BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, XABIER GUTIÉRREZEN “EL AROMA DEL CRIMEN” LIBURUAREN AURKEZPENA JASOKO DU ASTEARTEAN, SUKALDARITZAKO ERREZETAK ERE EMATEN DITUEN POLIZIA ELEBERRIA

Aurkezpena Almudena Cacho kazetariak zuzenduko du. Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegian izango da, arratsaldeko 19:30etan, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

Datorren asteartean, OTSAILAREN 24an, Bidebarrietako Liburutegiak, Xabier Gutiérrez sukaldari, psikologo eta idazlearen “El aroma del crimen” liburuaren aurkezpena jasoko du. Aurkezpen ekitaldia Almudena Cacho kazetariak zuzenduko du, leku guztiak bete arte sarrera librea izango duen ekitaldian.

 

Lanaren protagonista Vicente Parra da, egoitza Donostiako Antigua auzoan duen Ertzaintzako ofizial instruktorea. Itxuraz oso desberdinak diren bi kasu hartuko ditu. Alde batetik, bere etxe handian labankadaz hilda agertzen den emakume moda diseinugilea. Lehenengo aztarnek lapurreta izan daitekeela pentsatzera eramaten duten arren, laster ikusiko da eraso bat simulatzen duen hilketa dela. Beste alde batetik, Cristian mutil gaztea, Kimika fakultateko bedela, giltzurruneko gutxiegitasunaren ondorioz hildakoa. Amak uste du ez dela heriotza naturala izan, zeraman bizitza ez zetorrelako bat bedel batek irabazten duen soldatarekin. Vicentek, protagonistak, laster ikusiko du susmagarri guztiak gastronomiaren munduarekin erlazionatuta daudela.

 

Xabier Gutiérrezen lehenengo eleberri beltza da, eta baita “Los aromas del Crimen” izenburua eramango duen lau lanez osatutako saileko lehenengoa ere. Egileak adierazi duenez, bigarren partea prest dago, hirugarrena idazten ari da eta laugarrenaren zirriborroa ere eginda dago.

 

Xabier Gutiérrez (Donostia, 1960) sukaldari, psikologo eta idazlea da. 1990etik Donostiako Arzak Jatetxeko berrikuntza saila zuzentzen du. Horrez gain, zenbait komunikabiderekin ere aritzen da, eta aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen die elikaduraren sektoreko enpresei. Basque Culinary Centerreko Berrikuntza Masterreko irakasle gisa, sukaldaritzako 12 liburu eta sukaldaritzako estetikari buruzko bost saiakera argitaratu ditu, eta horietako hamarrek sari garrantzitsuak jaso dituzte, 2005eko Gastronomia Sari Nazionala edo Best World Cookbook Award saria, besteak beste.

 

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA Bidebarrietako Liburutegian dagoen gunea da, eta bere helburu nagusia liburua eta literatura sustatzea da.