BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK ASTEARTEAN EKINGO DIO “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” EGITARAUARI, ARANTXA URRETABIZKAIA ETA ASIER SERRANO ELKARTUKO DITUEN EUSKAL LITERATURAREN BI BELAUNALDIRI BURUZKO TOPAKETAREKIN

Goizalde Landabaso kazetariak moderatuko duen hitzordua arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin. (Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.eus).

“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko solasaldiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udalaren ekimenak, euskal literaturari egingo zaion begirada baten bitartez emango dio hasiera hamabigarren edizioari, datorren asteartean. URTARRILAREN 16an, euskaraz egingo den “Euskal literatura: Bi begirada, bi belaunaldi” saioarekin, bi belaunaldi ordezkatzen dituzten bi egilerekin, Arantxa Urretabizkaia eta Asier Serrano.

Horrela, Bidebarrieta Kulturguneko “Eztabaidak Literaturarekin” egitasmoak asteartean ekingo dio berriro letrekin duen hileroko hitzorduari, eta Arantxa Urretabizkaia idazlearekin eta Asier Serrano idazle eta musikariarekin egingo du, biak ere 2017ko Euskadi Literatur Saridunak, euskarazko saiakera (Bidean ikasia) eta literatura (Linbotarrak) modalitateetan, hurrenez hurren. Ohikoa denez, topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Oraingo honetan, Goizalde Landabaso idazle eta kazetaria arituko da moderatzaile gisa.

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) euskal letra garaikideetako figura azpimarragarrienetakoa da. Historian Lizentziatua eta Euskaltzaindiako kidea, hainbat komunikabidetan aritzen da. 1972an argitaratu zuen San Pedro bezperaren ondokoak poema luzearekin egin zen ezaguna literaturaren arloan. Hamar urte geroago Kritikaren Sari Nazionala irabazi zuen bere bigarren poema liburuarengatik, Maitasunaren magalean.

Narratzaile gisa haur eta gazte literatura landu ditu, eta zenbait eleberri ere idatzi ditu. Zinerako gidoiak ere idatzi ditu, Albaniako konkista, Lauaxeta eta Zergatik Panpox filmeenak, besteak beste, azken hori, izen bereko bere eleberriaren pantaila handirako moldaketa. Saiakera Euskadi Saria irabazi duen Bidean ikasia saiakera lanean, Hondarribiko alardearen (Gipuzkoa) kronika eta lekukotza lazgarria eskaintzen du.

Idazle eta musikari izateaz gain, euskal literatura irakasle ere baden Asier Serrano (Eibar, 1975) oso gaztetan hasi zen poesia idazten, eta letragile eta abeslari gisa, azpimarragarria da Lorelei eta EH Sukarra taldeetan egin duen lana. Kontakizunak, poemak, eleberriak eta antzezlanak idatzi ditu, eta iaz Euskadi Literatur Saria irabazi zuen Linbotarrak poesia liburuarekin. Bertan, gizartearen poesiazko freskoa eskaintzen du, ukitu surrealistekin eta pop-aren eta poesia filosofikoaren eraginekin.

2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago hurbildu dira solasaldietara. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin jende aurreko solasaldiak eginez.

Joan den 2017an hauek izan ziren “Eztabaidak Literaturarekin” programan parte hartu zutenak: Gabriela Ybarra eta Carlos Pardo, Xabier Olarra eta Harkaitz Cano, Mayte Carrasco eta Álvaro Colomer, Lucien Etxezaharreta eta Lander Garro, Gabi Martínez eta Patxi Irurzun, Toti Martínez de Lezea eta José Luis Corral, Mikel Martínez eta Patxo Telleria, Lorenzo Silva eta Carme Riera, Elvira Navarro eta Iban Zaldua, eta Fernando eta Luis Marías anaiak.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistikoaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.