BILBOK KOLORE BEREZIA IZANGO DU ASTEBURU HONETAN, IBAIONDOKO BARRUTIAN IRAILA OSOAN LUZATUKO DIREN “UNA RIA CON DUENDE” IX. TOPAKETA FLAMENKOEN HASIERAREKIN

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako hitzorduak, musika, kante eta dantza emanaldiak proposatzen ditu iraileko LARUNBAT guztietarako, 5. barrutiko (Ibaiondo) zenbait eszenatokitan

Programazioa larunbat honetan (IRAILAREN 6an) hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Unamuno plazan, dantza flamenkoa eta txalaparta uztartzen dituen “Berriketan” ikuskizunarekin. Horrez gain, bertako adierazpen flamenkoak ere bere lekua izango du, hemengo artistek Paco de Lucíari eskainiko dioten omenaldiarekin. Puntu gorena María Vargas kantaorarekin etorriko da. Programak, jada ohikoak diren dantza, gitarra, kante eta txalo-konpas tailerren edizio berria jasoko du. Tailer horietarako IZENA EMATEKO EPEA ZABALIK DAGO www.bilbao.net helbidean

Ibaiondoko barrutia aire eta erritmo flamenkoz beteko da bederatzigarren urtez jarraian, larunbat honetan (IRAILAREN 6an), Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako “Una Ría con Duende” topaketa flamenkoak hasiko direlako. Ekimen hori, gure hiriko kultur hitzordu nagusien artean finkatu da, gonbidatutako artisten kalitatearen zein, gero eta anitzagoa den eta arte horren adierazpen guztiak berotasunez hartzen dituen ikus-entzule kopuruaren ondorioz.

Topaketak IRAILA osoan luzatuko dira 5. barrutiko – Ibaiondoko hainbat eszenatokitan eta, ohikoa denez, dantza, gitarra, kante eta txalo-konpas tailerrekin batera, nazio mailako panoramako artista azpimarragarrien emanaldiak izango ditugu, amaiera ekitaldian eszenatokira igoko den María Vargas Cadizeko kantaorea, adibidez. Azken ekitaldi hori irailaren 27an izango da (20:00etan, Bilborocken), tradizioa eta modernotasuna uztartuko dituen “Emakumea eta flamenkoa” zikloaren barruan eskainiko den ikuskizun bikoitzean.

“Una Ría con Duende” larunbat honetan, IRAILAREN 6an, hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Tablaoa Kalean sekzioarekin. Aurreko urtean bezala, inaugurazio ikuskizun honek kalera aterako du flamenkoa, bertaratzen diren guztien gozamenerako. Oraingo honetan, aukeratutako eszenatokia Unamuno plaza da, “Berriketan” proposamenarekin. Proposamen berritzaile horrek dantza flamenkoa eta txalaparta musika uztartzen ditu, elkarrizketa alaian.

Topaketek lekua izango dute, baita ere, dantza eta beste diziplina batzuetako eskolekin erlazionatuta dagoen eta urtetik urtera gero jarraitzaile gehiago dituen bertako adierazpen flamenkoarentzat. Bertako flamenko jardunaldia hurrengo asteburuan izango da, IRAILAREN 13an, ordu berean, Bilboko Elizbarrutiko Museoan. Oraingo honetan, hainbat artistak, duela denbora gutxi hil den Paco De Lucíaren lana aztertuko dute. Paco De Lucía izango da, ziurrenez, flamenkoaren egungo proiekzioan eta altueran ekarpen handiena egin duen artista.

Programazio eszenikoak IRAILAREN 20an jarraituko du, Bidebarrieta Kulturgunean emango den errezitaldi didaktikoarekin. “New flamenco Project”, bi musika tradizioren, tradizio flamenkoaren eta klasikoaren, arteko kultur elkarrizketa bilatzen duen musika egitasmoa da. Oscar Manuel musika zuzendariaren aginduetara, bi taldeetako musikariek bat egingo dute, ñabardurez eta intentsitate handiko unez betetako pieza sortzeko.

“Una ría con duende” ekimenaren 2014ko edizioak Bilborock aretoan emango dio amaiera bere arte programazioari, larunbatean, IRAILAREN 27an (arratsaldeko 20:00etan), euren talentuari, orijinaltasunari eta jakiteari esker, arte sentimendu sakonaren bi adierazpen eskaintzen dituzten bi artistak arte horri egin dioten ekarpena aitortuz. Aurten tradizioa eta modernotasuna uztartzen dituen “Emakumea eta flamenkoa” zikloko programa bikoitzak María Vargas Cadizeko kantaore adituaren, kantearen legenda biziaren, emanaldia jasoko du.

Ondoren, “Más que palabras” ikuskizuna izango dugu, flamenkoaren eta idatzizko hitzaren arteko bidegurutzea, Ana Fargas Malagako artistaren gidoiarekin eta Paco Jimenoren musika eta arte zuzendaritzarekin. Hitza eta musika dira muntaketa horren protagonista nagusiak. Bertan, aukeratutako egileen literaturako ahotsa melodia eta konpas flamenkoen arima eta funts bilakatuko da, Noelia Sabarea bailaorearekin. Programatutako emanaldi guztiak doakoak izango dira, Bilborocken eskainiko den ikuskizun bikoitz hori izan ezik. Ekitaldi horretarako sarrerak 15 eurotan salduko dira, IRAILAREN 9tik aurrera, Bilborocken bertan eta Power Recordsen.

PRESTAKUNTZA TAILERRAK
Programa didaktikoa datorren asteartean (IRAILAREN 9an) hasiko da, dantza, gitarra, kante eta txalo-konpas tailerretarako hastapeneko jardunaldiekin (doakoak). Nolabaiteko musika nozioak eta flamenkoaren oinarrizko ezagupenak dituzten eta jaialdiak eskaintzen dituen tailerrak aztertu nahi dituzten pertsonei dago zuzenduta. Helburua, partaideek kante, gitarra eta perkusio flamenkoaren oinarri erritmikoekin eta melodikoekin harremanak izatea da, eta baita dantzaren oinarrizko mugimenduekin ere. Hastapen saio horietarako ez da aurrez izenik eman behar, eta San Frantziskoko Udaltegian egingo dira, arratsaldeko 19:00etatik gaueko 21:00etara.

Aurreikuspenen arabera, aurreko edizioetan bezala, prestakuntzako tailerrak izango dira programaren oinarri nagusietakoak. IRAILAREN 15ean hasiko dira dantza klaseak eta txalo-konpas tailerra San Frantziskoko Udaltegian, eta IRAILAREN 22tik aurrera kante eta gitarra tailerrak. Ikastaroetan parte hartzeko matrikulak 25 euroko kostua du, eta langabetuek eta Diru-sarreren Berme Errentaren jasotzaileek beherapenak izango dituzte. Izena emateko epea zabalik dago jada www.bilbao.net udal webgunearen eta 010 telefono zenbakiaren bitartez. Eskainitako plaza kopurua baino eskari gehiago badago, zozketa egingo da, eta zozketa horretan lehentasuna izango dute barrutian eta Bilbon erroldatutakoek.

“Una Ría con Duende” topaketen helburu nagusia gure hiriko biztanleei musika genero horren erritmo biziak eta energiaz betetakoak hurbiltzea da. Flamenkoaren ezaugarri nagusietakoa mota guztietako kultur eraginak bereganatzeko duen gaitasun handia da. Euskadin eskola eta flamenko diziplinen jarraitzaile asko daude.