BIDEBARRIETA KULTURGUNEAREN “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” EKIMENAK PATXI ZUBIZARRETA ETA MIREN AGUR MEABE IDAZLEAK ELKARTUKO DITU ASTEARTEAN, EUSKARAZ IDATZITAKO LITERATURAREN ETORKIZUNARI BURUZ BERBA EGITEKO

Topaketa Juanra Madariaga filologo, idazle eta kazetariak, Nontzeberri kultur atariko arduradunak, moderatuko du, eta euskaraz izango da.

Urtarrilean bere zortzigarren edizioa hasi zuen “Eztabaidak Literaturarekin” programa hilean behin egiten da, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan.

Jende aurreko solasaldien bitartez literaturako zenbait irudirengana hurbiltzeko helburua duen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren “Eztabaidak literaturarekin” ekimenaren barruan, Patxi Zubizarreta eta Miren Agur Meabe idazleak, euskal literatura eta, batez ere, euskaraz idatzitako literatura, norantz doan argitzen ahaleginduko dira datorren asteartean, ABENDUAREN 16an, “Euskal Literatura nora zoaz?” izenburupean. Urteko azken topaketa hori euskaraz izango da oso-osorik.

Eztabaidak asteartetan izaten dira, hilero, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta espezializatutako kazetari bat aritu ohi da ekitaldiaren aurkezle eta gidari gisa. Topaketa hori Juanra Madariaga idazle eta kazetari eta Nontzeberri euskarazko kultur atariko arduradunak moderatuko du. Moderatzaileak, krisi ekonomikoak kulturan eta literaturaren sorkuntzan izan duen eraginari, euskaraz egiten den literaturari aurreikusten dioten etorkizunari, Euskal Herritik kanpo bide berriak zabaltzeko aukerarik ote dagoen, edo euskaraz egindako testuak merkaturatzeko dauden zailtasunei buruz galdetuko die gonbidatuei.

Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964) Euskal Filologian Lizentziatu zen, eta bere lan gehiena umeei eta gazteei zuzenduta egon da. Hainbat sari lortu ditu, Xabier Lizardi (1991), Baporea (1993), Antonio Mª Labaien (1997), Euskadi Saria (1997), edo Ignacio Aldecoa (2002). Horrez gain, nagusientzako bost narrazio lan ere idatzi ditu: “Jesus, Marie ta Joxe” (Erein, 1989), “Gabrielle” (Erein, 1991), “Jeans-ak hozkailuan”, “Barrikadak. Vigo-Hendaia espresa” eta “Txantxa”.

Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962) poetari dagokionez, Irakaskuntzan diplomatua eta Euskal Filologian lizentziatua da. Sari asko irabazi ditu, 1997an Imajina ezazu Euskadi lehiaketan “Ohar orokorrak” lanari esker irabazi zuena, besteak beste. Bertan argitaratutako poemetako hainbat, bere lan handienaren oinarri gisa erabili zituen egileak: “Azalaren kodea” (Susa, 2000; El código de la piel, Bassarai, 2002). Lan horrek Kritikaren Saria irabazi zuen 2001ean. Ondoren, “Itsaslabarreko etxea” (Aizkorri, 2001) lanarekin umeei eta gazteei zuzendutako literatura modalitatean Euskadi Saria irabazi ostean, haur eta gazte literaturan lanean jarraitu du.

ZORTZIGARREN EDIZIOA

2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko elkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena helburu nagusi dituen kulturari eskainitako gunea da.