BILBO ZAHARRAK FORMATU HANDIKO BESTE HORMAIRUDI BAT GEHITUKO DIO HIRIKO PAISAIARI, HIRU ZUTABEEN PLAZAN, ANNA TARATIEL ARTISTA KATALANAK SINATUTAKOA

Ekimena, Bilboko Udalaren BLV-ART kultur programaren barruan dago, eta inguru horretan aire zabaleko ibilbidea egituratzeko aukera eman du, oso teknika anitzak erabiliz gai ugari lantzen dituzten horma-irudiak bisitatzeko.

Bilbo Zahar inguruak beste hiriko esku-hartze lan bat dauka, dimentsio handiko horma-irudia, Hiru Zutabeen plazako 1 zenbakiko fatxada batean, nazioartean ospetsua den Anna Taratiel artista katalanak sinatutakoa. Horma-irudi hori, auzoko fatxadetan ikus daitezkeen beste hogei ingururi –katalogo batean daude jasota– gehituko zaie, mundu osoan horma-irudiak egin dituzten eta nazioartean ospe handia duten Zoer y Velvet, Aryz, Suso33 edo Sixe Paredes artistek egindakoak, besteak beste.

Ekimena, joan den ekainean egin zen eta Bilboko Udalak –inguruko zenbait kultur eragilerekin batera– antolatzen duen “BLV-ART” programaren barruan dago. Programa hori, inguru horren garapenerako eta goitik beherako berriztapenerako elementu dinamizatzaile gisa kulturaren aldeko apustua egiten duen Plan Bereziaren barruan dago. Nekane Alonso kultura zinegotziak eta artelanaren komisarioa izan den Sergio García Bayón (SC Gallery) galeristak gaur goizean bisitatu dute atzotik hiriko paisaiaren parte den eta forma geometrikoz osatuta dagoen horma-irudia.

Proiektu artistikoa, orokorrean arte publiko mural izena hartzen duenaren barruan dago, hau da, kontzeptu edo proiektu artistiko bat garatzen duten esku-hartzeak eta prozesuak, testuinguru publikoan eta irekian, gehienetan. Azterlanak, Hiru Zutabeen plazako 1 zenbakian dagoen eraikinaren atzealdea hartzen du, eta aurreko edizioetako artelanak bezala, inguru horretan ikusi ahal izango da, eta elementu erakargarri garaikidea bilakatu nahi du auzokideentzat eta auzo horretan bizi ez diren gainerako pertsonentzat. Neurri handiko horma-irudiak 300 metro karratuko horma hartuko du, 20 metroko garaierarekin.

Anna Taratielek (Terrassa, 1982) grafitiaren bitartez eman zituen lehenengo pausoak artearen munduan, OVNI izen artistikoarekin. Diseinu grafikoa ikasi zuen Terrassako Vapor Unibertsitate Eskolan, eta hormetarako tekniketan diplomatu zen Bartzelonako Llotjan. Bere artelanean barne paisaiak gogorarazten eta inguruneari buruzko gogoeta metaforikoak planteatzen ditu, abstrakzio geometrikoaren bitartez irudikatuta, emozioak eraginez eta ikuslearen pertzepzioa bultzatuz, espazioaren eta kolorearekin duen harreman indartsuaren –konposiziozkoa, kontzeptuala, teknikoa– bidez.

Estudio barruko lanak ere egiten dituen arren, nazioarteko figura da hiriko artean. 2006tik hogei bat horma-irudi proiektu sinatu ditu Europa osoan, eta baita Brasilen ere. Artistak paisaia eta hirigunea integratzeko ikuspegia du, higiezinaren edifikazio bera errespetatuz eta horrekin jolastuz, hiriaren skylinean kontu handiz sartzea lortzen duen lan geometrikoan oinarrituz.

Horma-irudi horren eta azken urteetan BLV-ART programaren barruan egin diren gainerakoen komisarioa SC Galeryko Sergio García Bayón izan da. SC Galery arte garaikide galeria eta artista garaikideen ordezkaria da, eta Bayón berak sortu zuen 2008an Bilboko Gorteetako kalean.

+ INFO: https://www.instagram.com/annaovni/