BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, NEANDERTALEI ETA CRO-MAÑOIEI BURUZKO HITZALDI-SOLASALDIA JASOKO DU ASIER GÓMEZ OLIVENCIA PALENTOLOGOAREKIN, ZIENTZIAREN HEDAPENERAKO PROGRAMAREN BARRUAN

• “Neandertales y Cro-mañones: dos humanidades, dos destinos” izeneko topaketa 19:00etan hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan.

• Sarrera doakoa da, baina beharrezkoa izango da gonbidapena jasotzea, liburutegian bertan, BIHARTIK, hilaren 10etik, aurrera. Streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunean

 

Bidebarrieta Kulturguneak hitzaldi-solasaldia jasoko du datorren asteazkenean, irailaren 15ean, Asier Gómez Olivencia Giza Paleontologian doktorearekin. “Neandertales y Cro-mañones: dos humanidades, dos destinos” izenburupean, bi espezie horien arteko aldeak eta antzekotasunak jorratuko ditu. Aurten hamargarren urteurrena ospatzen duen EHU/UPVko Kultura Zientifikoko Katedrarekin batera antolatu den ekitaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango den arren, ezinbestekoa izango da aurretik gonbidapena jasotzea, liburutegian bertan, BIHARTIK aurrera.

Ehunka mila urtez hainbat izan dira Lurrean bizi izan diren giza espezieak. Gaur egun, ordea, gure espeziea (Homo sapiens) da lurrazalean bizi den giza leinuko espezie bakarra. Neandertalak kontinente zaharrean bizi izan ziren ia milioi erdi urtez, ondoren, duela 45.000 urte eskas Europara iritsi zen gure espezieari bidea uzteko. Bi espezie horiek Ekialde Hurbilean gurutzatu ziren, eta milaka urtez antzeko teknologiak izan eta antzeko kultur ezaugarriak erakutsi zituzten. Biek utzi zuten euren arrastoa Euskadin. Gaur egungoa bezalako garaia izan zen, orduan ere klimaren aldaketarekin erlazionatutako arazo handiak baitziren. Izan ere, ez dugu ahaztu behar desagertzea ez dela gizakiak inoiz ezagutu gabeko zerbait.

Asier Gómez Olivencia Giza Paleontologian doktorea da, garezur ondoko eskeletoen analisian aditua, eta Cambridgeko Unibertsitatean eta Frantziako Historia Naturaleko Museo Nazionalean egin ditu ikerketa lanak. Ramon y Cajal ikertzailea da, eta 2014an EHU/UPVko Estratigrafia eta Paleontologia Sailean sartu zen Ikerbasque ikertzaile gisa. Nazioarteko ikerketa-taldeetan parte hartu du, bai ikertzaile gisa, bai talde zuzendari gisa. Zuzendutako ikerketen artean aipatzekoak dira Iberiar Penintsulan Pleistozenoan elur-oreinen presentzia ikertzeko egindakoa edo Kebarako aztarnategiko (Israel) hondakin fosilekin neandertal baten toraxa 3Dn berreraiki izana.

Hitzaldia, Bidebarrieta Zientifikoaren urteko programazioaren barruan dago. Ekimenak beste programa batzuk ere jasotzen ditu “Darwinen Eguna” –hori ere UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutakoa–, besteak beste, zientzia jende guztiari, era atseginean eta didaktikoan hurbiltzeko eta egunerokotasuna duten zientziari buruzko gaiak ezagutarazteko helburuarekin.

GONBIDAPENAK JASOTZEA:
Lekua: Bidebarrietako liburutegia
Egunak: URTARRILAREN 10etik 15era. Larunbatean eta igandean izan ezik.
Ordutegia: 10:00-14:00 // 16:00-19:00.
Gehienez ere 4 gonbidapen pertsona bakoitzeko.
Leku guztiak betetzen direnean ezin izango da aretora sartu.
+ INFO: www.bilbao.eus eta www.bilbaokultura.eus