kalea, 13).

Ikusleek, Mario Ceak naturan egin duen lana ere ezagutu ahal izango dute. Salamancan jaio zen, eta oso gaztetatik naturak, eta faunak batez ere, interes handia piztu zuten berarengan. Naturako argazkigintzarako duen dedikazioaren parte handia teknika konplexuekin eta sortzaileekin esperimentatzera dago zuzenduta, abiadura handia flashak erabiliz, fotograma bakarrean hainbat teknika erabiltzea, esposizio luzeak eta abiadura handiak, adibidez, edo esposizio bikoitzak, beti ere erabat libre dauden animaliak jasoz irudian. Erakusketa urriaren 30era arte egongo da zabalik Abandoko Udaltegian (Elkano, 20) eta urriaren 5ean inauguratuko da modu ofizialean, 19:00etatik aurrera.

ARGAZKI-KAZETARITZA
UPV/EHUko Erakusketa Aretoak (Espainiako Bankua kalea), Judith Prat Huescako argazki-kazetariak Boko Haram talde terroristari eta Afrikako inguru horretan ematen den indarkeriari buruz egindako erakusketa jasoko du. Zuzenbidean lizentziatua eta giza eskubideetan aditua, Prat argazkigintza dokumentalean eta argazki-kazetaritzan prestatzen hasi zen.

Azken urteetan, Judith Pratek hainbat herrialdetako argitalpen askorentzat egin du lan, zenbait gairi buruzko argazkiak atereaz, presoen bizimodua Panamako kartzelatan, Libanon, Jordanian eta Turkian dauden errefuxiatu siriarren bizimodua edo Kurdistango gerra, besteak beste. “Boko Haram. Bortizkeria Afrikako ekonomiaren bihotzean” erakusketa Nigerian zentratzen da, eta Boko Haramek aurrera eramandako indarkeria eta horrek biztanleen artean izan zituen ondorio negargarriak dokumentatzen dituzten baina herrialdearen iparraldearen eta hegoaldearen artean dauden aldeak ere erakusten dituzten argazkiak biltzen ditu, 2015-2016 artean hartutakoak.

BILBOARGAZKIren programazioaren barruan banakako beste erakusketa bi ere jasotzen dira: Bilbora sormenerako mugarik gabeko erakusketa dakarren ibilbide luzeko Julián Redondo argazkilariaren “Sin ningún destino”, urri osoan zehar FNACeko erakusketa aretoan bisitatu ahal izango dena; eta nazio eta nazioarte mailako ehunka sariketetan sariak lortu dituen Jose Beut argazkilari valentziarrak 2016an Etiopiara egindako bidaiari buruzko zuri-beltzezko bilduma. Jaso dituen sarien artean, CEF erakundearen 2017ko Argazkigintza Sari Nazionala dago.

Programazioa, 2018ko Argizaiola Sariko lan onenak biltzen dituen talde erakusketarekin osatuko da. Horrela, urriaren 1etik hilabetea amaitu arte, Batzar Nagusietako erakusketa aretoak (Hurtado de Amezaga kalea, 6), Euskadiko argazki lehiaketa beteranoetako batera aurkeztutako lanen aukeraketa jasoko du. Erakusketak Oscar Mansoren argazki irabazlea eta accesitak (Luis Martínez Aniesa eta Manu Barreiro) erakutsiko ditu, lehiaketara aurkeztutako beste argazki batzuekin batera. Erakusketa urriaren 8an inauguratuko da, arratsaldeko 19:30ean, eta irabazleak bertan egongo dira.

HITZALDIAK ETA TAILERRAK
Argazki erakusketekin batera, eta jada ohikoa denez, BILBOARGAZKIren programazioa hitzaldi zikloarekin eta hiru argazkigintza tailerrekin osatuko da. Horrela, argazkigintza zaleek esperientziak trukatzeko eta trebatzeko aukera izango dute, edizio honetan parte hartuko duten profesionaletako batzuen eskutik.

Ezaugarri aurreratuagoak dituzten tailerrak artista gonbidatuetako bik emango dituzte. Horrela, urriaren 6an eta 7an, Mario Ceak abiadura handiko argazkigintzari buruzko prestakuntza espezializatua eskainiko du. Horri esker edozein mugimendu harrapatu ahal izango da, oso azkarra bada ere, eta irudi paregabeak lortu. Giacomo Cicciottik, bere aldetik, argazkiekin egindako ikus-entzunezkoetan zentratutako tailerra eskainiko du urriaren 20an. Ideia, soinu banda, zuzendaritza, edizioa eta komunikaziorako dinamika landuko dira.

Azkenik, eta aurreko edizioetan izan duten harrera bikaina ikusita, aurten ere umeei (8 eta 13 urte artekoak, bakoitzak bere kamera eraman beharko du) zuzendutako hastapeneko argazkigintza ikastaroa errepikatuko da. Jarduera urriaren 28an, igandean, izango da, goizeko 10:30etik aurrera, Azkuna Zentroan, eta argazkiak egiteko inguruetara egingo den irteera bat ere egongo da. Ondoren, ateratako argazkiak Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkartearen webgunetik jaitsi ahal izango dira. Izen ematea doakoa izango da www.bilboargazki.com webgunearen bitartez (plaza mugatuak).

Berrikuntza gisa, urriaren 27an ate irekiko Saioa antolatu da Julián Redondoren laborategi analogikoan. Talde txikietan eta aurretiazko hitzorduarekin, umeek argazkigintzaren magia ezagutzeko aukera izango dute. Laborategian sartu eta zuri-beltzezko argazki bat zelan positibatzen den ikusi ahal izango dute.

AGENDA

BALIO BERRIAK: MIREN RICO TOLOSA
“Econecesidades”
Café Iruña. Colon de Larreategi kalea, 13.
Urriaren 1etik 31ra.

JOSÉ MARÍA MELLADO
“El silencio y la luz”
Sala Axular – Bizkaia aretoa UPV/EHUko Axular Gela – Bizkaia aretoa (Paraninfoa). Abandoibarra Etorbidea, 3 -1. solairua.
Irailaren 24tik urriaren 9ra.

ARGIZAIOLA SARIA 2018
Batzar Nagusietako Aretoa. Hurtado de Amezaga kalea, 6.
Urriaren 1etik 31ra.

MARIO CEA
“Efímera”
Abandoko Udaltegia – Elkano. Elkano kalea, 20.
Urriaren 1etik 30era.

JUDITH PRAT
“Boko Haram” Bortizkeria Afrikako ekonomiaren bihotzean
EHUko Erakusketa Aretoa. Espainiako Bankua kalea, 2.
Urriaren 1etik 31ra.

JOSÉ BEUT
“Suri people”
Burtsako Udaltegia. Pilota kalea, 10.
Urriaren 16tik 31ra.

JULIÁN REDONDO
“Sin ningún destino”
Fnac-eko erakusketa aretoa. Urkixo Zumardia, 4.
Urriaren 1etik 31ra.

YIA YONG
“Memory of South Peking”
Espacio de los Mundos. Simon Bolibar kalea, 17.
Urriaren 1etik 31ra.