BILBO IZANGO DA, ORAINGOAN ERE, URTERO ABENDUAREN 21EAN MUNDU OSOKO HAINBAT HIRITAN OSPATZEN DEN FILM LABURRAREN ALDEKO “EGUNIK LABURRENA” EKIMENAREN EGOITZETAKO BAT

Bilboko Udalak eta PLATANOBOLÍGRAFO ekoizpen-etxeak gure hirian sustatu duten ekimena astelehenean hasiko da, eta abenduaren 23ra arte berrogeita hamar film labur inguru proiektatuko dira, horietako batzuk jaialdietan sarituak eta Bilbon oraindik ikusi gabeak.

Bilbao Berrikuntza Faktorian eta Dock Bilbaon izango dira programazioko ekitaldi nagusiak OSTIRALEAN eta LARUNBATEAN. Film laburrak proiektatzeaz gainera, mahai-inguruak egingo dira, eta egileek ere parte hartuko dute mahai-inguru horietan, Yannick Vergara eta Lander Otaola moderatzaile direla. Horrez gainera, kontzertuak egingo dira.

Jardueren artean, familia osoa helburu dutenak ere antolatu dira. Hainbat udaltegitan egingo dira (Castaños, Zorrotza, Santutxu, Errekalde, Deustu eta Otxarkoaga), baita Ibaialde Liburutegian, Bilbao Berrikuntza Faktorian, Dock Bilbaon eta Hika Ateneoan ere.

EGUNIK LABURRENA [ED+C] nazioarteko ekimena da, eta film laburra erreibindikatzea du helburu, batez ere. Bilboko Udalak, PLATANOBOLÍGRAFO ekoizpen-etxeak, eta ZINEBI eta FANT udal-jaialdiek ekimenarekin bat egin nahi izan dute aurtengoan ere –laugarren urtez jarraian–, Bilbon ere film laburraren jai handia antolatuz. Astebetean, abenduaren 18tik 23ra bitartean, berrogeita hamar film labur inguru emango dira. Film horietako asko hainbat jaialditan saritu dituzte, eta Bilbon oraindik eman ez diren film laburrak ere ikusiko dira. Horrez gainera, topaketak egingo dira egile gazteekin.
Jarduerak eta zinema-emanaldiak astelehenean hasiko dira. Abenduaren 18an, 19an eta 20an, 19:30etik aurrera, Euskadin eta estatuan azkenaldian egindako film labur gailenak programatu dira udaltegi hauetan: Castaños, Zorrotza, Deustu, Santutxu eta Errekalde. Aurreko urteetan euskal film laburrak soilik aintzat hartzen ziren, baina aurtengoan “Distantziak Laburtuz” atalaren bitartez ekitaldiaren mugak zabaldu nahi dira, 2017ko proposamen interesgarri eta txalotuenak Bilboko ikusleei helarazteko.
Film labur horietako gehienak estreinakoz emango dira Bilbon. Besteak beste, honako hauek ikusi ahal izango ditugu: “Ni una sola línea”, Víctor E.D. Somozarena (film labur onenaren saria Medina del Campon eta Madrilgo PNRn); “Woody & Woody”, Jaume Carriórena (2018ko Goya sarietarako aurrez hautatua); “La disco resplandece”, Chema García Ibarrarena (aipamen berezia Zinemaldian).

Egun horietan, 18:30etik aurrera, familia osoarentzako nazioarteko film laburren saioak egingo dira zenbait udaltegitan (Castaños, Zorrotza eta Otxarkoaga) eta Ibaialde Liburutegian. Haurrek ere film labur onenak ikusiz gozatzeko aukera izango dute, Europako animazioko film laburren sorta ikusgai izango baita.

Horrez gainera, EGUNIK LABURRENAk [ED+C] tarte bat gorde dio zinema lotsabako eta absurdoari: ostegunean (abenduak 21) zinema eta karaokea izango ditugu jolasa eta jaia uztartuko dituen jardueran, 19:30etik aurrera Hika Ateneoan. Besteak beste, film labur hauek proiektatuko dira “Cortopote” atalean: “Tiempos Muertos” (David P. Sañudo), “Normal” (Chiqui Carabante) eta “Borracho” (Iñaki Reyna). San Tomas eguneko jaialditxoa amaitzeko, proiekzioen ostean karaoke saio ireki bat hasiko da, gauerdira arte, gaitasunak erakutsi nahi dituzten abeslarientzat.

Bestalde, Bilbao Berrikuntza Faktorian eta Dock Bilbaon ostiralean eta larunbatean egingo dira GAURIK LABURRENA programako ekitaldi nagusiak. Proiekzioetan estreinaldiak, klasikoak eta ibilbide handiko film labur berriak emango dira, baita kontzertuak ere. Proiekzio horiek oso erakargarriak izango dira, egileak bertan izango direlako; emanaldiaren ondoren mahai-inguru batean parte hartuko dute, gai hauek hizpide hartuta: egileen ibilbideak, film laburraren egoera, eta formatu hori duten filmak finantzatzeko eta banatzeko arazoak. Aurten, Yannick Vergara eta Lander Otaola arituko dira mahai-inguruak aurkezten eta moderatzen.

