BILBOK BILBOARGAZKIREN 13. EDIZIOA JASOKO DU URRIAN, IBILBIDE LUZEKO PROFESIONALEN ESKUTIK ETORRIKO DIREN HAMAR ARGAZKI ERAKUSKETAREN, HITZALDIEN ETA TAILERREN BITARTEZ

Bilboko Udalaren laguntza duen ekimena Euskal Herriko Argazkigintza Elkarteen Federazioak sustatu eta BBKk babesten du. Ikusleek goi mailako argazkilarien, José Benito Ruizen, Valiente Verderen, Ramón Serrasen edo Juan Pablo de Miguelen lanetara hurbiltzeko aukera izango dute.

Bilboargazkik, gonbidatutako argazkilarien presentzia izango du, eta horiek hitzaldiak eta tailerrak ere emango dituzte. Horrez gain, urriaren 27an, 8 eta 13 urte arteko ikasleei zuzendutako ohiko argazki irteera ere egingo da.

 

Hainbat estilo eta gai lantzen dituzten hamar argazki erakusketa bisitatu ahal izango dira hiriko zenbait lekutan urriaren amaierara arte, BILBOARGAZKIren hamahirugarren edizioaren barruan. Euskal Herriko Argazkilari Elkarteen Federazioak bultzatzen duen ekimenak Bilboko Udalaren eta BBKren laguntza du. Gure hiria argazkigintza zaleentzat erreferente bilakatzea lortu duen programa, gonbidatutako artistetako batzuek eskainiko dituzten hamar hitzaldirekin eta lau tailerrekin osatuko da.

Izan ere, beste urte batez, programatutako artistetako asko hirira etorriko dira, horien artean ospe handiko profesionalak, hauek, besteak beste: José Benito Ruiz, naturaren argazkilaria, naturista, idazlea eta irakaslea bokazioz; Juan Pablo de Miguel, naturako eta hiriko paisaien argazkigintzan espezializatua; Valiente Verde erretratugile berezia; edo Ramón Serras, ezinbesteko erreferentea euskal argazkigintzaren barruan. Ohikoa denez, BILBOARGAZKIk euskal argazkigintzan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari diren gazteentzako lekua erreserbatu du. Horien artean dago Ariane Roz bilbotarra, adibidez.

Ikusleek Hiriko ohiko guneetan gozatu ahal izango dute arte unibertsal horretaz: Abando – Elkanoko eta Burtsako udaltegietan, UPV/EHUko Paraninfoan eta Erakusketa Aretoan, Batzar Nagusietako Aretoan, Espacio de Los Mundosen, Café Iruñan, FNAC aretoan, eta aurten beste bi egoitza gehituko dira, Bilbao Centro eta Bizkaiko Abokatuen Elkargoa.

BILBOARGAZKI 2019ko programazioa gaur goizean aurkeztu da BBK Aretoan. Bertan Iñaki López de Aguileta, Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria, Juan Armentia Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteko presidentea, eta Koldo Bilbao, BBKko Kultura Saileko arduraduna egon dira.

BILBOARGAZKI, beste ezer baino gehiago, argazkigintzaren arteak eskaintzen dituen aukera ikusgarriez gozatzeko modua da, programatutako erakusketetan izango dugun erreferentzia estetiko eta eduki aniztasun handia dela eta. Oraingo honetan, hainbat estilotako hamar erakusketa dira, naturako argazkien eta argazkigintza artistikoaren presentzia azpimarragarriarekin, baina argazkigintza sozialagoa eta erretratuaren presentzia nabarmena ere izango ditugu, Valiente Verdek edo Rocío López Almeriako argazkilariak egiten dituztenak, besteak beste.

ERAKUSKETAK
Ateak irekiko dituen lehenengo erakusketa aste honetan izango da, EHU/UPVko Bizkaia Aretoko Axular gelan. Nazio eta nazioarte mailako hainbat lehiaketetan sariak jaso dituen eta Confederación Española de Fotografía elkarteak Maisu gisa aitortu duen Juan Antonio Palacios Eibarko argazkilari beteranoaren “Harria” da. Naturako paisaien argazkilari gisa egin duen lanarengatik ezagunagoa den arren, “Harria” zuri-beltzeko 42 irudiz osatutako bilduma da, horietako batzuk formatu handikoak eta Juan Manuel Uria poetaren testuekin lagundutakoak, antzinatik datorren herri kirola den harri jasotzeari buruzkoa. “Harria” urriaren 9ra arte bisitatu ahal izango da, eta urriaren 3an izango du inaugurazio ofiziala, egilearen presentziarekin, 19:00etatik aurrera.

