BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, EMAKUME ZIENTZIALARIEI ETA EMAKUMEAREN ETA ZIENTZIAREN ARTEKO ERLAZIOARI BURUZKO “EMAKUMEEK ZIENTZIA EGITEN DUTE” HITZALDI ZIKLOAREN BESTE EDIZIO BAT JASOKO DU OSTEGUNETIK AURRERA

Zikloa ostegun honetan abiatuko da, azaroaren 9an, Teresa del Valle antropologoarekin, UPV/EHUko Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien fakultateko Gizarte Antropologia Saileko katedradun eta zuzendariarekin.

Hitzaldi guztiak Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango dira, arratsaldeko 19:30etik aurrera, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte. Streamingez eskainiko dira www.kulturguneatb.net webgunetik.

Bidebarrieta Kulturguneak, zientziaren dibulgazio hitzaldi zikloa jasoko du AZAROKO ostegun guztietan. “Emakumeek zientzia egiten dute” izenburupean, hainbat ikuspegitatik landuko du emakumea eta zientzia paradigma, eta edizio honetan ere generoen artean dagoen aldean eta horrek zientzian dituen eraginetan sakonduko du, irakaskuntzaren alorrean zein ikerketa zientifikoaren maila guztietan.

Bilboko Udaleko Kultura Sailak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, antolatzen duen programa honen zazpigarren edizioa ostegun honetan, azaroaren 9an jarriko da martxan, Javier San Martin kazetariaren eta Teresa del Valle antropologoaren, UPV/EHUko Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Gizarte Antropologia Saileko katedradun eta zuzendariaren arteko elkarrizketarekin.

Teresa del Vallek Euskal Herrian, Mikronesian, Hawain, Mexikon eta Estatu Batuetan eraman ditu aurrera bere ikerketa lanak. 1979an Estatu Batuetatik itzultzean irakaskuntza eta ikerketa lana hasi zuen UPV/EHUn. Urte hartan ez zegoen oraindik Gizarte Antropologiarik Euskal Herriko Unibertsitatean, eta gai hori emateko kontratatu zuten lehenengo pertsona izan zen. 1984an lehenengo doktoretza kurtsoa eman zuen antropologia feministaren alorrean, “Diferenciación y jerarquización sexual” izenburuarekin, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien fakultatean. 1988an lehenengo Gizarte Antropologia katedra lortu zuen UPV/EHUn.

Argitaratutako lanen artean Mujer vasca. Imagen y realidad (zuzendaria), 1985; Korrika rituales de la lengua en el espacio, 1988; Culturas oceánicas: Micronesia, 1987; Las mujeres en la ciudad. Estudio aplicado de Donostia, 1991: Género y sexualidad (Carmela Sanz Ruedarekin, 1991; Gendered Anthropology (ed.), 1993; eta Andamios para una nueva ciudad. Lecturas desde la antropología, (1997) azpimarratu behar dira. Horrez gain bere espezialitateko gaiei buruzko hainbat lan argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan. Teresa del Vallek Berdintasunaren Emakunde Saria lortu zuen 2010ean, emakumeen errealitateari buruzko ikerketa eta hedapen lanarengatik.

Hitzaldi zikloak azaroaren 16an, ostegunean, jarraituko du, Miguel Ángel Delgado kazetari, idazle eta osasun dibulgatzaileak emango duen “Las desconocidas que iluminaron el cielo” hitzaldiarekin. Jendearentzat ezezagunak diren emakume astronomo handietan zentratuko da. Miguel A. Delgado (Oviedo, 1971) Frankensteinen, Julio Verne idazlearen eta Nikola Tesla asmatzailearen figurari buruzko erakusketetako komisarioa izan da. Teslari eskaini zion bere lehenengo eleberria, Tesla y la conspiración de la luz (Destino, 2014). Las calculadoras de estrellas, bigarren eleberrian berriro nahasten ditu zientzia, emozioa eta historia, oraingo honetan, euren lan ikusezinarekin, garai guztietako Astronomia aurrerapen nagusiak bultzatu zituzten emakume anonimoengan zentratuta.

Azaroaren 23rako programatu den hurrengo saioa Margarita Sánchez Romero Granadako Unibertsitateko irakaslea eta Historiaurre eta Arkeologia irakasleak gidatuko duen “Mujeres y Arqueología. Excavando en las razones de la invisibilidad” izango da. Oraingo honetan emakumeek ikerketaren alor horretan egin duten lanean eta Arkeologiaren alorrean ere ezezagunak izatera eraman dituzten abaguneetan zentratuko da. Azken hamar urteetan sei genero ikerketa proiekturen buru izan da, eta bere ikerketaren ildo nagusiak hauek izan dira, besteak beste: Arkeologia eta emakumeak, Haurtzaroaren arkeologia; Gorputzaren arkeologia edo Bakerako ikerketa.

Programa azaroaren 30ean amaituko da, Adela Muñoz Paéz Sevillako Unibertsitateko Kimika Inorganikoko Katedradunak eskainiko duen “Sabias con Nobel. Investigadoras en nuevos campos de éxito incierto” hitzaldiarekin. Adela Muñozek emakume zientzialariei buruzko 30 mintegi eta hitzaldi baino gehiago eman ditu, eta emakume zientzialarien ikusgaitasuna handitzeko beharra defendatzen du, beraien presentzia ia hutsa baita Zientzia alorreko Nobel sarietan, besteak beste, sarituen %3 ere ez baitira emakumeak. “Sabias. La cara oculta de la ciencia” liburua, historian zehar borrokatu diren emakume zientzialariei eskainitako omenaldia da, eta Zientzian ekarpen garrantzitsuak egin dituzten emakume batzuen lana azaleratzen du.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegi barruan kulturara zuzendutako espazioa da, eta bere helburuen artean kulturaren, literaturaren, arteen, zientziaren eta ezagutzaren garapena eta sustapena daude.

AGENDA:

AZAROAK 9
“Conversando con Teresa del Valle: una antropóloga en el Pacífico”
Javier San Martínek Teresa del Valle elkarrizketatuko du. Antropologoa, UPV/EHUko Gizarte Antropologia Saileko katedraduna eta zuzendaria Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean.

AZAROAK 16
“Las desconocidas que iluminaron el cielo”
Miguel Ángel Delgado, kazetari, idazle eta dibulgatzaile zientifikoa.

AZAROAK 23
“Mujeres y Arqueología. Excavando en las razones de la invisibilidad”
Margarita Sánchez Romero. Historiaurre irakaslea. Granadako Unibertsitatea

AZAROAK 30
“Sabias con Nobel. Investigadoras en nuevos campos de éxito incierto”
Adela Muñoz Paéz. Kimika Inorganikoko Katedraduna. Sevillako Unibertsitatea

Saio guztiak 19:30ean hasiko dira, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.