Saio horietan film labur hauek ikusiko ditugu, besteak beste: “RIP”, Caye eta Pintó katalanek egina (film labur onenaren saria SITGESen, Mórbido Film Fest jaialdian, eta ShortCat 2017 katalogoan ageri dena); “Ni una sola línea”, Victor E.D. Somozarena (film labur onenaren saria Medina del Campon eta Madrilgo PNRn); “ZULO”, Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola egileena (euskal zuzendari onenak ZINEBI59n); “Pink Milk”, Laura Silva egile berriarena); “Nuestro Viejo y el Mar”, Lander Camarero beteranoarena (zuzendari onena Malagako jaialdian, euskal gidoi onena ZINEBIn).

Aurten, EGUNIK LABURRENAk [ED+C] FILM LABURRETIK FILM LUZERA atala berreskuratuko du, abenduaren 23an, 17:00etatik aurrera, film laburren egile izan ostean lehen film luzea egin eta programaziora itzuli diren egileak gogoan hartuta. Atal horretan izango ditugu honako egile hauek: Paul Urkijo (“Errementari”), Jon Mikel Caballero (“El increíble finde menguante”), David González Rudiez (“Arder”) Pintó eta Caye katalanak (“Matar a Dios”). Opera Prima bat egiteko urrats zail eta interesgarria hizpide izango dute, eta film luzeen eta laburren arteko aldeak aztertuko dituzte, produkzioa eta banaketa kontuan hartuta.

Bi saio horiek ostiralean eta larunbatean egingo dira (abenduak 22 eta 23), eta proiekzioen ostean kontzertu hauez gozatzeko aukera izango dute ikusleek: Lucía y el Lerdo eta Ibon Belandia (ostiralean) eta Mama Gigi´s (larunbatean).

AURREKARIAK
EGUNIK LABURRENA [ED+C] neguko solstizioarekin bat etorriz (abenduaren 21ean) mundu osoan ospatzen den nazioarteko ekimena da, film laburrak jende guztiari hurbiltzeko helburu nagusiarekin, kaleetan eta mota guztietako gune publikoetan, plazetan, ikastetxeetan, museoetan, ospitaletan, saltokietan edo tabernetan ematen diren doako proiekzioen bitartez.

EGUNIK LABURRENA [ED+C] kalitatezko edukiak eskaintzean oinarritzen da, baina ekitaldi irekia da, eta, ondorioz, kultur kudeaketan ari diren eragileek zein edozein erakunde publikok edo pribatuk bat egin dezakete berarekin, baita herritarrek ere, euren familiakoentzat, adiskideentzat edo auzokideentzat emanaldiak antolatuz.

AGENDA

ABENDUAK 18
Castañoseko Udaltegia
18:30 Umeentzako film laburrak
19:30 Distantziak Laburtuz. Film laburren proiekzioa

18:30 Ibaialde Liburutegia
Umeentzako film laburrak

ABENDUAK 19
18:30 Otxarkoagako Udaltegia
Umeentzako film laburrak

Zorrotzako Udaltegia
18:30 Umeentzako film laburrak
19:30 Distantziak Laburtuz. Film laburren proiekzioa

ABENDUAK 20
19:30 Deustuko Udaltegia
Distantziak Laburtuz. Film laburren proiekzioa

19:30 Santutxuko Udaltegia
Distantziak Laburtuz. Film laburren proiekzioa

19:30 Errekaldeko Udaltegia
Distantziak Laburtuz. Film laburren proiekzioa

ABENDUAK 21
Hika Ateneoa – CORTOPOTE + KARAOKE
19:30 Cortopote. Proiekzioak:
“RIP”, Pintó eta Caye
“Versus”, Demetrio Elorza
“Normal”, Vadim Lasca
“Borracho”, Iñaki Reyna
“Tiempos muertos”, David P. Sañudo
“Ejecutor”, Javi Arriaga
“Aprieta, pero raramente ahoga”, David P. Sañudo

21:30 Karaokea

ABENDUAK 22
19:00 Dock Bilbao
GAURIK LABURRENA (Film laburren emanaldia eta mahai-ingurua)
“Ni una sola línea”, Victor E.D. Somoza
“All I need is you”, Aitor Oñederra
“Zulo” Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola
“¿Quieres que hoy te bese?”, Iker Arce eta Miriam Ortega

21:30 Dock Bilbao
Kontzertua: Lucía y el lerdo

ABENDUAK 23
17:00 Dock Bilbao
FILM LABURRETIK FILM LUZERA (Mahai-ingurua)
Paul Urkijo, Pintó eta Caye, Jon Mikel Caballero eta David González Rudiez.

19:00 Dock Bilbao
GAURIK LABURRENA (Film laburren emanaldia eta mahai-ingurua)
“Nuestro viejo y el mar”, Lander Camarero
“Pink Milk”, Laura Silva
“RIP”, Pintó eta Caye
“Versus”, Demetrio Elorza

22:00 Dock Bilbao
Kontzertua: Mama Gigi´s

Jarduera guztietarako sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.