BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK ASTEARTEAN EKINGO DIO “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” EGITARAUARI, KARMELO C. IRIBARREN ETA SANTOS ZUNZUNEGUI ELKARTUKO DITUEN POESIARI ETA SAIAKERARI BURUZKO TOPAKETAREKIN

José Fernández de la Sota idazleak moderatuko duen hitzordua arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin. (Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.eus)

 

“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko solasaldiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udalaren ekimenak, datorren asteartean, URTARRILAREN 15ean, emango dio hasiera hamahirugarren edizioari, “Poesía y ensayo, cuestión de géneros” izenburupean, Karmelo C. Iribarren eta Santos Zunzunegui 2018ko Euskadi Literatura Saridunak, elkartuko dituen topaketarekin. Karmelo C. Iribarrenek literatura kategorian irabazi zuen saria, “Mientras me alejo” poema liburuarekin, eta Santos Zunzuneguik saiakera kategorian, “Bajo el signo de la Melancolía” lanari esker.

Ohikoa denez, topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Oraingo honetan, José Fernández de la Sota idazle eta poeta arituko da moderatzaile gisa, eta literatura generoen eta euren hibridazioari eta literaturaren sorkuntzarako “etiketak” beharrezkoak diren ala ez gaiari buruzko solasaldia proposatuko du. Ez dira faltako zineari eta literatur generoekin eta literaturaren historiako korronte sortzaileekin dituen lotura aberasgarriei buruzko aipamenak.

Karmelo C. Iribarren (Donostia, 1959) estatuko poesiaren ahots diskretua baina etengabea izan da azken bi hamarkada baino gehiagotik. Gaur egun, belaunaldi berriaren erreferenteetako bat da, bere hiperrealismo zorrotza dela eta. Erabat autodidakta, iturgin, liburu saltzaile eta ostalaritzako zerbitzari izan zen. “La condición urbana” (Renacimiento arg.) lanetik “Mientras me alejo” (Visor arg.) lanera, hamar poema liburu baino gehiago idatzi ditu, eta baita prosa ere, Diario de K (Renacimiento arg.) lana, hain zuzen ere. 2018an, Eusko Jaurlaritzak ematen duen Euskadi Sariaz gain, Espainiako liburu-saltzaile independenteek (CEGAL) ematen duten Los Libreros Recomiendan saria lortu zuen, “Mientras me alejo” poema-liburuari esker. Horrez gain, Melillako Hiriko Nazioarteko Poesia saria irabazi du, “Un lugar difícil” lanarekin.

Zuzenbidean lizentziatua eta ekonomialaria Deustuko Unibertsitatetik, Santos Zunzunegui (Bilbo, 1947) idazle eta Espainiako zinearen historialari da. EHU/UPVko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazio katedraduna da, eta bertako dekano ere izan da. Horrez gain, irakasle gonbidatua izan da París – Sorbonne Nouvellen, École Normale Supérieuren, Genevan eta Buenos Airesen, besteak beste. Aipamen berezia merezi dute “Pensar la imagen”, “Metamorfosis de la mirada”, “La mirada plural” saiakera lanek eta “Robert Bresson” eta “Orson Welles” monografiek. Bere irakaskuntza eta saiakeragile lanarekin batera, hainbat egunkaritan idazten du, eta zutabe bat du Cahiers du Cinema / Caimán Cuadernos de Cine argitalpenean. Horrez gain, zinerako hainbat gidoi idatzi ditu.

2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago hurbildu dira solasaldietara. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturarekin bat egiteko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin jende aurreko solasaldiak eginez.

Joan den 2017an hauek izan ziren “Eztabaidak Literaturarekin” programan parte hartu zutenak: Arantxa Urretabizkaia eta Asier Serrano, Suso de Toro eta Màrius Serra, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi, Miguel Sánchez – Ostiz eta Miguel Gutiérrez Garitano, Luisa Etxenike eta Marian Izaguirre, Julia Otxoa eta Edurne Portela, Mariasun Landa eta Bernardo Atxaga, Luis Sepúlveda eta Isaac Rosa, Ana Merino eta Manuel Vilas, eta Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetariek eman zioten amaiera urteari.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistikoaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.