BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, MATEMATIKEK ARTEAREN BARRUAN DUTEN ERABILERARI BURUZKO HITZALDI-SOLASALDIA JASOKO DU ASTELEHEN HONETAN, ESTHER FERRER ARTISTA DONOSTIARRAREKIN ETA TOM JOHNSON KONPOSATZAILE MINIMALISTAREKIN

Topaketa arratsaldeko 19:00etan hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan. Sarrera doakoa izango da, baina beharrezkoa izango da gonbidapena jasotzea, GAURTIK aurrera, liburutegian bertan. Streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

 

Bidebarrieta Kulturguneak, Esther Ferrer artista donostiarra eta Tom Johnson Estatu Batuetako konposatzaile minimalista elkartuko dituen sorkuntza artistikoaren eta ikerketa zientifikoaren arteko bizikidetzari buruzko hitzaldia jasoko du datorren astelehenean, martxoaren 12an. “Elkarrizketak mugan” izenburua duen eta Bilboko Udalak eta UPV/EHUko Kultura Zientifiko Katedrak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, antolatu duten hitzordua arratsaldeko 19:00etan hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan.

Jarduerak doako sarrera izango du, baina beharrezkoa izango da aurretik gonbidapena jasotzea liburutegian bertan, gaurtik aurrera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara -astelehenetik ostiralera-, gehienez ere lau sarrera pertsona bakoitzeko. Leku guztiak bete ondoren ezin izango da aretora sartu, baina gaztelaniaz egingo den topaketa streaming-ez jarraitu ahal izango da, www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Helburu nagusia arteen eta zientzien artean elkarrizketarako lekua sortzea duen ekitaldiak, Euskal Herriko Unibertsitateko Josu Rekalde (Arte Ederrak) eta Raúl Ibáñez (Zientzia eta Teknologia) irakasleak elkartuko ditu Bizkaiko hiriburuan. Bi artisten sorkuntza prozesuetan matematikek duten erabilerari buruz hitz egingo dute Ferrerekin eta Johnsonekin. Horrez gain, Klem Laborategiak (Musikaa&Zientzia&Artea ikerketan oinarritutako nazioarteko proiektua) esku-hartzeak lagunduko ditu, azalpenetarako adibide izango diren musika pieza txikien bitartez.

Izan ere, Esther Ferrer donostiarra aitzindaria da performancearen artean, eta arte mota horrek Estatu osoan duen ordezkari azpimarragarrienetakoa da. Bere lanak sari ugari eman dizkio, Arte Plastikoen Sari Nazionala (2008), Gure Arte Saria (2012) eta Marie Claire de l’Art Contemporain izenekoa (2014). Mundu osoan erakutsi diren bere artelanetan, matematikei buruzko aipamen asko agertzen dira (zenbaki lehenak, infinitua pi zenbakian, geometria, espazioa eta denbora…) eta minimalismoarekin, arte kontzeptualarekin eta feminismoarekin erlazionatuta daude.

Tom Johnson musikariari dagokionez, Estatu Batuetako konposatzaile minimalista eta musikaren teorikoa da. Bere konposizioetan forma sinpleak, eskala mugatuak eta matematikako zenbait elementu, konbinatorioa, simetriak, zenbakiak edo fraktalak, erabiltzen ditu. Bere lanen artean azpimarragarriak dira La ópera de las cuatro notas (1972) ezaguna, Melodías Racionales (1982) eta Frantziako “Victoires de la musique 2000” sari nazionala eman zion Kientzy Loops, eta baita duela denbora gutxiago egindako melodiak ere, Galileo (2001), Mosaicos (2002) edo Ritmos de Vertmon (2008), besteak beste.

Hitzaldia, Bidebarrieta Zientifikoaren urteko programazioaren barruan dago. Ekimenak beste programa batzuk ere jasotzen ditu “Darwinen Eguna” -hori ere UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutakoa-, besteak beste, zientzia jende guztiari, era atseginean eta didaktikoan hurbiltzeko eta egunerokotasuna duten zientziari buruzko gaiak ezagutarazteko helburuarekin.

GONBIDAPENAK JASOTZEKO:
Lekua: Bidebarrietako Liburutegia
Egunak: Martxoaren 8tik 12ra. Larunbata eta igandea izan ezik.
Ordutegia: 10:00-14:00 // 16:00-20:00.
Gehienez ere 4 gonbidapen pertsona bakoitzeko.

+ INFO: www.bilbao.eus eta www.bilbaokultura.eus