BILBOARGAZKIren edizio honetan programatutako erakusketa gehienek datorren astean irekiko dituzte ateak, urriaren 1etik aurrera. Hori da hilaren amaierara arte Deustuko Espacio de los Mundosen bisitatu ahal izango den eta landa inguruko Txinan eta umeek hezkuntza jasotzeko dituzten zailtasunetan zentratuko den Xie Hailong argazkilari txinatar ezagunaren “Big Eyes” erakusketaren kasua. Erakusketari izena ematen dion argazkia, irakurtzeko irrikan dagoen neskato txiki batena da, artistak duela 30 urte hartutakoa. Gobernuaren eta herriaren esfortzuei esker, Txinako landa hezkuntza hobetu egin da azken urteetan, eta hori da, hain zuzen ere, hilaren amaierara arte bisitatu ahal izango den argazki bildumak erakusten duena.

Urri osoan, baita ere, ikusleek Ariane Roz argazkilari bilbotar gaztearen lana ezagutzeko aukera izango dute, etorkizun handiko gazteentzat erreserbatutako espazioan. “Ritmos” seriea, artistak arkitektura komertzialeko argazkigintzan duen esperientziatik sortu da. Erakusketa, Bilboren, hirigintza aldetik eraldaketa nabarmena izan duen hiriaren, historia arkitektonikoari egiten zaion omenaldi pertsonala da. Seriea gauzatzeko Sarrikoko Etxe Amerikarretan zentratu zen, aurrekontu urriko etxebizitza sozial blokea, estilo arrazionalistakoa, Bilboren industria hazkundearen garaian diseinatu zena. Helburu guztiz kontrakoa zuten lekuetan edertasuna aurkitzea bilatzen duten argazkiak dira. “Ritmos” erakusketa hilaren amaierara arte egongo da Café Iruñan (Colon de Larreategi kalea, 13).

Ikusleek, José Benito Ruiz naturaren argazkilari ospetsuaren lana ezagutzeko aukera ere izango dute. “Diálogos sobre composición”, prestakuntza eta erakusketa helburu bikoitza duen bilduma da. “Only RAW” korrontearen eskakizunak betez egin diren irudien aukeraketak osatzen du, eta horietako batek ere ez du aldaketarik jaso, kamerak jaso zuena dira. Egileak argazkien sinesgarritasuna berreskuratzeko egiten duen errebindikazioa da. Erakusketa urriaren 30era arte egongo da zabalik Abandoko Udaltegian (Elkano, 20) eta urriaren 11n inauguratuko da modu ofizialean, egilea bertan dagoela, 19:00etatik aurrera.

ERRETRATUA
BILBOARGAZKIren edizio berri honetako programazioaren barruan, erretratuari buruzko bi erakusketa azpimarratu behar dira. Alde batetik, FNACeko erakusketa aretoak Alacanteko Valiente Verde argazkilariaren “Cuando Valiente retrató a Verde” jasoko du. Información egunkariko argazkilari kolaboratzailea da eta Xataka blog-aren iritziz 14 erretratu argazkilari interesgarrienetakoa. Erretratugile pentsamenduz, hitzez eta lanez, kaleko irudi berezien ehiztaritzat du bere burua, eszenan jartzearen teatralitatea eta bere pertsonaien egia uztartzen dituen estiloarekin, kolore indartsuz osatutako atmosferan. Beste alde batetik, Rocío López Almeriako argazkilari gaztearen “Gas a Rock” erakusketak bere bi pasioak bateratzen ditu, argazkigintza eta motoaren mundua. Erakusketa, urriaren 4an, 19:00etan, Bilbao Centron egingo den moto jai batekin inauguratuko da.

Burtsako Udaltegiko Erakusketa Aretoak Juan Pablo de Miguelen “Deriva” erakusketa jasoko du urriaren 16tik 31ra. Naturako eta hiriko paisaien argazkigintzan espezializatutako argazkilariak nazio eta nazioarte mailako sari ugari jaso ditu azken urteetan. Bere argazkiak bidaia gidaliburuetan eta National Geographic, Geo Magazine edo Digital Photo aldizkarietan ikusi ahal dira, eta Samsung edo Google enpresek euren kanpainetan erabiltzen dituzte.

BILBOARGAZKIren programazioaren barruan banakako beste erakusketa bi ere jasotzen dira: Bilbora, istorioak kontatzea eta sentsazioak piztea bilatzen duen bilduma dakarren Oskar Mansoren –Argizaiola 2019 Sariaren irabazlea– “El cuentacuentos”, EHU/UPVko erakusketa aretoan bisitatu ahal izango dena; eta nazioartean aintzatetsita dagoen eta euskal argazkigintzaren barruan erreferentea den Ramón Serras argazkilari gipuzkoar beteranoak hainbat teknika erabiliz egin duen lana erakusten duen bilduma.

