BIDEBARRIETAKO LIBURUTEGIAK “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” EGITARAUARI EKINGO DIO BERRIRO, MARIASUN LANDA ETA BERNARDO ATXAGA ELKARTUZ, FIKZIOAREN ITURRIEI BURUZ HITZ EGITEKO

Hitzordua euskaraz izango da, eta Pili Kaltzada kazetariak aurkeztuko du. Arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan. Streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez

 

“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko solasaldiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udalaren ekimenak, datorren asteartean, irailaren 18an, ekingo dio berriro programazioari, fikzioaren iturriei buruzko topaketarekin. Bertan Mariasun Landa eta Bernardo Atxaga idazleek hartuko dute parte. “Fikzioaren iturriak” izenburua izango duen hitzaldia euskaraz izango da, eta Pili Kaltzada kazetari eta idazleak moderatuko du.

Bidebarrieta Kulturguneak jarraipena emango dio horrela “Eztabaidak literaturarekin” ekimenaren urteko azken hiruhilekoko programazioari, ibilbide luzea duten bi egilerekin izango duen luxuzko topaketarekin. Egileak, euren iritziz fikzioaren iturriak zer diren edo non dauen aztertzen ahaleginduko dira. Ohikoa denez, ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librea izango du leku guztiak bete arte eta streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Pili Kaltzadak literaturako hainbat testutatik eta erreferentziatatik ibilbidea egitea proposatuko die Landari eta Atxagari, fikzioaren iturriak zeintzuk diren argitzen ahalegintzeko, pertsonaren barruan ala kanpoan dauden, fikzioaren jatorria errealitatea ala idazten duenaren burua den… eta baita beste zenbait gai ere, fikzioa osatzeko orduan irakurleek betetzen duten lekua edo euskaraz idatzitako fikzioaren egungo egoera, besteak beste.

Mariasun Landa (Errenteria, 1949) Filosofian lizentziatua da Parisen eta Filosofian eta Letretan Valentziako Unibertsitatean. Lehen Hezkuntzako irakasle gisa aritu da zenbait urtez eta, baita Irakasleak Euskalduntzeko Zerbitzuan (IRALE-Eusko Jaurlaritza) ere. Euskal Herriko hainbat aldizkaritan eta egunkaritan idatzi du, baina bere sorkuntza lana euskaraz idatzitako haur eta gazte literaturan zentratu da, batez ere. Hogeita hamar lan baino gehiago argitaratu ditu, eta bere lanaren parte handia gaztelaniara, katalanera eta galegora eta atzerriko beste hizkuntza batzuetara itzuli da: ingelesera, frantsesera, alemanera, grezierara, arabierara, korearrera, albanierara… Literaturan jaso dituen sarien artean azpimarratzekoak dira euskaraz idatzitako Haur Literaturari ematen zaion Lizardi Saria, “Txan Fatasma” ipuinarekin (1982), eta 1991ko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria, “Alex” lanari esker.

Bernardo Atxaga (Asteasu, Gipuzkoa 1951) Joseba Irazu Garmendiaren ezizena da. Ekonomia Zientzietan lizentziatua Bilboko Unibertsitatean, mota askotako lanak egin zituen (euskara irakasle, irratiko gidoilari, liburu saltzaile, ekonomialari…), laurogeiko hamarkadaren hasieran buru belarri literaturan aritzea erabaki zuen arte. Beste batzuen artean lan hauen egilea da: “Obabakoak” (1989, Euskadi Saria, Nazio Narrazio Saria, European Literary Award, IMPAC, lehiaketako finalista), “Gizona bere bakardadean” (1993), “Bi anai” (1985), “Zeru horiek” (1995), “Soinujolearen semea” (2004, Grinzane Cavour Saria, Times Literary Supplement Translation Prize Saria), “Zazpi Etxe Frantzian” (2009, Independent Foreign Fiction Prize 2012 sariko finalista, Oxford Weidenfeld Translation Prize 2012 sariko finalista) eta “Nevadako egunak” (2013). Bere lanak 32 hizkuntzatan irakur daitezke, eta Montxo Armendariz (Obaba, 2005), Aizpea Goenaga (Zeru horiek, 2006) eta Imanol Rayo (Bi anai, 2011) zinegileek pantaila handira eraman dituzte. Euskaltzaindiako kide eta Erlea Aldizkariaren zuzendaria da.

2007. urtearen hasieran “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturara hurbiltzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin egindako jende aurreko solasaldiaren bitartez.

Hauek dira iaz, 2017. urtean, “Eztabaidak literaturarekin” egitarauan parte hartu zutenak: Gabriela Ybarra eta Carlos Pardo, Xabier Olarra eta Harkaitz Cano, Mayte Carrasco eta Álvaro Colomer, Lucien Etxezaharreta eta Lander Garro, Gabi Martínez eta Patxi Irurzun, Toti Martínez de Lezea eta José Luis Corral, Mikel Martínez eta Patxo Telleria, Lorenzo Silva eta Carme Riera, Elvira Navarro eta Iban Zaldua, Fernando eta Luis Marías anaiak.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.