BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK LITERATURA FRANTSESARI BURUZKO TOPAKETEI EKINGO DIE BERRIRO, LA SILICONIZACIÓN DEL MUNDO LIBURUA AURKEZTUKO DUEN ÉRIC SADIN IDAZLE ETA FILOSOFOAREKIN

Bilboko Institutu Frantsesarekin batera antolatu den ekitaldia 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango du. Streaming-ez ere jarraitu ahal izango da: www.kulturguneatb.eus.

 

Bilboko Udalaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, literatura frantsesari buruzko beste topaketa bat jasoko du asteartean, urriaren 2an. Oraingo honetan, gonbidatua, Éric Sadin idazle eta filosofoa izango da, La siliconización del mundo (Caja Negra Editora) liburuaren gaztelaniazko argitalpena dela eta. Bilboko Institutu Frantsesarekin batera antolatu den ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango du.

Éric Sadin idazle eta filosofoa gaur egungo pertsonalitate frantses ospetsuenetakoa da teknologiaren eta gizartearen arteko erlazioak ikertzen dituztenen artean. Hainbat idazkitan garaikidetasunaren eta horren jardunbideen diagnostikoa islatzeaz arduratu da, gailu teknologikoek gizaterian dituzten eraginen arabera.

Oso kritikoa Silicon Valleyrekin eta bertako enpresa handiekin (Google, Apple, Amazon, Facebook, Netflix, Uber eta beste batzuk), teknologia berrien eraginaren azterketa gainditzen du, Silicon Valleyko eragileek mundua ikusteko dugun moduan duten benetako “kontrola” salatzeko. Munduaren silikonizazioa, beraz, liberalismoaren azken etapa izango litzateke.

Silicon Valleytik bultzatutako “teknoliberalismo” hori, Jainkoak ez zuela bere sorkuntza lana bete, gizakia berez hutseginkorra eta osatu gabea dela, eta teknologia “esponentzial” deitutakoen iritsierak gabezia hori konpontzeko aukera emango duela dioten ideietan oinarritzen da. Garapen teknologikoak aurrerapenera baino ezin duela eraman dioen ideia orokorraren kontra, Éric Sadinek konektatutako objektuen deriba posibleei, “start-up nation” horrek proposatzen duen mundu berriari, buruz ohartarazten du.

Bere liburuen artean hauek daude: Surveillance globale. Enquête sur les nouvelles formes de contrôle (2009), La société de l’anticipation (2011), La humanidad aumentada (2013, Caja Negra, 2017; Mundu digitalari buruzko saiakera eraginkorrenaren Hub Saria), La vie algorithmique (2015) eta La silicolonización del mundo (2016; Caja Negra, 2018). Horrez gain, Éric Sadinek irakaskuntza eta ikerketa lanak egiten ditu mundu osoko hainbat hiritan, eta artikuluak argitaratzen ditu Le Monde, Libération, Les Inrockuptibles eta Die Zeit egunkari eta aldizkarietan, besteak beste.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta hedapena dituen gunea da.