Programazioa, 2019ko Argizaiola Sariko lan onenak biltzen dituen talde erakusketarekin osatuko da. Horrela, urriaren 1etik hilabetea amaitu arte, Batzar Nagusietako erakusketa aretoak (Hurtado de Amezaga kalea, 6), Euskadiko argazki lehiaketa beteranoetako batera aurkeztutako lanen aukeraketa jasoko du. Erakusketak Aitor Aranaren argazki irabazlea eta accesitak (Oskar Gaskon eta Andrés Indurain) erakutsiko ditu, lehiaketara aurkeztutako beste argazki batzuekin batera. Erakusketa urriaren 7an inauguratuko da, arratsaldeko 19:30ean, eta irabazleak bertan egongo dira.

HITZALDIAK ETA TAILERRAK
Argazki erakusketekin batera, eta jada ohikoa denez, BILBOARGAZKIren programazioa, edizio honetara gonbidatutako argazkilariek emango duten hitzaldi zikloarekin eta argazkigintza tailerrekin osatuko da. Horrela, argazkigintza zaleek esperientziak trukatzeko eta trebatzeko aukera izango dute, edizio honetan parte hartuko duten profesionaletako batzuen eskutik.

Ezaugarri aurreratuagoak dituzten tailerrak artista gonbidatuek emango dituzte. Horrela, urriaren 12an eta 13an, José Benito Ruizek argazki konposizioari buruzko prestakuntza espezializatua eskainiko du. Valiente Verdek, bere aldetik, bere lan egiteko moduan zentratutako tailerra emango du urriaren 19an, ideiatik erretratua gauzatu arte. Juan Pablo de Miguelek, berriz, 6-pauso metodoa landuko du urriaren 26an emango duen tailerrean. Prestakuntza programazioa, Irene Cruzek urriaren 5ean eta 6an emango duen tailerrarekin osatuko da. Gaia, sare sozialak argazkigintzaren profesionalentzat izango da.

Azkenik, eta aurreko edizioetan izan duten harrera bikaina ikusita, aurten ere umeei (8 eta 13 urte artekoak, bakoitzak bere kamera eraman beharko du) zuzendutako hastapeneko argazkigintza ikastaroa errepikatuko da. Jarduera urriaren 27an, igandean, izango da, goizeko 10:30etik aurrera, Azkuna Zentroan, eta argazkiak egiteko inguruetara egingo den irteera bat ere egongo da. Ondoren, ateratako argazkiak jaialdiaren webgunetik jaitsi ahal izango dira. Izen ematea doakoa izango da www.bilboargazki.com webgunearen bitartez (plaza mugatuak). Jarduera horrekin bat etorriz, Mª Ángeles Fernández de Andrések Minutuko argazkigintzari buruzko hitzaldi laburra eskainiko die partaideei.

AGENDA

JÓVENES VALORES: ARIANE ROZ
“Ritmos”
Café Iruña. Colon de Larreategi kalea, 13.
Urriaren 1etik 31ra. (Inaugurazioa urriaren 2an, 20:00etan, egilearen presentziarekin).

JUAN ANTONIO PALACIOS
“Harria”
Axular Gela – Bizkaia aretoa EHU/UPV (Paraninfoa). Abandoibarra Etorbidea, 3 -1. solairua.
Irailaren 24tik urriaren 9ra.

ARGIZAIOLA SARIA 2019
Batzar Nagusietako Aretoa. Hurtado de Amezaga kalea, 6.
Urriaren 1etik 31ra.

JOSÉ BENITO RUIZ
“Diálogos sobre composición”
Abandoko Udaltegia – Elkano. Elkano kalea, 20.
Urriaren 1etik 31ra.

JUAN PABLO DE MIGUEL
“Deriva”
Burtsako Udaltegia. Pilota kalea, 10.
Urriaren 16tik 31ra.

VALIENTE VERDE
“Cuando Valiente retrato a Verde”
Fnac-eko erakusketa aretoa. Urkixo Zumardia, 4.
Urriaren 1etik 31ra.

JIE HAILONG
“Big Eyes”
Deustuko Espacio de los Mundos. Madariaga kalea, 5.
Urriaren 1etik 31ra.

OSKAR MANSO
“El cuentacuentos”
EHU/UPVko Erakusketa Aretoa. Espainiako Bankua kalea, 2.
Urriaren 1etik 31ra.

ROCÍO LÓPEZ
“GAS and ROCK”
Bilbao Centro
Indautxu kalea, 1.
Urriaren 1etik 31ra.

RAMÓN SERRAS
“Un paseo por el trabajo de Ramón Serras”
Eduardo Escribano Erakusketa Aretoa. Bizkaiko Abokatuen Elkargoa.
Uribitarte maldak, 3.
Urriaren 1etik 31ra.