BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, LEONARDO PADURAREN AQUELLO ESTABA DESEANDO OCURRIR AZKEN KONTAKIZUN LIBURUAREN AURKEZPENA JASOKO DU ASTEAZKENEAN

Ikus-entzuleekin egingo den topaketa arratsaldeko 19:30etan hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta egilea bertan egongo da. Nazioartean oihartzun handiena duen narratzaile kubatarra da, eta 2012an Kubako Literatura Sari Nazionala irabazi zuen.

Bidebarrietako Liburutegiak Aquello estaba deseando ocurrir (Ed. Tusquets) liburuaren aurkezpen ekitaldia jasoko du asteazkenean, (MARTXOAREN 11n). Lan horrek liburuki bakarrean biltzen ditu Leonardo Padura idazle kubatarraren ipuin guztiak. Ekitaldian idazlea bera egongo da. Bere lanak 14 hizkuntzatara daude itzulita. Sari eta aintzatespen garrantzitsuak jaso ditu, horien artean, 2012an jasotako Kubako Literatura Sari Nazionala. Ekitaldia 19:30etan hasiko da, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

 

Maitasuna eta erotismo asko, nostalgia eta adiskidetasuna, erakusten duten kontakizun horiek, pertsonaia ahaztezinez eta oraindik kontatu gabe dauden bizitzez betetako hiri baten atmosfera karibetarrean sartuko dute irakurlea. Izan ere, Leonardo Paduraren eleberriek eskaintzen duten Habanako unibertsoa berehala ezagutzeko modukoa da, baina orain arte bere kontakizun ugariak ez dira inoiz liburuki bakarrean jaso.

 

Bere ipuinak istorio bikainak dira, eta horien protagonistak, anitzak: Angolatik La Habanara itzultzen diren eta Madrilera –bertan, zoriak iraganera eramango ditu– heltzen diren kazetari ilunak; antzinako distira duten boleroek eta abeslariek liluratutako ikasle gazteak; gauez, La Habanan gora eta behera ibiltzen diren gizon bakartiak, afektu edo ukipen bila, horiek lortzean munstro bilakatzen diren arren; idazle izatearekin amets egiten duten, baina euren biografia kontakizun hunkigarriena duten pertsonak; eta, etsi-etsian, Miamirantz itsasoratzen diren kubatar horiek guztiak.

 

Leonardo Padura (La Habana, 1955) gidoilari, kazetari eta kritikari gisa aritu zen lanean, Mario Conde detektibea protagonista duen polizia eleberri sailarekin nazioarteko aintzatespena lortu zuen arte: Pasado perfecto, Vientos de cuaresma, Máscaras, Paisaje de otoño, Adiós, Hemingway, La neblina del ayer eta La cola de la serpiente. Horrez gain, La novela de mi vida, El hombre que amaba a los perros (hamar hizkuntzatara itzulitakoa eta eskubideak zinerako salduta dituena) eta Herejes (Novela Histórica Ciudad de Zaragoza Saria) lanak ere idatzi ditu.